Natalia Salazar Orbe
Ura zan gizona ura. Hala hasten da Joanes Oñatiko baserritarraren bizimodua gipuzkeraz jasotzen duen Txomin Agirreren Garoa eleberria. Bizkaiko euskaldun zaharrak euskalduntzeko bitarteko bat ere bazen. Derioko ikastaroak ditu gogoan Igone Etxebarria Labayru ikastegiko kide, idazle eta euskaltzain urgazleak. Garoa eta egile beraren Kresala erabiltzen zituzten txikitan egin ezin izan zuten alfabetatze prozesua gauzatzeko. Esaldi hura irakurri, eta ezin ulertuta geratu ziren bera eta ikaskideak. “Hori zer da ba gero?”, galdetzen zuten. Gaur egun egoera hori pentsaezina da. Orduz geroztik bide luzea egin du-eta euskara batuaren eta euskalkien arteko elkarbizitzak. 50 urte dira euskara estandarizatu zenetik. Oraindik ere, ordea, ez da desagertu bakoitzari zein leku dagokion edota zein den jatorragoa eta hobea ebatzi nahi duen eztabaida. Euskalkien ordez, ez dagokien lekuan nagusitzen ari diren azpieuskalkien eta sukalkien arriskuei buruz ere mintzatu da Xabier Amuriza bertsolaria: “Hortik Babel dorrera goaz”. Mende erdian bizkaierak, batuak, euskarak egin duen bidea aztertu dute biek.
Erditze zaila izan zuen batuak. Aspaldikoa zen Euskal Herriko hizkerak batean biltzeko nahia. Beharra agerikoa zen. Saiakerak ere egin ziren lehenago. Amurizak argi du. Eta argi izan zuen garai hartan ere: “Euskaldunen komunitate osoan hizkuntza nazional baten eredu bat derrigorra zen”. Etxebarria ere bat dator; beharrezkoa zen: “Elkar ulertzeko eta liburuen edizio bakarra egin ahal izateko kezka edo ardura hori aspaldikoa zen”.
Hezkuntza arautuak ahalbidetzen ez zuen alfabetatzea beste bide batzuetatik landu zuten herritar askok. Etxebarriak gogoan du: “Ume sasoian gazteleraz ikasi nuen, euskaraz ikasteko aukerarik ez zegoen eta”. Kili Kili argitalpena zabaldu zuten orduan. 1960ko hamarkada zen. “Ume euskaldunak alfabetatzeko koadernoak ziren. Etxean hartzen nituen, eta horiek beteta ikasten genuen idazten eta irakurtzen. Gureak bizkaieraz ziren, baina Gipuzkoan, Iparraldean zein Nafarroan bertsio desberdinak argitaratzen zituzten. Hori ez da praktikoa”. Ezinbestekoa zen, beraz, haren ustez, estandarizazioa. “Liburuak, idazkiak eta abar irakaskuntzara ekarri nahi izanez gero eta hizkuntza normal bat izan gura izanez gero, batu beharra derrigorra zen”.
Denak datoz bat behar horretan. Baina duela 50 urte kontrako jarrerak ere baziren. Amurizak azaldu du: “Zalaparta handiak izan ziren. Ezetz. Baietz. Baiezkoaren aldekoak sutsu samarrak ginen. Muzin handia ere bazegoen, ordea”.
Ezbaiz betetako sorrera
Egoera irudikatu beharra dago. Sara (Lapurdi), Elizondo (Nafarroa) eta Oiartzungo (Gipuzkoa) euskarek osatutako ardatza hartu zen euskara batuaren muin bezala. Minduta eta baztertuta sentitu ziren, hala, erdigune horretatik kanpo geratu ziren euskaldunak.
Eztabaida sutsuen protagonista bilakatu zen euskara, eta batuak hartuko zuen forma eta arauak adostea ez zen izan nolanahiko lana. Hegoaldean, alfabetoak h hizkia barne hartu behar ote zuen eztabaidatu zuten. Besteak beste, baita Bizkaian ere. Amurizak gogora ekarri duenez, “gauza barregarri eta erridikulu asko ere izan ziren. Orain, barregarriak ematen dute, baina, orduan, istilu sutsuak piztu ziren”.
Etxebarriak azaldu du bestelako arrazoiak ere izan zituztela sorburu errezelo haiek. “Bizkaieratik baino gipuzkeratik hurbilagokoa da batuak hartu zuen aditz sistema. Beraz, errezeloa sortu zen tronkaltzat hartu ziren aditz sistema eta grafia bizkaieratik urrun zeudelako”. Eztabaida haiek hizkuntzaren eremutik harago joan ziren. “Jokabide politikoek ere bat egin zuten bataren edo bestearen alde: modernotasuna eta tradizionala zer zen sartu zen eztabaidan. Gauza asko nahastu ziren. Dena den, nik uste dut ezinegon gehien eman zuena izan zela batasunerako bizkaieratik urrunago geratzen den sistema aukeratu izanak”. Kultura, politika eta ideologia alorrak eztabaida horretan nahastu zirela ekarri du gogora.
Amurizak azaldu du bizkaierazko aditzarekin fusioa egin ez izanaren arrazoia: “Bizkaierazko aditza da desberdinena beste euskalkietatik. Hor ezin da fusioa egin”. Gainerakoan bizkaierak ekarpen handiak egin zituela eta batua aberastu zuela —eta aberasten duela— sinetsita dago.
Ezinegon horren inguruan, Bizkaian bi joera sortu ziren. Labayruko kideak gogoratu ditu. Bata, ikastegiak berak hartu zuena: “Bizkaieraren bidea hartu zuen, baina abiapuntu bezala, batasunera heltzeko”. Dakigunetik ez dakigunera. Euskara bizitik idatzira. Bizkaieratik batura. Hala zioen Mikel Zarateren abestiak. Eta bide hori da, hain justu, Labayruk hartu zuena: “Jende euskalduna zegoen, euskara berezkoa, etxekoa, zuena. Jende horri tresnak eta estrategiak eman behar zitzaizkion eurek erabiltzen zuten euskara hori alfabetatzeko eta idatziz jasotzeko. Idatzizko eredu bat ematea zen asmoa, alegia”.
Adibideak ere eman ditu: “Esangotzut esaten badut nik, bizkaiera alfabetatuan esango deutsut esango dugu. Esango deutsut zer den ulertuta, esango dizut-erako pausoa ematea erraza da. Ulertu duzu sistema zer-nolakoa den, eta sistema bera da batuan ere”.
Euskara batuari soilik jarraitu ziotenek hartu zuten Etxebarriak aipatzen zuen bigarren bidea: “‘Batuan, esango dizut esaten da, eta esangotzut txarto dago’, zabaldu zuten”. Joera batean zein bestean, muturreko jarrerak ere izan ziren: “Bestearena txartzat jotzen zutenena. Gaizki ulertuak eta gauzak muturrera eramateak ere gertatu ziren”. Bi joera desberdinok ikusten ditu oraindik, gaur egun. Baina aurrerapausoak eman direla ezin du ukatu: “‘Ura zan gizona ura’ irakurtzen duenak badaki zeri buruz ari garen”.
Hizkuntza bat idatzizko eta ahozko erregistroek osatzen dute. Eta hankamotz nabari du Amurizak batua horietako batean. “Hizkera garrantzitsuagoa da komunitate batean kohesioa egiteko, eta babelismo antzeko bat ikusten dut hizkera aldetik”, aitortu du. Etxebarriak aipatutako fonetismoen bidetik mintzatu da bera ere. Baieztapen irmoa egin du: “Ahozkotasunean euskalkiak desagertu egin dira”. Eta zehaztu: “Eusalkiei buruz ari naiz, ez sukalkiei buruz. Jendeak orain irratietan eta telebistan etxeko hizkera egiten du. Hortik nora goaz?”. Euskalkiak bost direla ekarri du gogora, “ez 500”: mendebaldekoa, erdialdekoa, nafarra, nafar-lapurtarra eta zuberotarra. Erregistroak zaindu behar direla uste du berak. Jendaurrean, lagun artean ez bada, jasoaren edo landuaren aldeko hautua defendatu du. “Horixe delakoan hizkuntza bizia eta freskoa, askok eta askok egiten du etxeko hizkera maila jasoa egin behar den lekuetan. Alde horretatik, hizkeran atzera egin dugu”. Euskalkia ez ezagutzeak eramaten du, haren ustez, jende asko hautu hori hartzera. Baina ez da bidea. “Euskalkia ez badakizu, egin ezazu batua, hizkuntza jasoa. Bada ez. Orain badirudi idatzi ere berba egiten den moduan egiten dela: Datorren zapatun ixango da erromerixi eta antzekoak irakur daitezke karteletan, esaterako. Hori kontrakulturala da”. Idatziz fonetismo horiek hartzea atzerapausotzat jo du Etxebarriak ere.
Erreferente diren ahotsek komunikabideetan, jendaurrean, euskara jasoa erabili behar dutela uste du Amurizak: batua zein euskalkia. “Batua idatzizkoan erabiltzen dugu idazleok eta bestek. Baina badirudi hizkuntza akademiko moduan gelditu dela, eskoletan, irakaskuntzan, eta abarretan”. Lagun artetik eta etxeko girotik kanpo hitzak osorik erabiltzearen aldekoa da, fonetismorik gabe.
Bizkaieraren ekarpena
Batuaren eta bizkaieraren arteko lehiak alde batera uztearen alde azaldu dira bata eta bestea. Etxebarria: “Ez dira aparteko gauza bi; biak dira euskara. Hizkuntza bakarra da”. Euskara baturik ez dago euskalkirik gabe, haren ustez. “Denetatik aukera batzuk egiten dira, baina hizkuntza bakarra da. Ezin da erabili bata bestearen kontra, gauza desberdinak balira bezala, espainola eta frantsesa legez. Gurean gorputz bera dira-eta bata eta bestea”.
Batasuna eta ulerkortasuna bermatze aldera hitz batzuk lehenetsi badira ere, batuak jaso jaso dituela ekarri du gogora. Besteak beste, asteko egunak edo hilen izenak. “Euskara bizian bizi garen neurrian, batuak ezin ditu baztertu. Dena jasotzen du”. Beste horrenbeste morfologiari dagokionean. “Guk amagaz esango dugu, eta batuaz, amarekin. Kode orokor batean amarekin erabiliko dugu, baina amagaz ere euskara da; aberasgarriago egiteko modua besterik ez da”.
Amurizaren esanetan, lexikoari dagokionez egin du ekarpen handia bizkaierak. Idazleek eta erabiltzaileek dute afera horretan egiteko garrantzitsua. “Bizkaitarrok batzuetan kokoloak gara. Pentsatzen dugu bukatu esanez gero batuaz ari garela eta bizkaieraz eginez gero, amaitu esan behar dugula. Baina horiek biak dira gureak, euskaldunenak. Euskara batuan ere esan daiteke amaitu“.
Adibideak ugariak dira. Bizkaierak aberasteko aukera eskaini arren batuan gutxitan erabiltzen den hitzik ere badago: neba, esaterako. “Bizkaitik kanpoko idazle gutxiri entzungo diozu neba esaten. Bizkaieraren ekarpen bat izan daiteke. Bizkaian gero eta hedatuago dago, ordea, neba-ren ordez anaia erabiltzea, neska batekiko ahaidetasunari erreferentzia egiteko ere. Zer egingo diogu bada, geu bagara kokoloak?”. Bizkaierazko berba egokia bada, hori erabiltzearen alde egin du; beste euskalki batekoa hobe ikusten bada, bestekoa. “Aurreiritzirik ez da izan behar, konfiantza izan behar da norbere berbekiko”.
Non erabili bata, non bestea. Horren zail ez du ikusten bertsolariak. “Bizkaiera jasoan hitz eginez gero, Euskal Herri osoan ulertuko zaituzte. Iparraldeko edozeinek berbak osorik eta jasoan esaten ditu; fonetismorik barik. Eta hitz batzuk kenduta, ulertu egiten zaio. Bizkaian, aldiz, batak batera egiten du, besteak bestera… Denok hala hasten bagara, akabo gure euskalkia”.
Etxebarriak nahastuta ikusten ditu biak, bat eginda. “Bizkaiera egiten dugunean, batuaz egiten dugunean moduko hainbat berba, joskera eta esamolde erabiltzen ditugu. Batasunaren zati handia eginda dago. Gero eta zailagoa da bereiztea. Gerora begira badago zer ibili, baina erabiliz. Erabiltzen bada, batasuna berez egingo da”.
Biak datoz bat: gorputz bereko atalak besterik ez dira batua eta bizkaiera. Elkarrekin hazten eta elkarrengandik aberasten jarraitzen duten atalak.