Ainhoa Larrabe Arnaiz
Bukatu da atsedenaldia, opor garaia. Gogoz, nagi edo urduri, bizkar zorroa prestatu, eta ikasgeletarako bidea hartu dute milaka haur eta gaztek egunotan. Zirriborroz beteko dira laster zuriz gordetako kaierak, eta testuliburuek ere berehala galduko dute lehen egunean izan ohi duten berri usaina. Ia hiru hilabete oporretan eman ondoren, abiatu da 2018-2019ko ikasturtea; eta, gaurdanik, etxeko lanez lepo dabil hezkuntzaren eremua. Lan baldintzen eremuan eta etorkizuneko hezkuntza ereduaren definizioari dagokionez, egiteko ugari ditu Eusko Jaurlaritzak aurtengo ikasturtean.
Korapilatsuak izan dira azken urteak hezkuntzaren esparruan, eta ikusteko dago hasi berri den ikasturtearen urak bareago datozen. 2016tik, hainbat lan gatazka izan dira irakaskuntza publikoan: hezkuntza berezian, Haurreskola partzuergoan, garbiketan eta sukaldean, eta irakasleen artean ere bai, hainbat protesta eta greba egin dituzte azken bi urteetan, lan baldintzak hobetu daitezen eta Jaurlaritzari hezkuntzaren eremua “lehentasunen artean” koka dezala eskatzeko. Jaurlaritzak eta ELA ez beste sindikatu guztiek gatazka bukatzeko oinarriak zehaztu zituzten joan den ikasturtea bukatzear zegoela.
Hezkuntza sistema publikoko beharginen lan baldintzak hobetzeko “abiapuntua” da lortutako akordioa LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuentzat; eta, hortaz, ikusteko dago adostutako oinarriak nola garatzen diren datozen hilabeteetan. Lantaldea sendotzea, ordezkapenak lehen egunetik egitea eta irakasleen egonkortasuna bermatzeko neurriak hartzea azaltzen da, besteak beste, akordioaren oinarrian.
Sare publikoan ez ezik, itunpekoetan ere protestak egin zituzten joan den ikasturtean. Kristau Eskola, IZEA, Ikasgintza eta elizbarrutiko ikastetxeetako lan hitzarmena berritzeko protestak egin zituzten ELAk, Steilasek, LABek, CCOOk eta UGTk, eta akordiorik gabe daude oraindik ere. Hortaz, pentsatzekoa da hasi berri den ikasturtean eskaera berei eutsi eta protestekin jarraituko dutela langileek.
Lan gatazken auziez harago, hezkuntza ereduari buruzko eztabaida gori-gori dago egun. Duela 25 urtetik indarrean dagoen Euskal Eskola Publikoaren Legea (EEPL) ordezkatzeko prozedura abiatu zuen duela bi urte Jaurlaritzak, eta Akordioaren oinarriak izeneko dokumentua aurkeztu zuen Hezkuntza Sailak otsailean. Euskal hezkuntza sistemaren eredua “berriro pentsatu eta formulatu” behar dela uste du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, eta hainbat adituren ekarpenekin osatu du hezkuntza akordioa erdiestea helburu duen txostena. Bost ardatz nagusi ditu: hizkuntzak, bizikidetza, ebaluazioa, modernizazioa eta autonomia.
EAEko Eskola Kontseiluaren esku geratu zen dokumentua ondoren, partaide diren eragileek hura aztertu eta proposamenak egiteko. Kontseiluaren babesa jaso zuen maiatzean, eta dokumentuarekin behin betiko txostena osatuko du Jaurlaritzak orain, gerora Eusko Legebiltzarrak lege proiektua garatu dezan. Edonola ere, azpimarratzekoa da kontseiluan ez zuela erabateko adostasunik izan, sindikatuetako ordezkariek eta EHIGE sare publikoko guraso elkarteak aurkako botoa eman baitzuten. Oro har, dokumentua adosteko erabilitako prozedura kritikatu dute eragileek.
LABen arabera, “gogoeta estrategikoa” falta zaio itunari. Eta hizkuntzaren auzia jarri du adibide gisa: euskarazko B2 maila jartzen du helburu itunak, baina ezinbestekotzat du EEPL legearekin ezarritako hizkuntza ereduen sistema gainditzea. ELAk ez du eztabaidan parte hartu, prozesuari hasieratik “berme demokratikoa falta” izan zaiola argudiatuta. Steilasen arabera, berriz, proposamena ez da “benetako akordio bat”, inondik ere. Eta, CCOO sindikatuarentzat, “hezkuntza komunitatearen” babesa falta zaio dokumentuari.
Hezkuntza eragileen artean, orotariko iritziak sortu ditu Hezkuntza Sailaren proposamenak. Elkarteen iritziekin egindako elkarrizketa sorta bat argitaratu zuen otsailean BERRIAk. Laburrean: Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak begi onez ikusi du Jaurlaritzaren proposamena, baina publikotasunari buruzko eztabaida falta dela azpimarratu du. Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzaileak gaitzetsi egin du hezkuntza ereduaren eta sistema publiko eta pribatuen zeregina eztabaidatik kanpo utzi izana. Imazen arabera, “adostasun faltsua” agertu nahi du Jaurlaritzak, oinarrizkoak diren gaiak landu gabe utzita.
Mikel Ormazabal Kristau Eskolako zuzendari nagusiaren hitzetan, “asmo adierazpena” da Hezkuntza Sailak osatutako dokumentua, eta titulartasun ezberdina duten ikastetxeen autonomia aldarrikatu du. Sortzen elkarteko Olatz Egigurenen esanetan, “abiapuntu okerra” izan du Jaurlaritzaren gogoeta prozesuak, egungo hezkuntza eredua “hobetzeko” asmoa duelako, eta ez hura “eraldatzekoa”. Heize Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioko kidearen iritziz, abiapuntu egokia da Jaurlaritzak ondu duen dokumentua, baina diagnostikoa egitea falta dela nabarmendu du.
Hik Hasiko ordezkari den Joxe Mari Auzmendirentzat, porrot egin du 1993ko legeak, eta, Jaurlaritzaren proposamenetik harago, hausnarketa sakona egiteko premia nabari du. Kalitatezko hezkuntza bermatzeko zoru pedagogiko eta etikoa: hezkuntza hobetzeko gakoak dokumentua aurkeztu zuen Hik Hasik 2017ko abenduan. Hezkuntza sistema hobetzeko proposamenak jaso zituzten dokumentuan, hiru ardatz oinarri gisa hartuta: publikotasuna, autonomia eta elkarlana. Herri hezitzailea kontzeptuari tiraka, elkarteak beharrezkotzat jotzen du hezkuntza mugimenduak, herrietako eragileek eta udalek heziketa prozesuan parte hartzea. Argitaratu zuenetik hona, hainbat herritan aurkeztu dute dokumentua.
Oro har, hezkuntza sareen auzia da eztabaidagai nagusia: ikastetxe publiko eta pribatuen funtzioa eta finantzaketa. Zerbitzu publikoa eskaintzen duten heinean, Hezkuntza Sailaren menpeko ikastetxeek adinako babesa izan behar dutela uste dute itunpeko eragileek. Eta, horretarako, publikotasunaren definizioa berritzea beharrezkoa dela uste dute, baita finantzaketa sistema berregituratzea ere. Hezkuntza sistema publikoko eragileen iritziz, aldiz, eskola publikoak izan behar du etorkizuneko hezkuntza sistemaren ardatza.
Euskal Eskola Publikoaren Legea izan zen, neurri handi batean, bi sareen arteko arrakala sakontzeko mugarria. Legearen helburua zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza sarea antolatu eta eskola publikoa eta itunpeko eskola pribatua baino ez egotea. Baina polemika handia eragin zuen prozesuak, frankismoaren garaian herri ekimenetik sortutako eta euskarazko irakaskuntza oinarri zuten ikastolak publikotasunaren eta pribatutasunaren artean hautatzera behartu zituelako legeak.
Oro har, nahiko parekatuta dago bi sareen arteko banaketa: Eusko Jaurlaritzak emandako azken datuen arabera, joan den ikasturtean 173.469 ikasle izan ziren Bizkaian; horietatik, %48,4 sare publikoan aritu ziren, eta, %51,6, pribatuan. Hau da, sare pribatuko zentroetan dago gaur egun Bizkaiko ikasle gehien.
Ziklo guztietan dago joera berbera: 2017-2018ko behin-behineko aurrematrikulazio datuak aintzat hartuz gero, iaz, eskolatutako 3-5 urte bitarteko bizkaitarren %49,7 ikastetxe publikoetan izan ziren, eta %50,3, aldiz, pribatuetan. Antzeko datuak jaso ziren Lehen Hezkuntzako zikloan ere —6 eta 11 urte bitarteko gazteak—: %49,5 ikaslek egin zuten matrikula sare publikoan, eta %50,5ek pribatuan. DBHk du bi sareen arteko alderik handiena —12 eta 15 urte bitarteko gazteak—: %45,5ek zentro publikoetan izena eman zuten , eta %54,5ek jo zuten pribatuetara. Batxilergoari dagokionez —16 urtetik gorako ikasleak—, %48,2 matrikulatu ziren zentro publikoetan, eta %51,8, berriz, ikastetxe pribatuetan. Antzeko datuak jaso ziren Lanbide Heziketako ikasketen aurrematrikulazioan: %48,4k eman zuten izena zentro publikoetan, eta%51,6k jo zuten pribatura.
Errealitatea konplexuagoa da, ordea, sare publikoaren eta pribatuaren arteko banaketari sare pribatuan dagoen titulartasun aniztasuna gehitu behar baitzaio. Lehen Hezkuntzako zikloa aztertuta ikus daiteke lurraldeko irakaskuntzaren osaera konplexua. Bizkaian, 270 zentrotan eskaintzen da Lehen Hezkuntza, eta ikastetxe kopuruari begiratuz gero, nahikoa orekatua da titulartasun publikoa eta pribatua dutenen arteko kopurua: 270 zentroetatik 166 dira sare publikokoak, eta 104 sare pribatukoak. Nolanahi ere, azpimarratzekoa da ikasle gehiago biltzen dela zentro pribatuetan, publikoetan baino.
Hala berresten du Euskadiko Eskola Kontseiluak bi urtean behin hezkuntzaren egoerari buruz argitaratzen duen txostenak. 2016-2017ko ikasturteko datuei erreparatuta, 64.813 ikasleetatik %47,7k publikoetan eman zuten izena, eta %52,6k, berriz, itunpekoetan.
Bada, Bizkaian, Lehen Hezkuntza eskaintzen duten 104 ikastetxeen arteko gehienak kristauak dira. Honako hau litzateke zentroen banaketa zehatza, Jaurlaritzak bildutako datuen arabera: Kristau Eskolako 51 ikastetxe, Elizbarrutiko 10 ikastetxe, Ikastolen Elkarteko 19, Eusko Ikastolen Batzako 7 —horien arteko 5 Elizbarrutien Elkartean ere badaude—, IZEA Irakaskuntza Zentro Autonomoen Elkarteko 3, Ikasgintza Irakaskuntza Eleanitzaren Kooperatiben Federazioko 7 zentro, Erkide elkarteko 1, Opus elkarteari lotutako 3, eta bestelako jabetza duten 7 ikastetxe —atzerrikoak dira gehienak, eta atzerriko estatuetako hezkuntza curriculuma dute: ikastetxe alemaniarra, ingelesa…—.
Bizkaiko sare pribatuak du A ereduaren ehunekorik handiena: 2016-2017ko ikasturtean, ikasleen %10,6 matrikulatu ziren irakaskuntza osoa gaztelaniaz egiten den ereduan. D ereduari dagokionez, sare publikoan, %92,4k egin dute euskarazko ereduaren alde, eta irakaskuntza pribatuan, berriz, %48,8koa da matrikulazioa. Antzeko egoera dago Haur Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ere. Nabarmentzekoak dira DBHn jasotako datuak: sare pribatuan, %39,5 matrikulatu ziren euskarazko ereduan, eta %60,5, berriz, A eta B ereduetan. Sare publikoan ere, ziklo horretan daude D ereduaren kopururik murritzenak: %87.
Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBHko datuak bilduz gero, hauxe litzateke Bizkaiko hezkuntzaren mapa, eredu eta sareen arabera banatuta: D eredu publikoan aritzen dira %43, B eredu publikoan %23,6, D eredu pribatuan %22,4, A eredu pribatuan %6,5, B eredu publikoan %2,7, eta A eredu publikoan %1,8.
Hezkuntza ereduen gaia ere mahai gainean jarri dute eragileek, Eusko Jaurlaritzak osatutako proposamenean ez baitute inolako aldaketarik aurreikusten hezkuntza sistema hizkuntza ereduen arabera antolatzeko bidean. Eta azken urtean argitaratu diren azterketek agerian utzi dituzte sistemaren mugak. Aztiker ikerketa taldeak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hizkuntza ereduen bilakaera aztertzen duen txosten bat aurkeztu zuen otsailean. Euskal Herrian Euskaraz taldearen enkarguz osatu zuten Hezkuntza esparrua eta euskalduntzea EAEn (1983-2016) ikerketa, eta ondorioztatu dute ereduen sistema martxan jarri zenetik eskolatik pasatu diren 206.000 lagunek ez dakitela euskaraz; etxean euskara ikasi dutenak kenduz gero (82.000), eskolara joandako erdiek badakite, eta beste erdiek ez.
Bide beretik, 2017ko ebaluazio diagnostikoaren emaitzak aurkeztu zituen ISEI Irakats-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko erakundeak ekainean, eta ohartarazi zuen “moteltzen” ari dela ikasleen euskalduntzea. Ebaluazio diagnostikoan jasotako emaitzen arabera, DBHko bigarren mailako ikasleen %45ek ez dute erreferentziazko euskara maila —B2 maila edo EGAren aurreko maila—, eta D ereduan ere, hirutik batek baino gehiagok ez dute lortzen beharrezko maila hori.
Horra datorren ikasturtean argitu beharreko beste gakoetako bat: derrigorrezko eskolaldia amaitzean ikasleak B2 maila izateko helburua jasoa du Jaurlaritzak Akordioaren oinarriak txostenean, baina oraindik ez du zehaztu zer-nolako neurriak hartuko diren helburu hori lortze aldera. Bestalde, hizkuntza ereduen sistema agortuta dagoela uste dute hezkuntza eragile eta sindikatuek, eta eztabaida horri ere heldu behar izango dio Hezkuntza Sailak.
Azkenaldian bolo-bolo dabil segregazioaren gaia. Izan ere, migratzaileen seme-alabak eskola jakin batzuetan pilatzen direla salatu dute hainbat eragilek. Euskadiko Eskola Kontseiluak gai hori landu du argitaratu berri duen txosten batean, eta, jasotako datuen arabera, Bizkaian 11.818 ziren 2016-2017ko ikasturtean. Horien artetik %61,2k sare publikoko zentroetan ikasi zuten, eta %38,8k, berriz, ikastetxe pribatuetan. Sareen artean desorekak nabari ditu kontseiluak, baina baita sareen barnean ere. Hau da: oro har, zentro publikoek hartzen dituzte migratzaileen seme-alabak, baina, publikoen barruan, eskola batzuetan hartzen dituzte. Kontseiluaren arabera, ikasleen %7 dira guraso migranteen seme-alabak: 26.556. Eta hirutik bi sare publikoan daude. Nolanahi ere, eskola publikoen erdietan baino gehiagotan ez dira %10era iristen.
Antzeko analisia egin du Save The Children elkarteak Nahastu nirekin. Segregazio sozioekonomikotik hezkuntza inklusibora txostenean. Ikastetxeetako segregazioak gora egin duela dio erakunde horrek, eta “ghettoak” sortzen ari direla.
Ezbairik gabe, eztabaida sortu du gaiak. Eta, norabide horretan, Zubiak Eraikiz plataformak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetatik “eskola segregazioa” desagerrarazteko herri ekinbide legegile bat aurkeztu du Jaurlaritzan. Ikusteko dago proposamenak zer bide urratuko duen.
Bizkaian, ikasleak sexuaren arabera banatzen dituen lau zentro laguntzen ditu diruz Jaurlaritzak, Opus Dei elkarteari lotutakoak denak: Bilboko Arangoya ikastetxea, Leioako Gaztelueta, Loiuko Ayade eta Muniabe. Orotara, 8.713.033 euroko laguntza jaso dute joan den ikasturtean.
Hain zuzen, itun hori kentzeko mozio bat aurkeztu zuten abenduan EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek legebiltzarrean, baina proposamenaren aurka azaldu ziren EAJ, PSE, PP. Ikastetxe sarearen parte izanik laguntzak jasotzeko eskubidea dutela argudiatu zuten hiru alderdiek.