“Ez dugu sinisten inposatutako proiektu erraldoi honetan”

“Ez dugu sinisten inposatutako proiektu erraldoi honetan”

Natalia Salazar Orbe

Urte luzez geldi egon ostean, lurperatutako trenbidearen eremurako aurreikusitako proiektuaren prozesua orain udalak azkartu egin duela salatu du Durangoko Erabaki plataformak. Horko kidea da Mikel Uriguena (Durango, 1984). Herrian inoiz egin den “proiekturik handiena” izanik, herritarren iritzia kontuan hartu behar dutela deritzo.

Noiz eta zergatik sortu zenuten Erabaki plataforma?

Apirilean sortu zen. Durangoko herritar talde plural bat elkartu ginen tren geltoki zaharra bota zutenean. Geltokia ez botatzeko eskatu genuen, baina ez genuen lortu. Horrek kezka sortu zuen. Ikusi genuen eremu horretarako proiektua aurrera joango zela. Ezjakintasuna nagusi zen: ez genekien zer egingo zuten bertan, urteetan hainbat iritzi entzun dira eta. Giro horretan sortu zen.

Zurrumurru asko egon dira trenbidea lurperatzearen ondorioz hutsik geratu den eremurako zegoen proiektuari buruz, baina orain baieztatu dira asmoak. Zein da proiektua?

Aurreko astean Hirigintza Batzordea izan zen. Gero, udalak sinatu egin zuen Euskal Trenbide Sareak proposatutako proiektua: 18 solairuko bost dorre eta babes ofizialeko eraikin bat aurreikusi dituzte. Hori da arreta handiena ematen duena. Hala ere, eraikin horiez gain, bide bat eta biribilgune bat ere egingo dituzte. Kontua da proiektua onartu dutela jada.

Trenbidea lurperatu zenetik bost urte pasatu dira. Orain obrak martxan jartzeko prozesua azkartu egin al da?

1999an hasi ziren proiektu honi buruz hitz egiten. 2006an proiektu bat onartu zuten. Gero, trena lurperatzen hasi ziren, eta 2012an bukatu zituzten lanak. Durangarrontzat berri ona izan zen, urte luzez erdibituta izan baitugu herria. Trena pasatzen zen ordu erdian behin, hesiak jaisten zituzten, trafikoa gerarazten… Hala ere, hasierako proiektuak aurreikusten zuen Eusko Trenen egoitza nagusia bertan jarriko zutela, geltoki berriarekin batera. Lehiaketa publikora atera zuten proiektua. Zaha Hadid arkitektoak irabazi zuen: berak diseinatu zuen geltoki berria. Baina, gero, krisi ekonomikoa iritsi zen, proiektuak ez zuen egin aurrera, eta geldi geratu zen. Urte hauetan guztietan ez dugu jakin zer gertatuko den. Denetarik entzun da; besteak beste, parke bat egingo zutela eta dorreen proiektua bertan behera geratu zela. Orain, bat-batean, berriz ere sustatu dute proiektua. Harrituta gaude zein azkar egin dituzten gauzak hainbeste urtez ezjakintasun honetan egon ostean.

Ez zaudete ados proiektuarekin. Zergatik?

Oso proiektu inportantea da, herrigunean dagoelako, gastu ekonomiko izugarri handia dakarrelako eta Durangoren etorkizuna baldintzatzen duelako, erabat. Herri honen historian planteatu den proiekturik handiena da. Uste dugu ez dagoela era horretako proiektu baten beharrik. Dena den, aztertu egin beharko litzateke herriak zein behar duen. Horregatik jaso ditugu sinadurak: uste dugulako proiektu hau gelditu egin behar dela, eta durangarron artean erabaki zer nahi dugun egin. Bakoitzak geure iritzia daukagu, baina ez dugu sinisten inposatutako era honetako proiektu erraldoi batean. Ez dugu ulertzen zertan egiten dion on herriari eta zeintzuk interes dauden hor atzean. Hori argitzea nahiko genuke, ez baita egon batere informazio garbirik.

3.000tik gora sinadura jaso dituzue. Zer gertatuko da sinadura horiekin guztiekin?

Herri mailan galdeketak egiteko herritarren %10en sinadurak behar direla dioen legea [tokian tokiko erakundeen 2/2016 legearen 80.4 artikulua] kontuan hartuta egin dugu bilketa. 3.033 sinadura aurkeztu ditugu. Horrekin batera, eskatu dugu martxan dagoen proiektua bertan behera gera dadila edo gutxienez geldiaraz dezatela, eta hortik aurrera hastea denon artean ikusten zeintzuk diren beharrak. Alegia, benetan behar al ditugu 600dik gora etxebizitza herrian 1.800 etxebizitza inguru hutsik egonik? Errepide bat nahi al dugu herri erdian, urte askotan zehar herria bitan banatuta izan eta gero? Mila galdera daude airean. Udalak herritarrak ordezkatzen ditu, eta entzun egin behar ditu. Oraintxe ez da ari entzuten.

Udalak galdeketa egitea onartu du, baina, aldi berean, Euskal Trenbide Sarearen planarekin jarraituko du. Zer deritzozue erabaki horri?

Aurreko asteko osoko bilkuran ehun lagun inguru elkartu ziren aretoan. Udalak mozio alternatiboa aurkeztu zuen: batetik, plana onartu zuen, eta, bestetik, galdeketa egiteko asmoari eutsi zion. Ez dakiguna da horrek zer dakarren eta zer galdetuko diguten. Alegia, ez dugu nahi soilik galde diezaguten jarriko dituzten zuhaitzak espezie batekoak edo bestekoak izatea nahi dugun. Proiektuaren osotasunari buruz erabaki nahi dugu. Udalak parte hartzea eta gardentasuna aintzatesten dituen saria jaso du. Harro erakutsi dute, baina gero ez da islatzen errealitatean. Ezaugarri horiek dituen udal bat balitz, eseri eta entzun egin beharko lituzkete herritarrak. Gero, bakoitzak berak nahi duen proiektua defenda dezake. Baina ez da egon herritarrak entzuteko ahaleginik, ezta azalpen gardenik ere. Plataforma sortu zen, gauzak aurrera joan dira, eta zortzi egunean Eusko Jaurlaritzak plana aurkeztu dio Durangoko Udalari, eta sinatu egin dute. Eta teorian ez zekiten ezer.

Udalak esan du planari oniritzia eman ezean prebarikazioa egingo luketela.

Hala azaldu zuen Hirigintza zinegotziak. Guk zalantzak dauzkagu hori egia dela. Izan ere, proiektua onartu zutenean, trenbidea lurperatu ostean sei hilabeteko epean bete behar ziren urbanizazio lanak teorian, eta ez dira egin. Beraz, ez dugu uste Eusko Jaurlaritzak ezer egingo duenik Durangoko Udalaren kontra. Gainera, galdeketari oniritzia eman badiote, euren asmoa izango da galdetzea, esaterako, leku jakin batean errepide bat edo bidegorri bat jartzea nahi dugun. Hori galdetzerik badago, zergatik ezin dute galdetu dorreei buruz? Zergatik gauza batzuk eztabaida daitezke eta beste batzuk ez? Kontua da eurek nahi duten ala ez. Ez dute izan asmorik proiektua geldiarazteko, baina orain artean defendatu ere ez dute egin. Erantzukizuna Jaurlaritzari egozten diote, eurek izango ez balute legez.

Orain zer bideri ekingo diozue?

Oso garai txarra da. Esango nuke nahita egin zituztela uztailaren 17an eta 18an Hirigintza Batzordea eta osoko bilkura, kontuan hartuta jende gehiena oporretan dagoela. Aste honetan batzartu eta erabakiko dugu zein bide hartu eta zer egin. Ez dakigu proiektu honekin ezer lortuko dugun, baina pozik gaude oso epe laburrean sinadura mordoa jaso dugulako eta jendea kezkatzen duen gai bat delako. Honek dinamika bat abiatu du, eta jendea hasi da parte hartzen eta iritzia azaldu nahian. Udalak herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak izan arren, ikusten da askotan ez dituztela hartzen kontuan. Badirudi herritarrongandik nahi dutena dela lau urtean behin botoa ematea eta gero lau urtez isilik geratzea. Ez da bidezkoa. Herritarrok badauzkagu gauzak planteatzeko, arazoak bertatik bertara bizi ditugu eta.