Ebaluazioaren ebaluazioa

Ebaluazioaren ebaluazioa

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Azterketa garaia izan ohi da ekaina Euskal Herriko ikastetxeetan; ikasturteari zenbakia ezartzeko sasoia. Nahiko, bikain ala ondo; bost, bederatzi eta zazpi. Gero eta gehiago dira gaur egungo ebaluazio eredua zalantzan jarri eta kalifikazio sistema bertan behera uzteko eskatzen duten adituak. “Ebaluazioak, oro har, zertan hobetu behar den ezagutzeko balio behar du, eta baita hobekuntza horretarako zer bitarteko jarri behar diren erabakitzeko ere. Pertsonarengan eragina duen testuinguruaren ebaluazioa egitea beharrezkoa da, orain arteko kalifikazio sistema bertan behera utziz, une oro ikasleen autonomia zainduz eta autoebaluazioa landuz”. Hala dio Hik Hasi elkarteak, hezkuntza arloko dozenaka adituren ekarpenekin batera, heziketa hobetzeko osatutako proposamenak.

Harago doa eztabaida, ordea. Tokian toki, gelaz gela eta irakasgaiz irakasgai, ikasleei egiten zaizkien azterketez gain, kanpotik diseinatutako bestelako proba batzuk ezarri dituzte aurten ere: martxotik hona, PISAko azterketak eta Heziberrik eta LOMCEk marraztutako ebaluazioak egitekoak zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 138 zentrotan. Horietatik 78, Bizkaian. “Kanpotik ezarritako azterketak” direla argudiatuta, planto egitea erabaki dute Bizkaiko hainbat eskolatako ikasleek. Katea ez da eten oraindik, datorren asteazkenetik ostiralera bitarte unibertsitatera sartzeko hautaprobak egingo baitituzte milaka bizkaitarrek. Kate luze baten azken katebegia izango da datorren astekoa.

Orotara, sei mailatan egin dituzte azterketak martxoa eta maiatza bitartean, eta lau azterketa mota dira ezarritakoak. Bat: ISEI Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko erakundeak ebaluazio diagnostikoak egin ditu Lehen Hezkuntzako 4. mailan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailan. Bi: LOMCE eta Heziberriren ezarpenaren ondorioz jarritako kanpo ebaluazioak, LHko 6. mailan eta DBHko 4. mailan. Hiru: PISAko probak, 2002an jaiotako 15 urteko gazteei. Eta laugarrena eta azkena: datozen egunetan, hilaren 6tik 8ra egingo den unibertsitatera sartzeko hautaproba edo lehen selektibitatea izenez ezaguna zena.

Kanpo ebaluazioei “planto”

Otsailean iragarri zuen Hezkuntza Plataformen Topaguneak “azterketa eta errebaliden lasterketa” zetorrela. Eta ISEIren ebaluazio probak ez ezik gainontzeko guztiak ere ikastetxeetatik kanpo diseinatutako probak direla argudiatuta, horiei planto egiteko deia egin zuten plataformako kideek: LOMCEk eta Heziberrik zehaztutako LH 6ko eta DBH 4ko probak zein PISAko azterketak ez egitera animatu zituzten ikastetxe zein ikasleak.

Ikasle Abertzaleak taldeak proba horietan parte ez hartzeko deia egin du ikasleen artean, “azterketa arrotzak” direla argudiatuta. Intsumisio gida ere sortu du erakundeak; proben aurretik eta egunean bertan zer egin azaltzen dute bertan. Halaber, Ikasleok Zorrotz dinamika aurkeztu zuten urtarrilaren bukaeran Bizkaiko dozenaka ikaslek. Lurraldeko ikastetxeetako azterketa “arrotzei” planto egiteko kanpaina egin dute dinamikan bildutako gazteek ere.

PISA egin duten ikastetxe berberetan egin behar zituzten LOMCE eta Heziberriko probak, Bizkaiko 73 zentro ingurutan. Ez dituzte programatutako guztietan egin, ordea, aztertzaileak agertu orduko azterketetan parte ez hartzea erabaki baitute hainbat zentrotan. Romo Artatza institutuan, Algortako Aixerrota zentroan, Santurtziko Axular ikastetxean, Portugaleteko Asti Lekun, Sestaoko Anglea Figera eta Saturninon, Basauriko Uribarri ikastetxean, Ondarroako Zubi Zahar herri ikastolan, Santutxuko Karmelo ikastolan eta Luis Briñas ikastetxean, esaterako, plantoak egin dituzte. Denek aipatu dute argudio bera: “Kanpotik inposatutako azterketak” dira bai PISArenak eta baita LOMCE eta Heziberrik zehaztutakoak ere.

Ikasle zein herritarrek egindako mobilizazioetan, tokian tokiko hezkuntza ereduaren alde aurrerapausoak egitea beharrezkoa dela aldarrikatu dute. Bilboko Santutxu auzoko mobilizazioak dira, guztien artean, esanguratsuenak. Karmelo ikastolak eta Luis Briñas ikastetxeak bildu eta eskola eremutik harago doazen sareak josi dituzte: ikasleak, gurasoak, ikastetxeak eta, oro har, auzokideak bildu dituzte kanpo azterketen kontrako ekitaldietan.

Ikastetxetik auzora jauzi

Duela hiru ikasturte jarri zuten lehen hazia Santutxun. Hala azaldu du Patxi Gundin Karmelo ikastolako gurasoak. “Heziberriren bidez LOMCE ezarri nahi zutela konturatzean, haren kontrako kanpaina abiatu genuen Karmelo ikastolako hainbat gurasok, gaiarekiko genuen kezkatik tiraka. Lan batzorde mistoa osatu genuen gaia jorratzeko, zentroko irakasleekin batera, eta ikasleek ere parte hartu dute azkenaldiko batzordeetan. Euskal Herriko beste herri askotan baino beranduago hasi ginen lanean; izan ere, ordurako, Ezkerraldean eta Gasteizen lanean zen Hezkuntza Topaguneen Plataforma”. Haiekin harremanetan jarri ondoren erabaki zuten dinamikara gehitzea, eta auzoko hezkuntza komunitatea josten aritu dira ordutik.

Ikastetxetik auzora egin zuten jauzi. “Luis Briñaseko gurasoekin harremanetan jarri eta zubiak eraikitzen hasi ginen berehala”. Hezkuntza eremuan izandako murrizketen harira hainbat mobilizazio eginak zituzten Luis Briñas ikastetxean, eta berehala jarri ziren bi zentroetako kideak elkarlanean. Basarrateko plaza dute elkargune eta sinbolo: bertan atera zuen hezkuntza komunitateak lehen argazkia, duela hiru ikasturte. Martxoan berriz hartu zuten plaza. “Ez ditugu egingo LOMCEk inposatu eta Heziberrik arautzen dituen kanpo azterketa horiek”. Karmelo ikastolari DBHko 4. mailako ebaluazioa eta PISAko azterketak egitea zegokion, eta LHko 6. mailakoa Luis Briñas ikastetxeari.

Auzoko eragile eta elkarteekin elkarlanean aritu dira aurtengoan. Gundin: “Martxoaren 20an, giza katea egin genuen Luis Briñas ikastetxean, LHko 6. mailako azterketaren plantoaren auzia ahalik eta gehien zabaltzeko”. Apirilaren 20an ere kalejira egin zuten auzoan zehar. “Karmelo ikastolaren txanda iritsi zen gero. Maiatzaren 3an, 15 urteko gazteei PISAko azterketak egitera etorri ziren aztertzaileak”. Ikasleak prest ziren ordurako. “%100ean egin zen planto”. Maiatzaren 17an, DBHko 4. mailako proba egitera joan ziren aztertzaileak, baina ikasleek planto egin zioten horri ere. “Bi egun lehenago, hilaren 15ean, giza katea egin genuen auzoan, eta azterketa egunean elkarretaratzea egin zen”.

Gainontzeko herrietan bezala, Santutxuko auzokideek “inposizio” gisa definitzen dituzte azterketa horiek. Hezkuntza komunitatetik kanpo adostu diren probak dira, Gundinen arabera, eta argudio hori bera nahikoa da horien aurka egiteko. Hezkuntza eredua non eta zertarako zehazten den dago auziaren oinarrian.

Azterketen ezaugarriak

Zer dira eta zer neurtzen dute, zehazki, probek? OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak bultzatzen du PISA, eta nazioartean sona handia izan ohi dute probaren emaitzekin osatzen dituzten rankingek, herrialde zein autonomia erkidekoen hezkuntza sistemaren “kalitatearen” neurgailu gisa hartzen baitira emaitzak. 15 urteko gazteei egiten zaie azterketa, hiru urtean behin, eta hiru aztergai nagusi ditu: irakurmena, matematika eta zientziak. Aldi bakoitzean, arlo bat hartzen dute lehentasunezko gisa, nahiz eta besteak ere neurtzen dituzten; 2018koan, irakurmena izan da gai nagusia. Orotara, nazioarteko 80 estatuk parte hartu dute azterketa horietan.

2015ean egindako probetan emaitza kaxkarrak jaso ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta alarmak piztu zituen Jaurlaritzak. Egoera iraultzeko neurriak ere iragarri zituen. Kasualitatez edo ez, urtarrilean, irakurketa plana osatu zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak; hain zuzen, PISAko azterketa egin behar den urte berean eta irakurmena gai nagusia denean. Oro har, kritika asko egiten zaizkio PISAri. Askoren iritziz, heziketa helburuak baino gehiago, xede ekonomikoak gordetzen ditu OCDEk bultzatzen duen probak, eta hezkuntza sistemak norabide zehatz bat hartzera bideratzen ditu hiru urterik behin kaleratutako rankingekin.

LOMCE eta Heziberrik zehaztutako ebaluazio sisteman, berriz, lau azterketa ageri dira, eta, batxilergo bukaerakoa izan ezik, eragin akademikorik gabeak dira denak. LHko 6. mailako eta DBHko 4. mailakoak dira aurten egin dituztenak, baina DBHko 3. mailan ere egin zituzten iaz, hainbat ikastetxetan. Ikasle zein ikastetxe askok erabaki zuten azterketa ez egitea.

Euskara, Gaztelania, Ingelesa, Matematika eta Zientziak neurtzen dituzte LHko 3. eta LHko 6. mailako azterketek. DBHko 4. mailakoek, berriz, Euskara, Gaztelania, Ingelesa, Geografia eta Historia, Matematika, eta ikasle bakoitzak hautatutako adarreko bi ikasgai.

LOMCE legeak hasieran definitutako errebaliden proposamenetik geratzen diren hondarrak dira proba horiek. “Azterketa nazional” gisa aurkeztu zituen errebalidak PPk, eta LOMCE legearen bizkarrezurra ziren. Hala, azterketen bidez, edukien kontrolean are gehiago esku hartzeko baliabideak ziren errebalidak Espainiako Hezkuntza Ministerioarentzat. Baina oposizioa sortu zuen proposamenak, eta atzera egin du PPk; hasierako errebalida horiek eragin akademikorik ez duten azterketa gisa utzi dituzte.

Adituek diote gaur egungo ebaluazio sistemak sailkatu egiten dituela haur eta gazteak, eta gero eta gehiagotan esaten da gaiari heltzeko beharra dagoela. Azken urteetan, ebaluazio ereduari buruzko hausnarketa eta aldaketa eske dabiltza Euskal Herriko hezkuntza eragileak zein sindikatuak, eta ildo beretik jotzen du Hik Hasi taldeak ere hezkuntza hobetzeko egin duen proposamenean. Hala dio: “Hautaprobak edota selektibitatea bezalako probak kentzea, ikasketa prozesua modu desegokian baldintzatzen dutelako”.

Unibertsitatera sartzekoak

Kate luze baten azken katebegia izango da datorren astea batxilergoa bukatu eta unibertsitatera joan nahi duten ikasleentzat. Asteazkenean hasiko dute unibertsitatera sartzeko proba. Bi fase ditu: orokorra, bost ikasgaitako probekin; eta borondatezkoa, nota igotzeko balio duena. Lehenengo zatian bost azterketa egingo dituzte: Euskara eta Literatura; Gaztelania eta Literatura; Azterriko Hizkuntza; Espainiako Historia; eta batxilergoko adarrari dagokion irakasgai baten azterketa. Uztailaren 4tik 6ra bitartean egingo dituzte bigarren deialdiko azterketak.

Historikoki, azterketa eredu horren aurka azaldu da ikasle mugimendua, batxilergoko heziketa prozesua azterketa horiek gainditzeari begira bideratzea eragiten duelako.