Bilbo osora hedatu da Euskaraldia prestatzeko konpromisoa

Bilbo osora hedatu da Euskaraldia prestatzeko konpromisoa

Natalia Salazar Orbe

Euskaldunen hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara erabiltzeko ariketa bat: horixe proposatzen du Euskaraldiak. Eta konpromiso horrekin bat egin du Bilbok ere. Hiriko euskaltzaleen mugimenduak, udalak eta hainbat entitatetako ordezkariek bat egin dute proiektu bera gauzatzeko indar metaketa horretan. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean herritarrei ahobizi eta belarriprest izateko deia egin diete, Euskaraldirako Bilbon darabiltzaten prestaketa lanen berri ematean: 11 egun euskaraz bizitzeko erronka hori abiapuntua besterik izan ez dadin.

Atxikimenduen zerrenda zabala eta askotarikoa lortu dute orain arte, eta astetik astera luzatuz doa. Hiriko auzo gehienetan sortu dituzte lantaldeak. Haien izenean mintzatu zen Igor Velez Otxarkoagako Euskaraldiko batzordeko kidea astearte iluntzean, eragile eta erakundeen ordezkariek elkarrekin egin zuten aurkezpenean. 2015az geroztik, hainbat euskaltzalek indarrak batu eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ekinaldi bateratua antolatu zuten auzoan. Hala, Euskaraldiaren berri izan zutenean, berehala egin zuten bat proiektuarekin.

“Herritik sortutako herri ekimen” gisa definitu duen proiektuaren filosofia auzoz auzo zabaltzeko arrazoia ere eman du: “Badakigulako elkarlana, saretzea eta nork bere inguru naturalean eragitea ezinbestekoak direla ahalik eta bilbotar gehienengana heltzeko”.

Abusu, Zazpikaleak, Santutxu, Uribarri, Indautxu, Deustu, San Inazio, Altamira, Otxarkoaga, Miribilla, Irala, Errekalde eta Bilbo Zaharra dira, besteak beste, atxikimendua eman duten auzoak.

Lehen berba, euskaraz

Euskaldun gehien duen hiria da Bilbo. Hala ekarri zuen gogora aurkezpenean Juan Mari Aburto alkateak. Hala ere, uste du ez dela konformatu behar bilbotarren ia erdiek euskaraz “ondo” edo “nahiko ondo” egitearekin. “Herritar euskaldunek euskara lehenengo komunikazio hizkuntza gisa erabiltzea lortu behar dugu: lehen berba, euskaraz”.

Proiektuan zeintzuk konpromiso hartuko dituen ez zuen zehaztu, baina herritar guztiak deitu zituen “egunero-egunero euskaraz gehiago egitera, denon artean Bilbo gero eta euskaldunagoa izatea lor dezakegulako”. Ahobizi eta belarriprest rolen bidez, herritar denek batera euskara elkarbizitzarako hizkuntza dela erakusteko prest azaldu da, “errespetuz eta ilusioz beterik”.

Auzoak, instituzioak eta entitateak: hiru ardatz horietan banatu dute Euskaraldiaren zabalkundea Bilbon. Entitateen adarrean, aukera askotarikoa dute. Besteak beste, atxikimendua agertu dute Mutualiak, Mondragon, BAM eta Deustuko unibertsitateek eta El Corte Inglesek. Deustuko Unibertsitateko Eleaniztasun zuzendari Sara Muñiozgurenek argi du norbanakoaren hautua eta konpromisoa dela euskararen erabileraren alde apustu egitea. “Hala ere, hautu hori egingarri izateko, ingurune abegikorra ere nahitaezkoa dugu, euskaraz beldur gabe eta lasaitasunez hitz egin ahal izateko”.

Hori dela eta, “funtsezko” iritzi dio Euskaraldia egunerokoaren parte diren esparru guztietara iristeari: “Eskolara, unibertsitatera, lanera, osasun zentroetara, merkataritza guneetara, aisialdiko ekimenetara…”. Dei egin die enpresei, kirol taldeei, kultur elkarteei, sindikatuei, denei, Euskaraldira batu daitezen.

Euskaltegien, hainbat ikastetxe eta ikastolaren eta Osakidetzako langile askoren babesa ere lortu dute. Besteak beste, AEK-k, Elkarlan taldeak, Bilbo osoko hezkuntza zentro publikoek eta Urretxindorra, Abusu, Kirikiño, Lauro eta Begoñazpi ikastolek bat egin dute.

Eragile eta entitate horiek guztiak kontuan hartuta, Irati Erkizia Bilboko Euskaraldiko talde eragileko kideak esan du “proiektuak euskaltzaleen indarrak metatu” eta “batera jokatzeko” aukera eman duela. “Antolaketan, auzoz auzoko dinamikak eta hainbat sektoretakoak —hezkuntza, aisialdia, merkataritza, enpresak, konpartsak euskaltegiak eta beste—, Bilboko Udalaren babesarekin batera, hiri osora zabaltzeko aukera eskainiko du”.

Hala ere, Bilboko Euskaraldiaren koordinatzaile Iñaki Etxarrik argi utzi du Bilbon aspalditik dagoela mugimendu euskaltzale handia. “Euskaraldia ez da etorri euskara salbatzera. Bilbon bazeuden euskara taldeak eta euskalgintza indartsua. Euskaraldiak eman duena da tresna bat dinamika honen inguruan lan egiteko. Espero dugu emaitza batzuk emango dituela aurrera begira lanean jarraitzeko”. Udazkeneko 11 egunek etorkizunerako hazia erein dezaten.