“Esklabo bihurtzen duzu zeure burua”

Peru Azpillaga

Asteetako kontua izan da. Baina, egun batetik bestera, Bilboko eta inguruetako herrietako kaleak, koloretako motxiladun banatzailez bete dira. Bizikletaz zein motoz, pertsona asko hasi dira, azkenaldian, Glovo bezalako enpresentzat lanean. Enpresa horiek lan mundua eraldatu dute egunetik gauera. Ordutegi malguen eta norbera bere lanaren jabe izatearen argudioarekin, langile mota berri bat sortu dute: autonomo faltsuak.

Enpresa horientzako lan egiten duten banatzaile edo raider-ak autonomoak dira berez; hots, ez daude enpresaren izenean kontratatuta, eta, beraz, enpresak ez die inolako eskubiderik bermatu behar: langileek eurek jartzen dute bizikleta edo motorra, autonomo moduan izena ematen dute, gerta daitezkeen gorabehera guztien gaineko erantzukizuna hartzen dute, eta euren gastuei aurre egin behar diete, besteak beste, BEZari eta gasolinari.

Horrek prekarizazio larria ekarri du langileen artean, eta, hori dela eta, hainbat tokitan, antolatzea eta euren eskubideen alde borrokatzea erabaki dute. Eratsu Muñoz Garciak (Bilbo, 1972), hainbat astetan lanean ibili ostean, istripu bat izan zuen, eta, orduan, inolako babes eta bermerik gabe topatu zuen bere burua: gaixo baimena lortzeko eskubiderik eta ordainsaririk gabe.

Nolatan hasi zinen Glovorentzat lanean?

Lehendik beste enpresa batzuentzat ibilia nintzen banatzaile lanetan. Baneukan Glovo bezalako enpresen jardunaren berri, eta, Bilbon ere martxan hasi zenean, aukera ona izan zitekeela pentsatu nuen. Irailaren 25ean ekin nion lanari, eta hasieran azaldutako baldintzek onak ziruditen: sei euroko berme minimoa eskaintzen ziguten banaketa bakoitzaren truke, eta, horretaz gain, gehigarri bat eskariaren arabera. Ni egunean hamar ordu lan egiteko prest nengoen, eta, beraz, 60 euro lortuko nituen gutxienez. Arazoa istripua izandakoan heldu zen.

Zenbat ordaintzen dizute bidaia bakoitzeko?

Lehen, sei euro ziren bidaia bakoitzeko, baina, orain, duten eskari guztia ikusita, hori murriztu egin dute. Egun, bi euro eta erdi ordaintzen dizute bidaiarengatik, eta 0’75 euroko gehigarria egindako kilometro lineal bakoitzeko. Beraz, soilik banaketa egiteagatik ordaintzen dizute; berdin du zenbat ordu sartzen dituzun. Gainera, esperientzia puntuak esleitzen dizkizute, eta horiek baldintzatzen dute lan orduak aukeratzeko lehentasuna, eta baita aukeratua izateko posibilitateak ere. Hasieran ez duzu ia irabazirik, lan egiten dituzun orduekin eta ordaindu beharreko gastuekin ezinezkoa baita. Horregatik saiatu behar duzu ahalik eta ordu gehien sartzen, esperientzia irabazi eta gehiago lan egin ahal izateko; auto esplotazioa, azken finean…

Zelan esleitzen dira esperientzia puntuak?

Zeure buruaren esklabo bihurtzen zara. Lankideekin lehiatzera bultzatzen zaituzte, eta hor beti dituzu galtzeko aukera guztiak. Norberak besteek baino banaketa gehiago egin nahi ditu, rankingean gora egiteko; McDonald’s-era bazoaz, kanpoan ematen dugun itxura penagarria da. Gainera, asteburuetan lan egiteagatik, esperientzia puntu gehiago ematen dituzte; beraz, aurrera egin nahi baduzu, asteburuetan lan egitera kondenatuta zaude, bestela beti egongo baitzara azken lekuan. Zenbat eta esperientzia handiagoa izan, ordutegi zabalagoa duzu, eta orduan aukera ditzakezu zure lan orduak; bestela apenas duzun tarterik, eta tokatzen zaizunarekin konformatu behar duzu.

Zein da enpresaren egitekoa?

Haiek aplikazioa jartzen dute, eta jatetxearen eta bezeroaren arteko bitartekaritza egiten. %30 eramaten dute eskari bakoitzaren truke; bai bezeroak ordaindutako kopurutik —gure irabaziak—, eta baita jatetxearen irabazietatik ere. Horretaz gain, kontratatutako langilerik ez dutenez, apenas duten gasturik, nik ordaintzen baitut nire gasolina eta nire kuota.

Posible da lanean aurrera egin eta baldintza onak izatea?

Nik, adibidez, hasieran ordu asko sartu nituen rankingean gora egiteko eta, horrela, baldintza hobeak izateko. Ezagutzen dut dirua irabazten ari den jendea, baina zeren truke? Jendeak ez du kontuan hartzen zenbat ordu lan egiten dituen eta zenbateko gastuak dituen. Kalkuluak eginda konturatzen zara dirua irabazi arren orduko miseria bat kobratzen duzula. Inork ez ditu bi urte baino gehiago ematen lanean; jende mordoa dago lan egiteko prest, eta, beraz, horretaz baliatzen dira. Istripu bat baduzu, niri gertatu zitzaidan bezala, galduta zaude.

Zer-nolako erantzuna jaso zenuen istripua izan ostean?

Autonomoa naizenez, haiek ez zuten inongo ardurarik hartu. Gainera, lan egiten ez nuenez, rankingean behera egin nuen nabarmen. Laneko gaixo agiria nuen arren, inork ez zidan ezer ordaintzen, eta autonomo kuota ordaintzen jarraitzeak ez zeukan zentzurik. Zazpi hilabete daramatzat errehabilitaziora joaten, humeroa apurtu bainuen. Egun jasotzen dudan 400 euroko subsidio bati esker irauten dut.