2015etik 500.000 euroren galerak pilatu ditu Bilboko zezen plazak

2015etik 500.000 euroren galerak pilatu ditu Bilboko zezen plazak

Peru Azpillaga

1962. urtean eraiki zen Bilboko Vista Alegre zezen plaza, hain zuzen ere, aurrekoa erre egin zelako. Zezen plazetako giroa famatua izan da beti, eta kronikariek ezin hobeto islatu izan dute hori. Bilboko plazan, ordea, Aste Nagusiko egunak kenduta, isiltasuna da nagusi urte osoan, eta plazako 14.725 jesarlekuek ez dute ia zamarik jasaten. Aste Nagusiko zezenketez gain, plazan jada ez da ia ekintzarik antolatzen, eta urtez urte, gero eta diru gehiago galtzen ari da kudeaketan. Horretaz gain, denboraren poderioz, geroz eta egoera txarragoan dago, eta aurrera begira, beharrezkoa izango da obrak egitea.

Kudeaketa erdia, udalarena

Udalak du espazioa kudeatzeko arduraren %50, eta, Aste Nagusiko zezenketek duten “arrakasta” aldarrikatzen duen arren, 216.595 euroren galerak izan ditu hondarrak aurtengo agintaldian; azken urteetako emaitzarik txarrena. Plazak, beraz, urteak joan ahala, geroz eta kalte handiagoa eragiten dio udaleko diru kutxari. Hain zuzen ere, 2015etik milioi erdiko defizita pilatu du.

Hori dela eta, Bilboko Udalak lehiaketa publiko bat antolatzea erabaki du, zezen plazaren kudeaketa enpresa baten esku uzteko. Ricardo Barkala alkateordearen arabera, egungo kudeaketa eredua “zaharkituta” geratu da: “Lehiaketa publikoaren bidez, urtean ekintza gehiago egitea sustatu nahi dugu, eta baita plazaren inguru guztia dinamizatzea ere”.

Udalak, gainera, adierazi du Aste Nagusian egiten diren zezenketek etekin ekonomikoak ematen dituztela beti. Urteko jardun eskasak, ordea, defizitarioa bihurtzen dute plaza. Horiek horrela, Aste Nagusiko zezenketa horiek mantentzea izango da lehiaketa publikora aurkeztuko diren proiektuek bete beharko duten baldintzetako bat. Lizitazio epea 2018ko zezenketak baino lehen aurkeztuko dute, eta kudeaketaren adjudikazioa urrirako aurreikusten dute.

Barkalak jakinarazi duenez, lehiaketara aurkeztuko diren enpresek hainbat baldintza bete beharko dituzte: gutxieneko diru inbertsio bat egin beharko dute, besteak beste, plazan egin behar diren egokitzapenak kudeatzeko; hainbat ekitaldi egingo direla ziurtatu beharko dute, eta kudeaketa onuragarria izango dela bermatu.

Zezenketen alde eta kontra

Erabaki hori dela eta, erantzun desberdinak jaso ditu Bilboko Udalak. Alde batetik, PPk eta PSEk erabakia txalotu eta babestu dute, eta plazaren kudeaketak aldaketa bat behar zuela adierazi. Bestalde, EH Bilduko, Goazen-eko eta Udalberriko ordezkariek kritika zorrotza egin diote egitasmoari, eta zezenketak amaitzeko eskatu dute.

Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduren bozeramaileak salatu du zezen plaza “zulo ekonomikoa” dela, eta Aste Nagusiko zezenketek duten arrakasta ere zalantzan jarri du. Ibaibarriagaren esanetan, joan den urtean 20.000 euro jarri ziren Gizarte Ekintzatik sarrerak erosteko, eta, horretaz gain, beste 16.000 euro gastatu ziren EAJko, PSEko eta PPko zinegotzientzat sarrerak erosteko. “Guztira, ia 40.000 euro jarri dituzte diru publikotik plazako kontuak makillatzeko. Ezin dute esan ez dagoela finantzaketa publikorik”. Horregatik ondorioztatu du laguntza horiek gabe zezen plaza irekita mantentzea “ezinezkoa” litzatekeela.

Antzera mintzatu dira Goazen eta Udalberriko bozeramaileak, eta, datuak “eskandalagarriak” direla adierazteaz gain, zezenketak bukatzeko eskatu dute. Zezen plaza Bilboko erdigunearen ondoan dago kokatuta, ekintza publiko gutxi jasotzen dituen auzo batean. Horregatik, hirurek eskatu dute plaza beste ekintza mota baterako erabiltzea, zezenketak albo batera utziz eta herritarrak erdigunean jarriz.