Maiatzarekin batera, iritsi dira udaberriko bertso saioak Santutxura

Maiatzarekin batera, iritsi dira udaberriko bertso saioak Santutxura

Aitziber Laskibar Lizarribar

Egonkortua dago, kasik ohitura bihurtuta. Bilbo inguruko bertsozaleek badakite, egutegian nabarmendu behar izanik gabe, udaberriarekin batera hitzordu garrantzitsuak dituztela Santutxun asteburuetan. Iritsi da puntako bertsolariek osatuko dituzten emanaldi sorta. Bihar abiatuko da Udabarriko Bertso Saioak programa, 34. aldiz. Eta Santutxuko Bertso Eskolak Bilboko Udalarekin antolatzen dituen emanaldietan, lehen lerroko bertsolariak arituko dira esker onekoa izaten den plazan.

Kalean izango dira saio guztiak: maiatzeko lehen hiru larunbatetan Karmelo plazan kantatuko dute launa bertsolarik, eta ostiralez izango da azken emanaldia. Kasu horretan, auzoan zehar ibiliko dira bertsolariak eta jarraitzaileak, bertso-poteoan.

Lehen eguneko partaideei erreparatzeak berak agerian uzten du programaren maila: Maialen Lujanbio Euskal Herriko txapeldun nagusia Sustrai Colinarekin, Oihana Bartrarekin eta Etxahun Lekuerekin arituko da. Ipar Euskal Herriko bertsolari txapelduna da Colina, eta Euskal Herriko Txapelketa Nagusian bost bider finalista izandakoa. Lekue, Bizkaiko txapelduna da. Etxean arituko da Bartra; irakasle eta itzultzaile santutxuarra Bizkaiko txapelketako finalista izandakoa da.

Hurrengo saioa maiatzaren 12an izango da, larunbateko saio guztiak bezala 13:00etan hasita. Euskal Herriko txapeldun nagusi lau aldiz izan den Andoni Egaña buru, beste txapeldun nagusi bat ere izango da Santutxun egun horretan: 2013an Euskal Herriko txapel handia jaso zuen Amets Arzallus. Igor Elortzak eta Jone Uriak osatuko dute laukotea.

Karmelo plazan jarriko den oholtzan egingo den hirugarren saioa maiatzaren 19an izango da. Bertsolaritzaren mailarik gorenera iritsi ez arren, herrialdeetako finaletan parte hartu duten lau ahots elkartuko dira ohiko bertso saio itxura izango duen azken emanaldian: Uxue Alberdi, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi eta Ibon Ajuria.

Hileko azken asteburuko bertso saioa maiatzaren 25ean izango da: ostiral iluntzean. Eta ez da Karmeloko plazako oholtzan izango. Herritarren artean nahastuko dira bertsolariak, eta alde batetik bestera ibiliko dira auzoan zehar. Bertso-poteoa egingo dute: Kuluxkan hasi, eta Dacca, Aintzi, Baztertxu eta Mahats Berri tabernak igaroko dituzte.

Santutxuko Bertso Eskolan urtetan ibilita, etxean bezala arituko da Arkaitz Estiballes. Aspaldiko lagun bat izango du ondoan: Estiballesekin saio asko eginak dituen Onintza Enbeita. Elkarri adar-jotzen aritzeko bikote apropos horren hirugarren hanka ere emakumea izango da; emakumea eta gaztea, azken txapelketan erakutsi duen maila handiak etorkizun oparoa iradokitzen duena: Nerea Ibarzabal.

Hain zuzen, emakumeen aldeko apustua egin dute aurtengo programazioan: Udaberriko Bertso Saioak egitarauan parte hartuko duten bertsolarien %40 emakumeak izango dira. Eta, kontutan hartu behar da, azken urteetan andreen presentzia nabarmen handitu den arren, oraindik %15 inguru baino ez direla izaten bertsotan publikoki aritzen direnetan emakumeak.

Santutxuko Bertso Eskola beteranoak Bilbon urte luzetan egin duen eta oraindik ere egiten duen lana aitortzeko baliatuko dute programa sustatzaileek, eta euskal kultura eta hizkuntza sustatzeko, zein euskaltzaleen topagunea sortzeko ere bai.