Birziklatzearen sarea josten

Birziklatzearen sarea josten

Nerea Bedialauneta Alkorta

Baxurako arrantzaleek erabiltzen dituzten sare soberakinei bestelako erabilpen bat ematen aritu dira Ondarroako saregileak. Gordeta dituzten eta erabilgarriak ez diren zatiekin, izan ere, erosketetarako poltsa berrerabilgarriak egin dituzte herrian geratzen diren azken bost saregileek. Zaborrik onena sortzen ez dena dela esaten du esaera zahar batek, eta buru-belarri aritu dira horretan Josune Badiola, Maite Burgoa, Garbiñe Garalde, Maria Jose Aramaio eta Guruzne Badiola. “Daukagunarekin aritu gara egiten poltsak. Garrantzitsuena birziklatzea denez, soberan ditugun sare zatiak erabili ditugu honetarako”, adierazi dute.

Plastikozko poltsarik gabeko herria izateko erronka aitzindariari heldu dio Zarautzek (Gipuzkoa), eta kanpaina horren barruan ari dira lanean. Plastikozko poltsak ordezkatu nahi dituzte, eta plastikoaren ordez, beste material edo alternatiba batzuk erabiltzea bultzatuko dute. Zarauzko Udalak poltsak herriko dendetan banatzeko asmoa du. Hiru motatako poltsak banatuko dira, eta, horien artean, Ondarroan egindako sarezkoak egongo dira.

Boskote ondarrutarra, hain zuzen ere, Gipuzkoako udalerriak Emausekin batera elkarlanean bultzatu duen #Traolan kanpainaren barruan egindako enkarguari erantzuten aritu da. 1.500 poltsa egiteko eskaera jaso zuten, horiek, gero, Zarauzko hainbat dendatan banatzeko. Saregileak buru belarri aritu dira joste lanetan azken egunotan, eta amaitu berri dute enkargua. 1.500 poltsak egin dituzte dagoeneko, eta lehenbailehen bidali nahi dituzte Zarautza.

Poltsek, gainera, beste alternatiba batzurekin alderatuta, ez dute leku askorik hartzen, pisu gutxi dute, elastikoak eta sendoak dira, eta edonon erraz eramatekoak. Poltsak, zehatz esanda, prozesu jasangarria erabilita josi dituzte, eskuz eta era tradizionalean; sare zatiak eta haria erabili dituzte soilik. “Pieza bakarrak dira. Sare mota askotako soberakinak ditugunez, poltsa guztiek ez dute berdin-berdinak irteten. Batzuk handiagoak izango dira, eta beste batzuk, beharbada, gorputz gutxiago izango dute. Gutxi gorabehera, ahalik eta poltsa berdintsuenak egiten saiatzen gara. Sare zati bakoitzak duen begi kopuruaren eta neurriaren arabera josi ditugu poltsak, eta guztiak antzeko neurrikoak badira ere, ez dira berdinak”. Sare zatiak hainbat koloretakoak direnez, poltsak ere desberdinak dira kolore aldetik.

Saregile bakoitzak era indibidualean josi ditu poltsak. Sareak, bestalde, era berezi batean moztu behar direla azaldu dute, eta ostean, ehun zati hori josten aritu dira harik eta mandatuetako poltsa baten itxura eman arte.

Baina, nabarmendu dutenez, beharrik gehien poltsak egiteko sare ehuna mozteak eman die. “Denbora gehien horretan eman dugu. Sarea ez da beste edozein ehun bezala mozten. Kasu honetan begiak zenbatu behar dira. Alderdi bateko begiak beste alderdiagaz bat etorri behar dira, begiz begi josi ahal izateko. Begi guztiak berdin moztu behar dira; bestelakoan, gauzak ez luke ondo irtengo. Beti zenbatzen joan behar zara. Eta josi ahala ere, uneoro zenbatzen joan behar zara; horrek bere denbora behar du”.

Kanpaina bete-betean

Iazko urte amaieran jaso zuten Emausen deia, eta urte hasieran hasi ziren sareak josten. “Berez, beste gauza baterako deitu ziguten, baina azkenean poltsen gaiak irten zuen mahai gainera. Berbetan ari ginela, sareagaz hainbat gauza egin daitezkeela aipatu genien. Eta aspaldi poltsak ere eginda geundela azaldu genien”.

Emauseko arduradunei Ondarroako saregileek emandako ideia asko gustatu zitzaien, eta eurekin jarri ziren berriro harremanetan. “Ideia interesgarria zela esan ziguten, eta poltsetako bat bidaltzeko eskatu ziguten. Aurretik ere antzerako proiektu bat egin genuen Berrizko bizilagun batek eskatuta, eta, haietako poltsa bat gordeta genuenez, bidali egin genien”. Poltsa jaso ostean, Emausekoak Ondarroako saregileekin jarri ziren berriro harremanetan, proiektuarekiko interesa adierazteko. “Zarauzko Udala ere birziklatzearen inguruko ekimen bat prestatzen ari zela esan ziguten. Eta plastikozko poltsen ordez birziklatutako materialak erabilitako alternatiba bat behar zutenez, gurea egokia iruditu zitzaien”.

Emauseko kideek proiektua interesgarria zela esan bazieten ere, ez zieten beste ezer zehaztu, eta antxoeta eta berdeleta gain-gainean zituztela ikusita, saregileak haiekin jarri ziren berriro harremanetan. “Enkargua ahalik eta arinen egitea interesatzen zitzaigun guri. Urte hasieran, izan ere, ez dugu lan gehiegirik izaten, eta lasaiago ibiltzen gara. Baina, denbora luzez zain egon ostean, berdelaren eta antxoaren arrantzu kanpainarekin hastear geundela egin digute eskaera. Behar biak batera etorri zaizkigu, eta nahiko itota ibili gara. Gure lehentasuna ekartzen dizkiguten sareak konpontzea izan da”.

Antxoeta eta berdeleta sasoi bete-betean egonda neurri horretako eskaria egitea nahikoa zaila izan dela diote. Hori bai, azpimarratu dutenez, ez dute eperik bete behar izan enkargua betetzeko. “Bi lanak bateratzea ez da erraza izan. Poltsak egitea aurreikusten genuen egunetan, baliteke baxurako ontziren baten sarea konpondu behar izatea; eta, gure lehentasuna sareak konpontzea denez, lan hori atzeratu egin behar izan dugu. Sareak konpontzen amaitzen genuenean, berriro poltsak egiteari ekiten genion. Hala ibili gara, zatika-zatika ahal genuenean poltsak egiten”.

Poltsek nahikoa lan eskatu dutela nabarmendu badute ere, horiekin laguntzeko jende gehiagorik ez zutela azaldu dute. “Ezin izan digu beste inork lagundu. Dakien bat izan behar du, eta guk bostok dihardugu honetan. Askotan, asteburuan lanean aritu gara, eta kasu batzuetan, etxera ere eraman ditugu poltsak, enkargua pixka bat aurrera eramateko”.