Zahar hitzak, zuhur hitzak

Igor Elordui Etxebarria

Non erromeri, han Santa Mari. Bihar izango da Sopelako Esaera Zaharren Txapelketaren 25. urteurrena. Hogeita bost edizio, jada, 90eko hamarkadan Lauaxeta AEK euskaltegiko bi irakaslek sortu zutenetik. Hasierako asmoa euskaltegiko ikasleekin joko bat egitea bazen ere, gaur egun Sopela osora zabaltzen da: bertsoak, euskara, kalea, musika, bazkaria, sariak, jai-giro itzela eta, nola ez, atsotitzak. Ahal izatera, bihar Sopelara joateko gonbidapena egiten dizuet. Jakinek ez deko kalterik.

Abadik badaki ze etxetara jun bazkaltzera. Han izango gara gu, beste behin; esaerez, bertsoez, musikaz… gozatzen. Alabaina, ez gara betiko denak egongo. Igarriko dugu, ondo igarri ere, oraintsu joan zaigun Marian de la Fuenteren hutsunea. Asteon, Marian gomutan idatzi du iritzi-artikulua Xabi Payak. Haren berbak neure eginez: lagun eta euskalgile fin izan zaitugun hori, ez zaitugu sekula ahaztuko. Urdaia eta ardoa, urtekoa; adiskidea, urteetakoa.

Nigarrari ez fida, tipulak ere baiterama. Gaur zortzi izan genuen ETAren desmobilizazioaren berri. Baita erakunde (jada urtebete) armagabetuaren eragindako minaren aitorpena eta barkamen-eskaera. Albiste ona, inondik begiratuta ere. Baina, zenbaitzuen kritikak eta errezeloak ikusita, begitantzen zait ez dela hain ona izan guztientzat. Eder edo itsusi, zein begik ikusi. Baina, hala izanik ere, hain egiten zaizkit interesatuak, hain gezurrezkoak, hainbaten malkoak. Argi dago. Asko balio du indarrak, gehiago buru azkarrak.

Juramentu asko, gezur asko. Altsasuko gazteek urtebete eta erdi eman dute kartzelan. Orain, epaiketan, argi eta garbi geratzen ari da lehenagotik bagenekiena; hau da, iruzurraren iruzurra; gertatu ere, fiskalaren, Coviteren eta epailearen beraren asmo eta saiakeren kontra. Halere, ez dago baikorra izaterik. Zer kontatuko dizuet, bada, jada ez dakigunik? Lege guztiak bere tranpa.

Luzez pentsatu eta laster obratu. Gironako lagun bat etorri zait bisitan. Atsekabeturik dago, hango egoera, eta, jakina, lehengo itxaropenak eta ilusioak, luzatzen eta apaltzen doazelakoan. Epemuga badago jarria: maiatzaren 22a. Ordurako Generalitateko presidentea izendatu ezean, automatikoki parlamentua desegin eta hauteskundeetarako data ezarriko da. Ez etsitzeko esan diot. Otarre bat egiten duenak egin ditzake ehun ere.

Otsoak basoan gutxi, baina asko hirian. Joan den ostiralean gizaseme batek ama-alabak erail zituen, labankadez, Gasteizen. Alabaren bikotekide izandakoa da gizona. Atzo emango zuten (lerrook idazteko orduan ezin jakin zein) Iruñeko talde bortxaketaren auziko epaia. Indarkeria matxistari aurre egin behar diogu. Emakume zein gizon. Denok. Idia ez da bakarrik uztartzen.

Txori ttattarra, abesti ttattarra. Hala ez balitz ere, elea zilar dela, ixiltzea urre. Fini, beraz; astea bezala. Bihar, zapatuz, hitzordua Sopelan (donde el burro tocó la campana, alegia).