Peru Azpillaga
Txirrinak jo, eta ume guztiak arrapaladan irten dira patiora. Gazteak diren arren, bakoitzak, birritan pentsatu gabe, erraz topatzen du tokia jolastokian; istant batean, mutiko nagusiak erdigunearen jaun eta jabe egin dira, eta, zirt edo zart, baloiaren atzetik ostikoka dabiltza. Besteren batzuk, tokian toki, saskibaloiko kantxetan edota frontoian ere ibiliko dira —betiere pilota baten inguruan—, eta hor, agian, neskatoren batek parte hartuko du. Gainontzekoak, ordea, jolastokiaren periferiara kondenatuta geratuko dira, txokoren batean hizketan aritu, mutikoen partidak ikusi, edota, besterik gabe, jolastokiari bueltak ematen.
Hain zuzen ere, txikitatik jada gertatzen den bereizketa hori eragozteko, jolastoki berria eraikitzeko egitasmoa abiatu zuen Kurutziaga ikastolak. Egun, lau urte baino gehiago iraun duen prozesu parte hartzailearen ostean, haien ametsetako jolastokia egia bilakatu da. Urko Rodriguez ikastolako zuzendariak azaldu duenez, haien jolastokia helburu jakin batekin eraiki zen:”Ikuspuntu parekide batetik egindako espazioa da”.
Baina ez hori bakarrik, 1970eko hamarkadan eraikitako porlanezko urbanismotik alde egin, eta ikastolak ematen dituen aukeren barruan, gune natural bat berreskuratu dute: lehen gordeta edo ezkutuan zeuden errekak bistaratu, tontor batzuk eraiki… “Guk umetan errekak eta mendiak genituen aisiaren oinarri; natura eta imajinazioa; galtzen joan den bizitasun hori berreskuratzen saiatu gara”. Patio berriarekin, beraz, umeek beste era batera jolastea espero dute, eta aisialdia ez egotea beti pilota baten menpe. Jolastokia eraldatuta umeen arteko harremanak ere alda daitezkeela uste du Rodriguezek: “Espazioa aldatzen bada harremanak izateko era ere aldatzeko aukera dagoela uste dugu, horrela ikasleen arteko bereizketa ekidinez; ez dira batzuk erdian eta besteak periferian egongo beti”.
Jolastokia, ordea, ez da zerutik erori, eta prozesua luzea izateaz gain, hainbat pertsona bildu ditu: besteak beste, ikastolako gurasoak, ikasleak, irakasleak eta udaleko ordezkariak.
Jolastokia amesten
Ikastolak hainbat ardatz dituen hezkuntza proiektu bat du oinarri. Euskara da nagusia, baina, aldi berean, hezkidetzari ere berebiziko garrantzia eman nahi izan diote. “Gure proiektuaren ardatzetako bat zen, eta, horregatik, ez dugu beldurrik izan eztabaida planteatzeko garaian. Gainera, hau era sano eta aberasgarrian eraman dugu aurrera”, erantsi du Rodriguezek. Hori bai, gauza bat argi izan dute hasieratik: parte hartzea izan da momentu oro egitasmoaren muina.
Rodriguezek azaldu duenez, Kurutziaga ikastola gurasoen kooperatiba bat da, eta, ildo horretan, genero ikuspegiarekin sentsibilizatutako guraso batzuen proposamenetik jaio zen proiektua. Ibilbideari orain dela ia bost urte ekin zioten, eta, aurrera egin ahala, ikuspuntu desberdinak batzen joan dira. “Genero ikuspuntuak indarra hartu zuen lehenik, eta, ondoren, borobildu egin genuen ideia. Ostera, irakasleekin eta hezkuntza komunitatearekin batera landu genuen”, adierazi du.
Proiektua aurrera eramateko eta parte hartzea bermatzeko, Jolastokia Amesten deituriko prozesua jarri zuten martxan. Horretarako, lehenik eta behin, umeei galdetu zitzaien ea zer jolastokirekin egiten zuten amets: “Ikasleak amets hori paperean islatzen saiatu dira, marrazki edo diseinu antzeko baten bidez”. Aldi berean, hezkidetza taldeak azterketa batzuk egin zituen, ikasleak non kokatzen ziren identifikatzeko. “Horrek, teoriak esaten dituen gauza batzuk praktikan ikustea ahalbidetu zuen”, aitortu du zuzendariak. “Jolastokiaren epizentroa futbola zen, eta bertan futbola gustuko zuten mutilak biltzen ziren; neskak, periferian”.
Informazio horrekin sortu zen eztabaida hezkuntza komunitatean, “nahiko sakona eta korapilatsua”. Emaitza, ordea, positiboa izan zen. “Ikusi genuen ez zela hezkidetza versus futbola; denontzako espazioa zeukan tokia antola zitekeen”, azaldu du Rodriguezek. Azkenik, jasotako ideietatik eta hezkuntza komunitatean sortutako eztabaidetatik, gurasoek diseinu bat planteatu zuten. Diseinu hori udalarekin batera egindako lanketari esker gauzatu da. Utzitako lur eremu publiko bat zegoen ikastolaren ondoan, eta ikastolari laga diote, udalbatzaren ia gehiengo osoarekin. Trukean, ikastolak, lurrak eraldatu, eta eskola orduetatik kanpo jolasgune ireki bat sortzeko konpromisoa hartu zuen.
Zuzendariak esan duenez, zabaldu zen momentutik, umeek espektatiba eta antsietate handiarekin bizi izan dute jolastokia, baina pixkanaka ari dira oreka hartzen. Haiek ere ikasten ari direla dio, eta ikasturte hau antolaketari beste buelta bat emateko erabiliko dutela. Hala ere, “oso pozik” ageri dira, eta argi dute eraldaketak etengabeko hobekuntza prozesu batean murgildu dituela: “Prozesu hau ez da inondik inora amaitu, ondorioak berraztertu eta jolastokia hobetu beharko da; hori bai, umeak lehen baino lokatz gehiagorekin bueltatzen dira etxera!”.