Basurtu, mende erdi dantzan

Basurtu, mende erdi dantzan

Peru Azpillaga

Frankismo garaian sortu zen Beti Jai Alai dantza taldea, 1968. urtean. Egitasmoa Bilboko Basurtu auzoan jaio zen, euskal kultura, folklorea eta, batez ere, dantzak sustatzeko zegoen beharrari erantzun bat emateko; euskal kultura bultzatu eta garai ilunei argitasun pixka bat igortzeko. Mende erdi igaro da geroztik, baina taldearen helburua berbera da oraindik ere, eta, hala diraute haien lan egiteko gogoak eta bizitasunak ere.

Auzo berezia da Basurtu. Industrializazio garaian izugarri hazi zen, eta Espainiatik Bilbora etorritako langile askok han topatu zuten bizilekua. Lehendik baserriren batzuk egon arren, inguruko lantegietara batez ere, Euskaldunara lanera zetozen etorkinek osatu zuten, batik bat, Basurtu. Sasoi hartan, auzoaren bereizgarriak ziren, besteak beste, La Cervecera del Norte garagardoa egiteaz gain, bilbotar askorentzako aisialdirako gunea, ospitalea, tren geltokia eta hileko bigarren eta laugarren igandeetan egiten ziren abere-azokak.

Testuinguru horretan, hainbat auzokidek, Beti Alai dantza taldea utzi ondoren, Beti Jai Alai taldea sortu zuten; besteak beste, Jon Pertikak, Gregorio Berriatuak, Roman Sanzek eta Juan Mari Igarzak. La Cervecera del Norteko zuzendaritza taldearengana jo zuten lehenik, eta, han, garagardotegiko bolalekuan, entseatzeko baimena eskuratu zuten. Hasieran dantzatzen ere ez bazekiten ere, euskal kultura sustatzeko zuten grinak bultzatu zituen taldea aurrera eramatera.

Dantza taldeak 50 urte beteko ditu aurten, eta, hori ospatzeko, ekintza ugari antolatu dituzte urte osoan zehar. Egun, Alfonso Larrazabal da taldearen kudeaketaz arduratzen den kideetako bat. Hark azaldu duenez, taldea beti saiatu izan da auzoko ezaugarrietara moldatzen; etorkinekin batera Basurtu euskalduntzen eta auzoa bizitzaz betetzen. Orduz geroztik egindako lanari esker, “pixkanaka-pixkanaka” handituz joan da dantza taldea, eta, gaur egun, 140 bat lagunek osatzen dute. Hasieran, egitasmoa dantzetan soilik oinarritzen bazen ere, orain abesbatza sortu dute, dantzari ohiek eta gurasoek osatua. Gainera, umez osatutako bost talde ere badituzte, baita erraldoien konpartsa bat ere.

“Auzoan denbora gehien daraman elkartea gara; Basurtu euskalduntzen daramatzagun 50 urteetan, hamaika ikuskizun egin ditugu, eta egun berezietan beti atera gara kalera auzoari bizitasuna emateko; besteak beste, Olentzero egunean, inauterietan edota sanjuanetan”, azaldu du Larrazabalek. Gainera, haren esanetan, gero eta toki gehiagotik hurbiltzen da jendea haien dantza taldera. “Batik bat, Basurtu eta Errekalde inguruko jendea biltzen genuen lehen, eta egun zonaldea asko hazi da”. Hala ere, Larrazabalek aitortu du, egun ez dela garai bateko zaletasuna ikusten: “Lehen ohitura bat zen, aberria sustatzeko era bat, eta, zoritxarrez, orain asko lausotu da dantzek zeukaten alderdi aldarrikatzaile hori”.

Dantzak berreskuratu

Bereizgarria izan da 50 urte hauetan Beti Jai Alai taldeak egindako jarduna. Beti hartu dituzte Bizkaiko dantzak oinarritzat. Baina, hiriburuko dantza taldea izanik, ikerketa lan handia egin behar izan dute: “Leku desberdinetara joan gara, eta herrietako dantzak hartu ditugu. Basurtuko dantza taldeak, adibidez, dantzari dantza Iurretakoen antzera egiten du, eta beti ateratzen dugu Iurretako bandera”, dio Larrazabalek.

Horretaz gain, galdutako dantza batzuk ere berreskuratu dituztela azaldu du. Hala ere, bada horien artean haientzat garrantzi berezia duen bat: Begoñako elizaren aurrean dantzatzen den aurreskua, hots, abuztuaren 15ean alkateak dantzatzen duena. 1995ean berreskuratu zuten Jon Pertikak eta Iñaki Irigoienek ohitura hori. Horretarako, Perez de Villaamil galiziar margolariaren 1842ko koadro bat erabili zuten erreferentzia gisa. “Betidanik saiatu izan gara gure dantzak era ahalik eta fidelenean egiten eta horretarako jantziei ere garrantzi handia eman diegu beti; dantza mordoa egiten ditugu, eta, horren ondorioz, ondare handia dugu”.

Pertika aitzindari eta gidari

Urte horietan guztietan beti mantendu izan dute sasoia, hein handi batean taldearen sortzaile eta gidari izan zen Pertikaren laguntzari esker. Larrazabalen aburuz, Pertikaren lana ezinbestekoa izan da urte hauetan guztietan, eta 50 urteetako ibilbidea ezinezkoa zatekeen bera gabe: “Zorionez, beti izan dugu Pertika buru-belarri lanean. Oso pertsona zorrotza, langilea eta konprometitua zen, eta, gainera, lagun eta kontaktu asko zituen; halako pertsona bat ondoan duzunean beti da dena errazagoa”.

Sortzailea otsailean zendu zen, ordea, eta, elkartearentzat kolpe gogorra izan den arren, urteurrenera garai onean heldu direla dio Larrazabalek: “Pertikaren heriotza orain dela gutxi izan den arren, ikusi dugu badagoela jendea taldea aurrera eramateko prest, eta, oraingoz, osasuntsu eta gogotsu gaude gure ibilbidearekin aurrera jarraitzeko”.