Kanpokoen begiradapean

Ainhoa Larrabe Arnaiz

“Satanasek zazpi urte egin zituen Bizkaian, eta joan egin behar izan zen, ez baitzien bizkaitarrei ulertzen, eta bizkaitarrek berari ere ez”. Hala idatzi zuen George Henry Borrow idazle eta bidaiari ingelesak 1845ean, Bizkaian izan ondoren. Kanpotik etorritakoek, bisitariek, Euskal Herria eta euskal herritarrak nola ikusten zituzten ezagutzeko, Bidaia XIX. mendeko Euskal Herrian barrena erakusketa jarri dute Bilboko Azkuna zentroan. 1817tik 1936ra bitarteko 21 liburutan jarri dute fokua horretarako. Besteak beste, Wilhelm von Humbold, Victor Hugo eta Theophile Gautier idazleen lanak bildu dituzte. Maiatzaren 6ra bitarte izango da ikusgai, Azkuna zentroaren Mediateka gunean. Hilaren 23an hasiko den Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko XI. Jaialdiaren hasierako ekitaldi gisa aurkeztu dute erakusketa.

Aurtengo Gutun Zurian landuko den gaiari lotuta dago erakusketa, Alazne Martin jaialdiko zuzendariaren arabera. Zehazki, Naturara itzultzea, Utopia literarioa ote? goiburupean antolatu dute aurtengoa, eta nazioarteko bidaiari eta idazleek Euskal Herriko naturarekiko jasotzen zuten irudiaren berri ematen dute bertan bildutako idazkiek, Martinen hitzetan. “XIX. mendean Europan zabaldu zen izpiritu ibiltariaren ondorioz, idazle eta pentsalari askok hainbat lan argitaratu zituzten inguruko herrialdeetako ohiturak eta hizkuntzak ezagutzera emateko. Bada, horiei guztiei keinua egin nahi izan diegu”.

Natura eta literatura elkartzen dira izkribu guztietan, Martinen arabera. “Natura eta pentsamendua elkarri lotuta joan dira beti. Idazleek naturari begiratzen diote beti”.

Hizkuntza eta izaera

Bidaia kontakizunetan, euskaldunen izaera eta hizkuntza dira gehien aipatuak, Gutun Zuria jaialdiko arduradunaren iritziz. Hala zioen Humboldek 1866an: “Izan ere, gaur egungo Bascoak ez dira Bascoac, beren herria, Euscalerria, Eusquererria eta bere hizkuntza euskara”. Pierrre Lotik ere Euskara eta Euskaldunak olerkia idatzi zuen 1897an, eta Richard Ford estatubatuarrak era erromantikoan eman zuen euskaldunon izaeraren berri. “Xumeak dira, erresistentzia eta pazientzia handikoak, mendiko jendearen bertute eta bizioekin. Ez dutenez ezer hoberik ezagutzen, ez dira beren zorteaz kexatzen; aitzitik, indar handiz sentitzen dute mendiko etxeen erakargarritasuna, beren harkaitzak eta mendiak maite dituzte, eta oso zoritxarreko sentitzen dira horietatik banatzean”.

Gizonek idatzitakoak dira testu gehienak, baina bada salbuespenik ere. “Emakumeek ere espiritu bidaiari eta erromantiko hori izan zuten. Erakusketak emakume horietako batzuen lanak jaso ditu: Gilberte Reicherrek, Blanche eta Helene Hennebuttek eta Menassade ahizpek beren nortasuna ezkutatu zuten, izenen lehen hizkiak hartuta obrak errazago argitaratu ahal izateko”.

Natura eta literatura

Aurten, 200 urte beteko dira Henry David Thoreau zientzialari, idazle eta naturazalea jaio zela. Walden eta Desobedientzia zibila lanek egin zuten Thoreau ezagun, eta jaiotzaren bigarren mendeurrenaren aitzakia hartuta antolatu dute, hain zuzen, Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdiko aurtengo egitaraua. Norabide horretan, natura eta literatura uztartu dituzten idazleak gonbidatu dituzte XI. Gutun Zurira: besteak beste, Manuel Rivas galiziarra, Maja Lunde eta Lars Mytting norvegiarrak, Bernardo Atxaga, Hasier Larretxea, Ixiar Rozas, Aingeru Epaltza, Juanra Madariaga, Terry Tempest Williams, Cesar Aira eta Maider Lopez artistak izango dira hilaren 23tik aurrerako ekitaldietan. Hitzaldiak eskainiko dituzte guztiek arratsaldeetan, Azkuna zentroko entzunaretoan, eta irakurleek haiekin solasean aritzeko aukera ere izango dute solasaldien ondoren.