Plaza Eliptikoa oinezkoentzat ipini nahi du Bilboko Udalak

Plaza Eliptikoa oinezkoentzat ipini nahi du Bilboko Udalak

Aitziber Laskibar Lizarribar

Bilbo hiri lasaiagoa bihurtzeko helburuz hiriburuko kale gehienetan ibilgailuentzako abiadura muga orduko 30 kilometrora murriztuko duela iragarri eta gutxira, udalak bide berean beste urrats bat egiteko proposamena mahai gaineratu du. Erdiguneko inguru bat oinezkoentzat bihurtzeko aukera aztertzen ari da: auto pilaketa handia izaten duen Plaza Eliptikoa oinezkoentzat, bizikletentzat eta garraio publikoarentzat soilik izateko aukera. Datorren urtean egin nahi du aldaketa.

Proposamena Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Planean jaso du Alfonso Gil zinegotzi sozialista buru duen Hiri Mugikortasunerako Sailak, eta asmoa gainontzeko taldeei aurkezten hasia da. Egitasmoa gauzatzeko, taldeen arteko adostasun handia nahi du udalak, eta, gaia Aste Santuko jaiegunen aurretik mahai gaineratu duen arren, oporren ondorengo egunetan hasiko da zehaztasunak aletu eta udal taldeen artean eztabaidatzeko lanean. Maiatzean onartu nahiko luke egitasmoa udalak, gainontzeko taldeen babes handiarekin.

Hain justu, udalak maiatzaren 30erako iragarri du hiriburuko kale gehienetan ibilgailuen abiadura murrizteko neurria. 75 kale eta biribilgunetan mantenduko du orduko 50 kilometroko abiadura; kale nagusi estrategikoetan edo Bilborako sarrera nagusiak direnetan.

Plaza Biribilean hasi

Irizpide horri jarraituta, Plaza Eliptikoa izan zitekeen abiadura gutxitu gabe manten zezaketen horietako bat, Artxandako tuneletatik zein Begoña aldetik Rekalde zumarkalea zeharkatuta erdigunera sartzeko gunea baita. Udalak jakinarazi du Zumarkalean ez duela abiadura gutxituko, murrizketa guneen zerrenda plazaratu duenean. Baina Plaza Eliptikoa ez dago orduko 50 kilometroko abiadura mantenduko duten eremuen artean, eta Kale Nagusia ere murriztutako guneen artean ageri da, Plaza Biribiletik Plaza Eliptikora arteko eremu guztian.

Horrek lotura izan lezake udalak mahai gainean jarri duen proposamen berriarekin. Izan ere, Plaza Eliptikoa ez ezik, inguruko kaleak ere oinezkoentzat prestatzeko asmoa du, zenbait hedabidek zabaldu dutenaren arabera. Informazio horiek diotenez, Kale Nagusia oinezkoentzat ipini nahi du Plaza Biribiletik Eliptikora. Hala ere, Plaza Biribilaren ingurutik autoak kanporatzeko nahi horretan, zailtasunak izan ditzake abiadura handiko trenaren ondorioz. Abandora helduko da tren lasterra, eta egungo tren geltokia geltoki intermodal handi bihurtuko du. Autobus, taxi zein auto pribatuentzako aparkaleku asko iragarri ditu bertan udalak, eta, beraz, espero da inguru horretan joan-etorri handia egongo dela.

Indautxura arte

Plaza Eliptikoaren biribilgunea zeharkatzen duen Ertzilla kalea ere oinezkoentzat izatea nahi du udalak, Jado plazaraino alde batetik, eta Indautxuraino bestetik. Hartara, zaratarik gabeko eremu lasai oso bat osatu nahi du udalak, Plaza Biribilean hasi eta Indautxura arteko tartean. Eta, alde horretatik, lan batzuk eginak ditu, Diputazio kalea eta Ledesma, adibidez, oinezkoentzat baitira dagoeneko.

Oraindik erabat zehaztu gabe dagoen asmoak zenbait galdera sortzen ditu: gaur egun beribil asko hartzen dituen Plaza Eliptikoa autoentzat ixten bada, zer egingo da ibilgailu horiekin? Nora bideratuko dira? Plaza Eliptikoaren biribilgunearen atzealdean dauden Iparragirre, Colon de Larreategi, Rodriguez Arias eta Portuko Markesaren kaleek osatzen duten gunea izan liteke autoak desbideratzeko gune berria. Baina kale horiek nahiko txikiak dira; ez dute horrenbeste auto hartzeko gaitasunik eta kaosa sor liteke inguru guztian.

Auto gutxiagoko hiria

Erantzun osoagoa aurkitzeko beste zerbaiti erreparatu behar zaio: Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren izaerari. Hiriburua lasaiagoa, bizigarriagoa eta isilagoa egitea da planak duen erronka nagusia. Eta, horretarako, hirian auto gutxiago ibiltzea da gakoa.

Azken ikerketen arabera, 850.000 lekualdatze izaten dira Bilbo barruan, eguneko. Oinez joaten dira alde batetik bestera horietako gehienak: 550.000 inguru. Garraio publikoan egiten dira 195.000 lekualdatze, eta 105.000 autoan.

Bilbora sartzeko egiten diren 350.000 garraioei dagokienez, berriz, auto pribatuetan egiten dira gehienak: 180.000. Gainontzeko 170.000 lekualdatzeak garraio publikoan egiten dira: 140.000 inguru metroan eta trenean, eta 30.000 inguru Bizkaibusen.

Horiek horrela, hiri mugikortasun iraunkorrerako bidean urratsak egin nahi badira, ezinbestekoa izango da ohiturak aldatzea. Hargatik du helburutzat auto kopurua gutxitzea.

Bide horretan amua bota zuen duela hilabete batzuk Hiri Mugikortasunerako zinegotziak: Bilbora autoz sartzeko ordainsaria jartzeko aukera plazaratu zuen. Hautsak harrotu eta eztabaida sutsua piztu zuen proposamenak; baita udal gobernua osatzen duten EAJren eta PSE-EEren arteko liskarra ere. Eta, oraingoz, bere horretan utzia dago proposamena. Hortaz, autoak gutxitzen hasteko, garraio publikoen sarea hobetu eta kale batzuk garraio publiko, bizikleta eta oinezkoentzat ipintzeko proba egiteko asmoa duela dirudi.