Zestaren melodia bizia

Zestaren melodia bizia

Aintzina Monasterio Maguregi

Kirola eta kultura. Zesta-punta eta musika uztartuta sortu zuten Jai Alai & Music. Ideia berritzaile horrek arrakasta hartu du, eta azken urteotan jendetza erakartzen du udako denboraldian zesta-puntaren katedralera. Zestazale amorratuez gain, gazte pila bertaratzea lortu dute.

Gernika-Lumoko frontoia leporaino betez ematen diete ongietorria euskal puntistei etxera bueltatzen direnean. Neguko denboraldia AEBetako frontoietan igaro ostean, beste urte batez ikuskizun ederrak eskaintzera etorriko dira aurten ere.

“Oso ekitaldi kulturala da. Funtzio bakoitzak kontzertu bat eta DJ bat dauzka, partidez gain. Ez da kirola bakarrik. Hori oso argi daukagu, bai guk, bai pilotariek, eta baita partiduetara datozenek ere”, azpimarratu dute Zigor Etxebarriak, Gaizka Muniategik eta Roberto Quintanak, Gernika Jai Alai Professionalaren ordezkariek. Funtzio bakoitzean, harreran musika talde batek ematen die ongietorria ikusleei. Estilo musikalak aldatzen saiatzen dira, eta herriko musikariei lekua ematen. DJ batek izaten du gaua biribiltzeko ardura.

70eko eta 80ko hamarkadetan, zesta-puntaren loraldia izan zen, “booma”. Zesta-puntaren urrezko aroa nostalgiaz gogoratzen dutenek ondo gogoan dituzte Jai Alaiko txarteldegietan sortzen ziren ilara luzeak. Gaur egun ere jendetza batzen da frontoian; azken urteotan, zesta beste loraldi batean dago.

Gernika Jai Alairen laugarren denboraldia izango da aurtengoa, eta pilotari askok Gernikan egongo direla baieztatu diete jadanik. “Jai Alai Blues film luzearen azken sekuentziarako finalean frontoia bete zen, eta hori izan zen guzti honen hazia”. Gero, Urriko Azken Astelehenean, beste festibal bat antolatu zuten, eta, ondoren, denboraldi sendo eta osatuago bat egiteari ekin zioten.

Hiru txapelketa

Gernika Jai Alai Professionalek zehaztuta dauka uda honetako egutegia. Hiru txapelketa hartuko ditu Jai Alai frontoiak, eta irabazteko gogotsu helduko dira munduko hamasei pilotari onenak.

Gernika Jai Alai Grand Slam-a izango da txapelketa horietan nagusiena eta lehenengoa. Uztailaren 14an hasiko da, eta abuztuaren 11an jokatuko dute final handia.

“Klasiko bat” bihurtu da. Iaz bete egin zen, eta aurten ere hala izatea espero dute. Denboraldiko “harribitxia” dela nabarmendu dute: “Jendea liluratzen du; udako kirol hitzordurik garrantzitsuena da. Beste txapelketek ere erantzun ona daukate, baina jendea Grand Slamaren zain dago”.

Hain zuzen, AEBtako denboraldia amaitu eta lehen hitzordua da, berezia bezain garrantzitsua. “Pilotariak hemen egiten du izena; gaur egun ez du Ameriketan egiten. Izena egite horretan, zerikusi handia dauka halako txapelketa batean ondo ibiltzeak. Ez da gauza bera ikusle asko dauzkan txapelketa bat jokatzea edo ikusle gutxi dauzkan bat jokatzea. Guk jende asko edukitzen dugu lehen egunetik. Udako txapelketen artean punta-puntakoa da: Hego Euskal Herriko onena da Gernika Jai Alai Grand Slama”.

Irailean, berriz, Gernika Jai Alai Masteraren txanda izango da. Irailaren 22an finalaurrekoak lehiatuko dituzte, eta 29an izango da finala.

Ondoren, Euskal Herriko azken hitzordua izan ohi den txapelketa jokatuko dute: Master Urriko Azken Astelehena. Urriaren 29ko finalerako txartelaren bila lehiatuko dira urriaren 27ko finalaurrekoetan.

Sarean

Irudia asko zaintzen dute, eta horrek eragin nabarmena izan du jendea erakartzeko zereginean. Adibidez, mimo eta gustu handiz egindako bideoekin iragartzen dituzte txapelketetako partiduak.

Argazki zein bideoen bitartez, presentzia handia dute sarean: “Erreminta oso garrantzitsua da guretzat; horrekin erdia baino gehiago lortu dugula uste dugu. Esate baterako, iaz bideobloga estreinatu genuen. Asko gustatu zitzaigun, eta aurten ere segituko diogu”. Orain, gainera, beste pauso bat eman, eta webgunea sortu berri dute. Tresna baliagarria izatea gura dute Grand Slamerako eguneroko argitalpenak, bloga, bideoak edota partiduen zein ordutegien informazio azkarra gura dituztenentzat.

Baina sarean soilik ez: aldizkaria denboraldiko lehen partidan banatzeko prest izango dute. Iaz 5.000 bat ale banatu zituzten. Partiduetan banatzen dituzten arren, gainerako egunetan ere frontoian egoten dira, eta udalerria bisitatzen duten turista askok hartzen dituzte, jakin-minez.

Aurretik frontoi bat sekula zapaldu gabeak ziren orain zestak harrapatuta edo “engantxatuta” dauden ikusleetako batzuk. Baina, sortzen den giroa ikusita, behin probatu eta zaletu egin dira gazte asko:”Publikoaren %90 inguru honetakoa da”. Sarrerak 10 eurotan jartzeak ere zesta-punta jende gehiagorengana heltzeko balio izan du. Halaber, denboraldiko txartela aterata, funtzio bakoitza prezio erdira baino merkeago ateratzen da.

“Hemen, denboraldia kondentsatuta dago orain, partiduak udan jokatzen dituztelako. Baina aurtengo denboraldiak ez die inbidia handirik 70eko hamarkadan egoten ziren erabateko betealdiei. Nik 50-100 pertsona ikusi izan ditut oraintsu arte, eta jende oso heldua. Eta orain datozenen erdia baino gehiago gazteak dira”, dio Etxebarriak.

1963an inauguratu zutenetik, Jai Alai frontoia zesta-puntaren urrezko garaiaren zein dekadentziaren lekuko isila izan da.

Herriko historian leku esanguratsua dauka zestak. Garai batean, bertoko pilotari askok AEBetako, Mexikoko edota Kubako frontoietarako bidea hartu zuten. Eta gaur egungo profesionalen artean ere badira Gernika-Lumoko frontoi honetan hazitakoak.

Nostalgiaz gogoratzen dituzte askok zestaren “urrezko denporak”, baina gaur egun loratu denak ere ez dauka garai batekoaren inbidiarik: “Askok esaten dute ‘lehen bai’, baina, guk uste dugu lehen bai eta orain ere bai”. Izan ere, 80ko hamarkadara arte, hitzordu oso garrantzitsua izan zen. Baina orain udako txapelketetan sortzen diren ilara luzeak ere XXI. mende honetako loraldiaren erakusle dira, hein handi batean.