Lurpean ezkutatutako altxorra, argipean

Lurpean ezkutatutako altxorra, argipean

Natalia Salazar Orbe

1957ko abenduaren 28a zen. Beharginak jo eta su ari ziren Karrantzan, Raneroko haitzetan, harrobia ustiatzeko lanetan. Dolomitas del Norte enpresako langileak egiten ari ziren leherketetako batek zulo handi bat zabaldu zuen lurrean. Ezuste handia izan zen. Zulo hark agerian utzi zuen ordura arte ezkutuan zegoen espazio ikusgarri bat. Jakin-minez, beharginak argi txiki bat buruan zutela sartuko ziren, zulo hartan zer aurkituko zuten ikusi nahian. Pentsatu ere ez zuten egingo erdi ilunpetan aurkitu zuten Pozalaguako kobak denborarekin izango zuen oihartzuna.

Oso bereziak diren estalaktita eszentrikoak ikustean, jabetuko ziren kobazulo hark bazuela zerbait berezia. Lehen esploratzaile haiek ikusi zuten bezala ikusi ahalko dituzte bisitariek Pozalagua haitzaren barren ikusgarriak. Arduradunek ilunpean jarriko dute koba, eta bekokian norberak eramango duen argitxoarekin gozatu ahalko dute naturak zizelkatutako agertokiaz. Besteak beste, hala ospatuko dute kobaren aurkikuntzaren 60. urteurrena.

Pozalagua Flashback izenarekin, urtea bukatu arteko larunbat guztietan emango dute ilunpeko bisita hori egiteko aukera. 11:30ean abiatuko dituzte saiook. Hala, bisitariek aukera izango dute duela 60 urte altxor hori aurkitu zutenek sentitu zutena norbere azalean bizitzeko. Talde txikientzat mugatutako bisita da; beraz, parte hartu nahi dutenei aurretik izena emateko deia egin diete. Horretarako, 94 680 69 28 zenbakira deitu behar dute.

Urte osoan zehar bistararazi nahi dute urteurren biribil eta garrantzitsua. Besteak beste, apirilean erakusketa bat egingo dute, Bilboko Metroaren Zazpi Kaleak geltokian. Maiatzean, berriz, Moyuakoan egingo dute gauza bera. Uztailerako Pozalaguako jaialdi biribila antolatzen ari dira. Hilaren 13an eta 14an egingo dute, kobako auditorioan: harrobi zaharrean eraikitako anfiteatro tankerako agertokian.

Horrez gain, Koben eta Lurpeko Munduaren Nazioarteko Eguna ospatzen den astebururako ere jarduera bereziak prestatu dituzte. Ekainaren 6an ospatzen da egun hori, eta Karrantzako koban ekainaren 9an eta 10ean egingo dituzte eskaintzak. Larunbatean, bisitari guztiek bi sarrera eskuratu ahalko dituzte bakarra ordainduta. Larunbatean eta igandean Pozalagua Flashback motakoak izango dira bisita guztiak. 11:30ean hasiko dituzte. Larunbatean Dolomitas lantegia zena ezagutzeko bisita gidatua egingo dute, 13:00etan. Horrez gain, asteburuan Pozalagua bisitatzen duten guztiek Dolomitas lantegi ohia ikusteko bi sarrera eskuratuko dituzte bakarraren trukean. Dolomitas lantegia Ambasaguas auzoan dago. Eusko Jaurlaritzak Kultur Ondare izendatu zuen 2002an, eta 2015ean museo bilakatu zuten. Harrobitik ateratzen zuten materiala lantegi hartara eramaten zuten.

Balioa emateko

Karrantzako Udalak, Enkarturrek eta Bizkaiko Foru Aldundiak lurpean ezkutatuta zegoen altxorra horri berriz ere balioa eman nahi diote urteurrenean. Aldundiko ordezkariek bide horri probetxua ateratzeko nahia azaldu dute, turismoa erakartzeko. 2013az geroztik, 184.500 bisitari joan dira Pozalaguara. 2017ko datuei erreparatuta, 31.789 bisita erregistratu zituzten.

Ranero auzotik bi kilometro ingurura dago Pozalagua. Bisitak erraz egiteko egokituta dauka barrualdea: metalezko pasagune bat dago jarrita.

125 metroko luzera, 70 metroko zabalera eta 20 metroko altuera ditu irekiguneak. Labirinto baten itxura du ibilbideak, eta itzulinguru guztietan agertuko zaizkio bisitariari estalaktitak, estalagmitak, zutabeak eta estalaktita eszentrikoak. Azken horiek grabitatearen legearen kontra hazi dira. Bidean, forma bitxiak eratu dituzte sabaietan, norabide guztietara. Kobazuloa ezkutuan horrenbeste urtez egon izanari esker sortu dira haitzetako figura horiek. Hain zuzen, Pozalagua hain bereizgarri egiten duten formazio horiek arrazoi batengatik sortu dira: koba ehunka mila urtean hermetikoki itxita egon delako .