“Arrazakeria matxismoarekin alderatzen dut”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Bizkaian ere uste baino sustraituago dago arrazakeria Omar Boudaaouiren ustez (Tetuan, Maroko, 1962). Boterearengan jartzen du ardura nagusia, eta eskuin muturraren bilakaerak kezka eragiten diola dio. Ezkerra “non dagoen” ez dakiela adierazi du.

Datorren asteazkena arrazakeria eta xenofobiaren aurkako eguna da. Gaur egun inork ez du bere burua arrazista edo xenofobotzat jotzen…

Bai, hor dago dilema. Arraza-diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Egunari buruz ari gara. Gure gizartetik lakra hori ezabatzea da ideia. Baina badirudi bidea luzea eta konplexua dela.

Zeintzuk dira gaur egungo jarrera arrazista nagusiak?

Orokorrean, Europan indartzen ari da arrazakeria eta xenofobia ijitoen kontra, migranteen kontra, musulmanen kontra… Eskuin muturra modu harrigarrian hazten ari da, eta gorrotoa eta arrazakeria elikatzen ari da, giroa berotuz botoak lortzeko. Hemen ere antzeko egoeran gaude, eta bide honetatik jarraitzen badugu emaitza bera izango dugu: arrazakerian eta gorrotoan oinarritutako diskurtso politikoa egonkortuko da, normalizatu egingo da.

Zein arrazakeria mota nabaritzen dituzu hemen batez ere?

Kontrakoa uste arren, hemen ere arrazakeria handia dago. Ijitoen kontrakoa ikusi dugu Bilbon: Zorrotzaurren etxea erre zitzaien ijitoei udalak alternatiba bat ematea proposatu zuenean auzokideek indarkeriarekin erantzun zuten familia horren kontra, konfliktibotzat edo gaizkiletzat jo zituztelako. Gasteizen ere gauza bera gertatu da ijito familia bat hara bizitzera joan denean. Auzo oso bat kalera atera da konfliktibo esaten dioten familia baten kontra. Jendeak esaten du: “Ni ez naiz arrazista, baina ez dut gatazkarik nahi nire auzoan”. Pentsa dezagun pertsona hori zuria dela, hemengoa; inork ez luke horrela jokatuko auzotik kanporatzeko. Gaizkileren batek norbait mehatxatzen badu, Poliziari deituko zaio, eta kito. Ez da antolatuko herritar baten kontra manifestatzeko.

Migranteen kontra ere badago arrazakeria, batez ere musulmanen kontra: islamofobia. Bere auzoan meskita zabaltzea onartzen ez duen jendea, adibidez. Musulmanei buruz zabaldu den ideia terrorismoarekin eta indarkeriarekin lotutakoa da. Hedabideek beldurra sartu dute herritarren buru eta gorputzetan. Baina hori ez da oraingoa. Islamarekiko bazterkeriak eta beldurrak mendeak daramatza kultura okzidentalean.

Beraz, hemen ere arrazakeria areagotzen ari da?

Baietz uste dut. Hazten ari da inork ez duelako ezer egiten. Instituzioek ez dute arrazakeriaren kontrako lan zuzenik egiten, ezta alderdi politikoek ere. Eskumako alderdiei buruz ari naiz, giro arrazista baliatuta elikatu egiten dutelako arrazakeria botoak jasotzeko. Ezkerreko alderdiak ez dakit non dauden; ez dakit zer pentsatzen duten, lan hau beste batzuena dela edo… Hiri batean ijitoen edo meskitaren baten kontrako erasoren bat izaten denean, adibidez, ez dugu ikusten inork gaiari heldu, eztabaida plazaratu eta gaia bideratzeko asmorik duenik. Beldurragatik izango da? Ez dute nahi gaia landu botoa ezkerreko alderdiei ematen dietenen artean ere badirelako arrazista direnak?

Gero eta jatorri gehiagotako jende gehiago dago Bizkaian, errefuxiatuen babeserako taldeak antolatu dira… Hori ez da ari normalizatzen jatorri askotako herritarrak bizitzea bertan?

Ez. Badago jendea babesa ematen ari dena, gizarte mugimenduetatik. Hori argi dago. Errefuxiatuen gaia oso ondo lantzen ari dira, eta hortik immigrazioaren gaia ere bai, arrazakeriarena… Baina gizarte mugimenduari buruz ari gara, ez boterea dutenei buruz. Horien lana garrantzitsua da, baina egin dezaketen bakarra salatzea, aldarrikatzea, informatzea eta protesta egitea da.

Zer egin behar lukete zehazki boterea duten horiek?

Batetik, instituzioek lege zorrotzagoak egin ditzakete gorroto delituen kontra, edozein liskar balira bezala hartzen baitira. Eta, bestetik, hezkuntza landu behar da. Arrazakeria eta xenofobia elikatzen duten ideia asko mendetan eraikitako imaginarioan oinarrituta daude. Arlo horretan, heziketa oso garrantzitsua da; eskoletan hitz egitea, historia beste modu batean ikastea… Hori ere instituzioei dagokien lana da.

Berdintasunean oinarritutako hezkuntzan dago gakoa, beraz?

Bai.

Eta herritarrek zein hausnarketa egin behar lukete? Zer egin behar luke norberak?

Pertsona gisa justuak izan behar dugu, berdintasunaren aldekoak, toleranteak. Onartzea guztiok garela berdinak gure desberdintasunean; kultura eta erlijio diferenteak ditugula, baina, azken finean, guztiok garela pertsona. Pertsona bakoitzak gauza asko gaindi ditzake ariketa intelektual eta psikologikoaren bidez, eta batez ere informatuta.

Arrazakeria matxismoarekin alderatzen dut batzuetan. Gizon askok, nik adibidez, ezin dugu esan ez garela matxista. Saiatzen naiz ez izaten. Txiki-txikitatik modu batean hezi naute, bizi osoan. Baina iritsi da unea gizonen zati bat behintzat hausnartzen hasi dena, jarreraz eta ohituraz aldatzen. Ariketa pertsonal gisara, baina baita ere gizartean dauden borroka askori erantzunez. Emakumeen borrokarekin bat egiten, eta batez ere entzuten. Arrazakeriaren kontua ere oso sakona da. Entzun egin behar da, zergatiak ulertu, eta nola lan egin pentsatu.

Etorkizunari baikor begiratzen diozu zentzu horretan?

Noski, bestela ez nintzateke hemen egongo. Hau ere gaindituko dugu. Luze joango da, baina eutsi behar da eta lan egiten jarraitu. Aurrera begira, emakumeena bezain handia izango den manifestazioa izango dugula amesten dut.