Zaharrena ez den Zubi Zaharra

Zaharrena ez den Zubi Zaharra

Mikel Santiso

Ondarroa 1327 urteko irailaren 28an bihurtu zen herri, Maria Diaz de Haro Bizkaiko Andereak emaniko Foruaren bidez; ordura arte, Berriatuaren zati izan zen.

1330. urte inguruan, Ondarroa herri izendatu ostean, egurrezko zubi bat eraiki zuten, herriko sarrerako mugaren alboan. Bi aldeetatik zabaltzen zen, ontziak ibaian gora igaro zitezen. Zubi hori gaur egungo Zubi Zaharra dagoen lekuan zegoen, Aita Eterno baseliza eta ibaiaren beste aldea batuz. Lehenago, ibaiaren eta itsasoaren arteko muga zehazten zuen, nolabait; orain, errekaren gaineko ikur bat da, herriak itsasoari lur asko jan dion seinale. Itsasorako zubia izatetik, itsasora iristeko azken-hirugarren zubia izatera igaro da.

Lehenengo zubi hori egurrezkoa zen, eta itsas denboraleen eta olatuen talka guztiei aurre egin behar izaten zien, orduko Ondarroak ez baitzeukan itsasoaren bortizkeria leunduko zuen moilarik. Zubia egurrezkoa izateak diru galera handiak eragin zizkion Ondarroako herriari. Baina zubia zeharkatu behar zuten ontzi eta abereen jabeek zerga bat ordaindu behar izaten zuten ibaia alderik alde gurutzatzeagatik.

Egurretik harrira

1689ko uztailean, zubiak zeukan egoera txarraz jabetuta, udalak berria eraiki beharra zegoela ondorioztatu, eta harrizkoa eraikitzea erabaki zuen. Horretarako dirurik ez zegoela eta, inguruko lurrak saltzea erabaki zuen. Zubi berri bat eraikitzeko lanketa hasia zegoen. Ondarroako Historia Zaleak elkarteak eta Jose Luis Burgoa marrazkilariak Ondarroako Historia Marrazkietan argitalpenean esandakoaren arabera, “litekeena da harrizko Zubi Zaharra 1691ko udal akordioa burutu eta denbora gutxira eraiki izana”. Zubi berriaren eraikuntza lanak ordaintzeko herri lurrak saldu behar izan zituzten, nahiz eta berez Berriatuko Eleizatearen agintaritzapekoak izan: Madalenako Kofradiako Igarotxo mendia, San Bixente Kofradiako Gabauretxeta eta Asterrikako San Lorentzo Kofradiako albokoa. Zubia harrizkoa izateak herritarren arazoak konponduko zituela uste zuten. Agustin Zubikaraik idatzita laga zuen bezala, “ura eta iturria beste aldean egoteak kalte handia sortzen zuen”.

Baina egurrezkoak itsasoaren indarra jasan ezin zuen bezala, harrizkoak ere eman zituen arazoak. 1788an zubiaren alboko lurrak bigundu egin ziren, itsasoak eragindako higaduraren ondorioz, eta zubia okertu egin zen. 1936an, frankistak herrira sartzear zeudela, herritarrek bota egin zuten zubia, Francoren armada herrian sartzea saihesteko. Hala ere, berehala eraiki zuten berriro. Gerora, 1953ko urriko uholdeek zubia suntsitu zuten berriz, eta 1961ean berreraiki zuten. Hori da gaur egun dagoena.

Beraz, gaur egungo Ondarroako Zubi Zaharra ez da herrian dagoen zaharrena. Izan ere, Plaiko Zubia 1927. urtekoa da: oraindik Zubi Zaharra esaten zaiona baino lehenagokoa.

Inguruaren izaera

Arrantzaleen Kofradia Zaharra dago Zubi Zaharraren alde batean. Eraikinak Erdi Aroko itxura du, baina, gezurra dirudien arren, 1920. urtean diseinatu zuen Pedro Gimon arkitektoak. Herriak daukan kutsu arrantzalearen erakusle dira inguruko etxeak, Nasa kalekoak, zubiaren inguru hori baitzen ontziek ibaian gora egiteko zeukaten azken muga fisikoa, Plaiko Zubia zabaltzen zen urteetan.

Gaur egun, Zubi Zaharra herriko ikurretako bat da, herritarren eta Alde Zaharreko mugimenduaren zaindari. Herriko hainbat jairi hasiera eta amaiera emateko txokoa ere bada: Txapel Egunean adarra jotzeko eta irrintziak botatzeko gunea, eta inauterietan Akula uretara botatzekoa, adibidez.

Kirol ontziak lagatzeko muga ere bertaraino iristen da, eta ez da ohikoa ibaian gora arraun elkartekoak ez diren ontziak ikustea Zubi Zaharra azpitik gurutzatzen. Udaberrian eta udan, ohikoa da zubiaren erdialdean dauden eserlekuetan herritarrak hizketan ikustea, eguneko azken eguzkia aprobetxatuz.

Ondarroan, Zubi Zaharra bada zerbait gehiago ere: Artibai ibaiaren bi ertzak baino zerbait gehiago batzen dituen ikurra.