“Proiektu politiko bati kontra egiteko, inbasio bat hasi du Turkiak”

“Proiektu politiko bati kontra egiteko, inbasio bat hasi du Turkiak”

Aintzina Monasterio Maguregi

Turkiako armada, Al Qaedarekin lotutako zenbait indarrekin batera, Siriako ipar mendebaldeko Afrin eskualde kurdua erasotzen ari da urtarriletik. Askotariko eragileek, alderdi politikoek eta sindikatuek deituta, Afrin eta Kurdistanen bizi duten egoera salatu, eta hango herritarrei elkartasuna adierazteko kalera aterako dira gaur. Askapenako eta Kurdistanekin Elkartasuna Ekimeneko kide den Jhasna Artola Zalaberriak (Aizarnazabal, Gipuzkoa, 1985) informazioa jasotzearen eta mobilizatzearen garrantzia nabarmendu du.

Zer lortu nahi duzue gaurko manifestazioarekin?

Helburu nagusia da Euskal Herriko kaleetan Afringo egoera larria islatzea, kontzientzia sortzea eta presioa eragiea bai Euskal Herriko erakundeei, bai Europa mailan, esku hartu dezaten.

Ez da lehen aldia herritarrei mobilizatzeko eskatu diezuena; urtarrilaren 26an eta otsailaren 12an elkarretaratzeak egin zenituzten. Baina, oraingo honetan, deialdi zabalagoa da.

Sortu, Alternatiba, Podemos, euskal sindikatu guztiak, Sare Antifaxista… Atxikimenduak jasotzen joan gara, eta mugimendu feminista eta ekologistei ere luzatu zaie deialdia. Egoerak gordina izaten jarraitzen duenez, beharrezkoa zen plataformatik kanpo beste eragileekin, alderdiekin eta sindikatuekin bat eginda deialdi handi hau luzatzea. Ofentsiba hasi bezain pronto ikusi genuen sekulako beharra zegoela parte hartzeko; hau ez da beste mota bateko eraso soil bat. Gerra honetan Turkiaren parte hartzea nahiko isila izan da. Modu lotsagabean beste herrialde bat inbaditzen hasi da, proiektu politiko bati kontra egiteko helburuarekin.

Kontzientzia pizte horretan, zernolako erantzuna izan zuten elkarretaratzeek?

Lehen deialdia Iruñean, Gasteizen eta Bilbon izan zen. Mugimendu internazionalistok ikusten genuen garrantzitsua zela modu bateratu batean egitea; behintzat egun berdinean oihartzun handia izateko. Eta jende dezente gerturatu zen lehenengo elkarretaratzera. Iparraldetik kurduak ere etorri ziren, bai eta Euskal Herriko hainbat mugimendutako jendea ere.

Europa Martxan ere izan zinen otsailaren 8tik 17ra, Abdullah Ocalanen zein preso politiko kurdu guztien askatasuna exijitu, Kurdistanentzat konponbide politikoa aldarrikatu eta Europako hainbat erakunderi euren erantzukizun eta ardurak bete ditzaten eskatzeko.

Bruselan (Belgika) hasi eta Estrasburgon (Frantzia) amaitu zen, eta Euskal Herritik zortzi pertsona joan ginen. Iaz egin zen lehenengo aldiz, eta helburu nagusia zen Ocalan lider kurduaren askatasuna eskatzea. 19 urte daramatza kartzelan, azken urteak inkomunikatuta; abokatuekin ere ezin du hitz egin. Horrela hasi zen Europa mailako martxa hau. Aurten, ordea, eskaera horri gehitu zaio Afrineko egoeraren larritasuna. Hamazazpi herrialdetako 140 bat internazionalista egon ginen, bai eta komunitate kurdua, PYD Rojavako alderdiko kideak eta gazte mugimendua ere.

Aurreko urteko ibilbidea aldatu egin zen. Zergatik?

Pasa den urtean Frantziatik eta Alemaniatik egin zituzten ibilbideak, baina segurtasun arazoak izan zituzten, turkiar faxistak joan zirelako beraien bila. Horregatik, aurten Suitzan egitea planteatu zen, eta martxaren zatirik handiena Suitzan egin genuen. Egunero tartetxo bat egiten genuen ibiltzen. Genevan agerraldi publikoa egin genuen Nazio Batuen Erakundearen aurrean, beraien inplikazio falta eta isiltasuna salatzeko asmoz. Gero, Estrasburgon manifestazio handia egin genuen eta ekitaldi erraldoi bat, helburu beragaz: Afringo egoera salatzea eta Ocalanen askatasuna eskatzea.

Nazioartearen konplizitatea eta isiltasuna salatu zenituzten. Zer-nolako erantzukizuna dauka Europak auzi honetan?

Isiltasun horretaz aparte, gainera, neurri faxistak ezartzen ari dira Europan zehar. Alemanian, adibidez, Kurdistanekin zerikusia daukaten hainbat elkartasun erakunde legez kanpokotu dituzte, bai eta banderak eta edonolako sinbologia kurdua ere. Aipatzekoa da Turkiak egindako debekuen ondoren, Alemaniak debeku berdinak jarri dituela. Eta Afrinen Alemaniatik bidalitako tankeak aurkitu dira. Inplikazioa ez da bakarrik debekuekin, baizik eta armak ematen ere inplikazioa nabaria dela salatu nahi dugu. Siriaren, AEBen eta Errusiaren onespenak edota isiltasunak eragin du egoera hau; erantzuleak dira. Batzuen inplikazio zuzenak eta besteen isiltasunak eragiten dute egoera hau.

Hemendik zer egin daiteke?

Lehenengo eta behin egin behar dena da informatu, mobilizatu eta gure inplikazioak salatu. Hau da, armen salmenta salatu, bai eta Turkiaren eredu faxista ere.

Hedabideek zelan jardun dute auzi honetan?

Turkiak ia 400 kazetari edota txiolari atxilotu ditu Afrinen gertatzen ari dena salatzeagatik eta mobilizazioetan parte hartzeagatik. Nazioarteko hedabideen papera aztertzea ez da erraza. Komunikabideek normalean nahastutako informazioa eskaitzen dute, eta ikuspuntu batetik bakarrik. Euskal Herriko armagintzak duen inplikazioa salatzea ahazten zaigu, eta hor geuk ere badugula gerra inperialista hauen erantzukizuna. Hori ere salatu behar dugu.

Urtarrilaren 19an hasi zen Turkia Afrin erasotzen. Zein da ordutik bizi duten egoera?

Orain arte espazio oso segurua izan da. Kurdistanek autonomia bat deklaratu zuen, konfederalismo demokratikoa ezartzeko asmoz. Etnia desberdinen bizikidetza bultzatu nahi du, baita emakumezkoen askatasuna ere. Inguruko herrialdeek ez dute hori nahi. Herrialde arabiar horiek ez dituzte emakumezkoen eskubideak errespetatzen, eta euren kontrako mehatxutzat hartu zuten. Erasoaldia hasi aurretik Afrin izan da Siriatik datozen errefuxiatu gehien hartu dituen zonaldea. Hau da, errefuxiatu arabiarrak hartu dituen zonaldea da, eta Turkiak lehen bonbardaketa zibilak egin dituen espazioak errefuxiatu eremuak izan dira. Ideia politiko baten kontrako erasoa izan da, ez bestelako interesetan oinarritutakoa. Bere interesa da ideia eta iraultza hori deuseztea; ez bere mugak defendatzeko asmoz, ez beste inolako aitzakiagaz. Kurduak elkartzen diren espazio libre hori ez du bermatu nahi.

Airetik ez ezik lurretik ere erasotzen ari direla salatu duzue.

Bortizkeria izugarria izan da. Ehunka hildako eta ehunka zauritu eragin ditu, eta horietatik asko errefuxiatuak dira. Esaterako, biral egin den bideoan ikusten da emakume bati titiak moztu dizkiotela. Indarkeria eta sadismo hori esanguratsua da. Turkiako armadarekin batera ISIS edo Al- Nusrako miliziak ere badaude beraiekin. Turkiaren faximoa izugarria da.

Konponbiderik ikusten al diozue?

Rojavako autonomiaren zilegitasuna azpimarratu behar dugu, haiek aukeratu duten bide bat delako. Haien proiektua errespetatu behar da. Zaila da aurreikustea zer pasatuko den, egoera oso bortitza izan baita, eta egindako sarraskiak izugarriak izan baitira. Inplikazioa eskatzen da; Afrinetik ere eskaera egin dute Siriako Gobernua inplikatu dadin. Baina oraingoz ez dago emaitzarik. Zaila da. Turkiari ez bazaio esku frenoa jartzen, honek ez du aurrera egingo. NATOko bigarren ejertzitorik handiena da; daukan indar armamentistikoa geratzea ez da batere erraza.