Segurtasunaz zer ulertzen den

Segurtasunaz zer ulertzen den

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Pertsona batek lapurtzeko dituen arrazoiak desagerrarazi ala lapurrari eskua moztu. Erantzun prebentiboa da bat; eta, erreaktiboa, aldiz, bestea. Fokua non jarri. Horixe da azken asteetan Bilboko Udalean lantzen ari diren segurtasun itunaren korapilo nagusia. 25 neurri biltzen dituen proposamena egin du EAJk eta PSE-EEk osatutako Udal Gobernuak, baina adostasuna lortzetik urrun daudela iradoki dute oposizioko alderdiek. Hiri segurtasuna polizia kopuruarekin lotzea leporatu diote Udal Gobernuari EH Bildu, Udalberri eta Goazen Bilbao koalizioek, eta arazoaren muinera egitea beharrezkoa dela azpimarratu; hau da, balizko delituen prebentziora eta neurri sozialetara. Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak salatu du auzoak eztabaidatik kanpo utzi dituztela. “Gai hau ez da huskeria bat, eta Bilbok asko du jokoan. Adostasunak lortzetik urrun gaude oraindik”. Hala azaldu zuen Amaia Arenal Udalberriko bozeramaileak asteartean gaiari buruz aritzeko agerraldian. Nork bere ikuspegia txertatu nahi du itunean, baina argi dago segurtasunetik harago doan eztabaida dela. Gaia lantzeko bilera dute gaur Bilboko udaletxean.

Segurtasunari buruzko eztabaida aspaldikoa den arren, azken hilabetean hartu du abiadura. Txinparta: abenduaren 23an 43 urteko gizon bat hil zuten Abandon, eta urtarrilaren 18an, 87 urteko senar-emazte batzuk Otxarkoagan. Mediatikoak izan dira gertakari biak, eta, jazoeren eraginez, erdigunean kokatu da Bilboko hiri segurtasunaren eztabaida. “Errudunak ordainduko du”; zalantzarik ez zuen izan Juan Maari Aburto alkateak orduan, eta segurtasuna “areagotzeko”polizia gehiago atera zituen kalera gertakarien ondoren. Bestelako mezua zabaldu zuten Otxarkoagako auzokideek: “Halakorik egon ez dadin neurriak jarriz konpontzen dira gauzak, eta ez ‘errudunak ordainduko du’ esanez”.

Denak datoz bat: hiri segurua da Bilbo. Baina segurtasuna nola ulertzen den galdetuta hausten da batasun hori. Izaskun Guarrotxena EH Bilduko ordezkariaren arabera, pertsonen bizi kalitatearen arabera neurtu behar da, ezinbestean, “eta ez kriminaltasun kopuru eta estatistiketan oinarrituta bakarrik. Orain arteko segurtasun kontzeptutik harago joan behar gara. Segurtasunaren esangura zaharrak neurri polizialekin bakarrik erantzuten dio egon daitekeen arazoari”. Udal Gobernuak egin duen proposamenak ez du segurtasunaren arloa “modu integralean” lantzen EH Bilduren ustez. “Aurkeztu diguten dokumentua irakurrita, argi geratzen da Udaltzaingoaz soilik hitz egiten dutela. Hau da, Udaltzaingoa berrantolatzeko plana da. Uste dugu bestelako neurriekin lagunduta joan beharko lukeela: itun sozial batekin, esaterako”.

Poliziari lotutako plana

Iritzi bera plazaratu du Udalberrik ere. Carmen Muñoz ordezkariaren arabera, “herritarren segurtasunaren” kontzeptua delinkuentziarekin eta ordena publikoarekin lotzen da oraindik. “Pertzepzio hori baztertu, eta auziaren edukiak politika sozialetara eta hiri plangintzara zabaldu behar dira”. Bilboko udal gobernuak proposatutako 25 neurriak bestelako norabidean doaz, Muñozen arabera. “Poliziarentzat egindako proposamena dirudi, eta ez bilbotarrentzat. Polizia kopuruan jartzen da fokua, eta ez dira lantzen arazo estrukturalak; hiriburuko hainbat auzotan dauden ezberdintasun sozialek eragiten dituzten egoeretan, kasurako”.

Ildo horri tiraka proposatu du Francisco Samir Lahdou Goazen Bilbo koalizioko bozeramaileak itunari izena aldatzea; Bilboko Segurtasun eta Bizikidetza ituna izena proposatu du, baina ez da bakarra izan. Udalberrik ere Hiri Segurtasunerako itun gisa agertzea nahi du. Izenak egitasmoaren izana azaltzea nahi dute koalizio biek. Lahdou: “Gure helburua da delituaren prebentzioan indar egiten duen ituna adostea”. Baina, horretarako, polizia etxeak eraldatzea beharrezkoa dela iritzi dio. “Maskulinizatuta daude erabat, eta, batzuetan, era paternalista eta zakarrean aritzen dira herritarrekin. Emakumeen zaurgarritasuna ez areagotzeko eta, oro har, tratua hobetzen duen protokoloa onartzeko, beharrezkoa da horiek egokitzea”.

Zenbakiei erreparatuz gero, arrazoirik ez zaio falta Lahdouri; izan ere, gaur egun, 747 udaltzain ditu Bilbok, eta horietatik 58 dira emakumeak. Iragarri dutenez, 2018an, 80 postu gehituko dira langile zerrendara: 13, hilabete honetan hasi dira lanean, eta, gainontzeko 67ak, uztailean hasiko dira, Ertzaintzaren Arkautiko akademian (Araba) prestakuntza jaso ondoren. Bada, Bilboko Udaltzaingora gehituko diren 80 behargin berrien artean errealitate bera dago: 14 dira emakumeak eta 66, berriz, gizonak.

PP izan da polizia zaintzaren eremuan indar egin duen alderdi bakarra. Luis Egiluz bozeramaileak hamabi proposamen aurkeztu ditu; besteak beste, polizien arteko datu base komuna sortzea, polizien etengabeko prestakuntza eta gatazkatsuak diren eskualdeetan polizia kopurua areagotzea eskatu du. Ikastetxeetan ere kontrola areagotzearen alde azaldu da Egiluz. “Jarraipen eta azterketa zorrotzagoa egin behar zaie eskoletako piper egiteei eta jazarpen kasuei”. PPk ez beste alderdi guztiek, berriz, auzo polizia ala gertuko polizia gisakoak aipatu dituzte egindako adierazpenetan. Koalizio abertzalearen hitzetan udaltzainek ez dute harremanik auzokideekin, ezta tokian tokiko eragileekin ere. Guarrotxena: “Auzoetan erreferentziazko bi udaltzain jartzea proposatzen dugu. Horiek lortuko lukete hurbileko harremana izatea auzotarrekin”.

Gertuko poliziaren alde azaldu da Ganemos Goazen ere eta Udalberrik harago jarri du begirada: ikastetxeetan gizarte bereizkeriaren aurka egiteko programak martxan jartzearen premian egin du indar. “Ikastetxe publikoetan, hezkuntza komunitateei baliabide gehiago eman behar zaie. Sarritan, ikastetxe horiek gainezka egiten baitute hartu behar dituzten erantzukizunen ondorioz, erakundeek erakusten duten utzikeriagatik. Bazterkeriaren aurkako neurri guztiak baliagarriak izango dira etorkizuneko gatazkak prebenitzeko. Azken finean, sistemak bizkar eman dien gazteak integratzeko erremintak eskaintzeaz ari gara”.

Otxarkoaga auzoaren kasua izan liteke adibiderik argiena: familiako errenta apalena duten auzoetako bat da: 21.935 euro urtean, Bilboko batez bestekoaren ia erdia (41.535 euro). Azken bi hamarkadetan bi ikastetxe publiko itxi dituzte, “eta gelditzen diren eskoletako bakar batean ere ez dago hezitzailerik”. Hala azaldu zion Alvaro Perez Otxarkoagako gizarte hezitzaileak urtarrilean BERRIA egunkariari. Halako egoerei aurrea hartzea litzateke, koalizioaren arabera, prebentzio lanik onena.

Iazko datuen eragina

Segurtasunari buruz jardungo dira gaur udaletxean. Kasualitatea ala ez, udalak Bilboko 2017ko segurtasunaren eta delituzko ekintzen erradiografia aurkeztu zuen asteartean. Emandako datuen arabera, delitu kopuruak gora egin zuen iaz Bilbon: %1,8, 2016ko datuekin alderatuz gero. Eta nabarmentzekoa da 2016an baino sexu eraso bat gehiago salatu zela iaz Bizkaiko hiriburuan. Halaber, sexu askatasunaren aurka egindako salaketen ehunekoak ere ia 10 puntu egin du gora. Datozen egunetan ikusiko da aurkeztu berri duten txostenak segurtasunari buruzko eztabaidan eraginik izango duen ala ez.

Egoera iraultzeko, prebentzioa jarri du udalak lan ildo gisa. 14 bilera egin zituen iaz bizilagun elkarte eta bestelako eragileekin segurtasunari lotuak zituzten kezka eta proposamenak jasotzeko. Udaltzaingoak informazio kanpaina jarri du martxan, eta eskuorriak banatu ditu denda eta tabernetan. Bada, udala bultzatzen ari den segurtasun itunean parte hartzeko eskaera egin zuen Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak, eta salatu duenez, oraindik ez du erantzunik jaso. Auzo elkarteak bilbotarrengandik gertuen dauden eragileak direla eta, beraien ekarpena baliagarria dela ohartarazi du federazioak.