“Afrika ezin daiteke ulertu ipuin, kantu eta atsotitzik gabe”

“Afrika ezin daiteke ulertu ipuin, kantu eta atsotitzik gabe”

N. S. O.

Istorio Biziak programak gonbidatu aproposa aukeratu du sustraien bila murgiltzeko aurten duen asmoa betetzeko. Beste artista batzuen artean, Boniface Ofogo ariko da (Kamerun, Afrika, 1966), ipuin kontalari. Bere jatorrira eramango ditu ikus-entzuleak, agertokitik atera gabe, arbasoen Afrika ikusarazteko.

Zer aurkituko dute zure ikuskizunera doazenek?

Nire asmoa da ikus-entzuleek Afrikako izpiritua ikus dezaten Bilboko agertokian. Ikus-entzuleak Afrikara eraman nahi ditut, Bilbotik atera gabe. Irudimenaren eta hitzek iradokizunerako duten botereari esker, Afrikaren benetako izpiritua aurkitzea proposatzen dut. Arbasoen Afrika erakutsi nahi dut, balioz eta beste hainbat elementu positiboz betetako Afrika bat.

Zeintzuk ezaugarri ditu Afrikako ahozko tradizioak?

Kultur mugimendu gehienen sorleku gisa hartu behar da Afrika, gure espeziearen jatorria delako. Kultur mugimendu horien barruan sartu behar da ipuinak kontatzeko tradizioa ere.

Ba al dago desberdintasunik herrialde bateko eta besteko ipuinei dagokienez?

Mundu osoko ipuinek antz handiak dituzte, besteak beste, gizakiari kezka eragiten dioten kontuei heltzen dietelako. Kezka horien artean, aipa genitzake ezagutzen ez dugunaren beldurra, harreman sozialak, heriotzaren beldurra edota dibinitatearekiko harremana. Afrikan istorio horiek oraindik ez dira pasatu moral burges eta katolikoaren galbahetik. Horregatik dira bene-benetakoak.

Beraz, Afrikako izpirituaren alde batzuk ezagutzeko aukera izango da?

Bai, zalantzarik gabe. Ipuinak eta, oro har, ahozkotasuna halabeharrezkoak dira Afrikara gerturatzeko. Afrika ezin daiteke ulertu hango ipuin, kantu eta atsotitzik gabe.

Ipuin bat zer da, istorio bat besterik gabe, edo atzean ikasbideren bat izan behar du?

Ipuin guztiek daukate zerbait atzean. Istoriorik inozoenak ere ezkutuko mezuz beteta daude. Horiek deszifratzen jakin behar da. Horren adibide dira, besteak beste, elezahar afrikarrak. Ikus-entzuleei dagokie mezu horiek aurkitzea. Ipuin afrikarrek inuzente itxura izan dezakete, baina ez dira. Itxuraz hutsalak diren gauzei buruz hitz egiten dute, baina barru-barruan arazoen muinari heltzen diote.

Zeintzuk ezaugarri izan behar ditu ipuin kontalari on batek?

Hasteko, ipuin kontalari on batek komunikatzaile ona izan behar du. Ipuinak kontatzea, ororen gainetik, komunikazioaren artea menderatzea da. Hizkuntza maneiatzen jakin behar du, emozioak kontrolatzen, ikus-entzuleekin konektatzen. Arte eszeniko guztien artean pertsonalena da.