Testuingurua

Igor Elordui Etxebarria

Testuingurua zer den? Hona hemen, euskararen C2an edo 4. maila delakoan gabiltzanok ematen jakin beharko genukeen erantzuna:

Hiztunok, komunikatzean, ekintza komunikatibo bat gauzatzen dugu (hitz egitea, idaztea… hizkuntzarekin gauzak egitea da). Bada, ekintza komunikatiboak testuinguru batean gauzatzen dira beti. Zehatzago, bost dira testuingurua definitzen laguntzen duten elementuak: 1-Enuntziatzailea: nork, baina hori baino garrantzitsuagoa, zein roletatik sortu duen testua (ahozko zein idatzizkoa). 2-Enuntziatarioa: nori, baina batez ere, zein roletatik jasoko duen. Jakina da ez dugula modu berean komunikatzen baldin eta gure mezuaren hartzailea haurra ala pertsona heldua bada; laguna ala lankidea bada; bezeroa ala administrazioa bada… 3-Erabilera-esparrua: lanekoa, familiakoa, komunikabideetakoa… Esparruak askotan moldatuko du mezua; izan ere, ez dituzte ezaugarri berak esparru pribatuan edo publikoan sortzen diren testuek. 4-Testu-generoa: hizkuntzaren zer forma eman testuari: artikulua, aurrez aurreko elkarrizketa, gutuna, eskabidea… 5-Xedea: zertarako sortu dugun testua: informatzeko, eragiteko…

Beraz, sortzen zein jasotzen ditugun testu guztiak daude, ezinbestean, testuinguruak baldintzatuta. Horra hor testuingurua zer den, eta zein garrantzitsua den. Eta, berez, horrekin amaitzen da Iñigo Martinezek Realari eta realzaleei bere azpieuskalkian idatzitako agur-gutunari buruzko polemika. Iñigo Martinezek ez zuen testuinguruarekin asmatu. Kito.

Kito, bai, baina… Horren haritik: zein paradoxa tristea den hainbatek uste izatea bizkaieraz nabilela hauxe esaten badut: “Gaur, barikuz, testuinguruari buruz egin gura dizuet berba”. Eta aditzea esaten Unibertsitateko euskal filologiako irakasle euskaltzain bat —batuan ari delakoan, euskalkian—: “Klasean, mesedez, batuan egin, nik hemen ez det onartuko euskalkian hitz egiterik”. Eta zer amorragarria den entzutea hainbat eta hainbat, euskara perfektuan dabiltzalakoan, erdaraz? Zeren eta hala egiten baitute eskola, ikastola, institutu zein unibertsitateko irakasle askok; telebistako aurkezle eta irratiko esatari zenbaitzuk; politikari gehienek, Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakariak berak eta ondarroarra kritikatu duten batzuk.

Askojakin eta sasijakintsuok: aire danok globun. Asaldatzen zarete zerekin eta futbolari batek bere azpieuskalkian idatzi duen agur-mezuarekin? Aholku bat, hainbati: zaindu batua, bat-bateko oldarraldiz horrenbeste maite duzuela erakutsi baituzue (baina benetan zaindu, zeren eta zuek maite izango duzue, baina nik haren beharra dut): saihestu erdarakadak, jagon ahoskera, aberastu lexikoa, landu jatortasuna, ekidin atzerakarga, gerundio faltsua eta alferrikako erlatiboa… Eta egin kasu hizkuntzaren testuinguruari: egin ezazue euskalkian hala komeni denean, eta batuan hala egin behar denean. Ez egin euskalkian, batuan ari zaretelakoan. Eta batez ere, ez egin erdaraz, euskaraz ari zaretelakoan.