“Irudikatzen ez dena ez da existitzen”

“Irudikatzen ez dena ez da existitzen”

A. Larrabe Arnaiz

Hizkuntza minorizatu batetik heldu dio Lazaro Louzaok (Xove, Galizia, 1988) gaur egun gizartearen bazterrean kokatzen den errealitate bati: Robertok eta Miguelek osatutako bikotearen istoriotik abiatuta, LGTBI pertsonen egoera ageriratu du Nove de Novembro filmean. Galegoz grabatutako lehenengo LGTBI pelikula da Louzaorena, eta hilaren 24an aurkeztuko du, Zinegoak jaialdian.

1989. urtean kokatu duzu filma, Berlingo harresia erori zen urtean. Zer da kontatu nahi duzuna?

Europako egoera soziopolitikoa guztiz aldatu zen 1980ko hamarkadan, eta abagune horretan kokatu nahi nuen Roberto eta Miguelen bikote harremanaren gainbehera, nolabait Berlingo harresiaren erorialdiaren eta bikote harremanaren galeraren arteko paralelismoa eginez. Sorkuntza prozesuan erabaki nuen film luzea egitea. Orain arte, film laburrak besterik ez dut egin, eta pelikulako protagonisten harremana eten aurreko egoera kontatzea beharrezkoa ikusi nuen, trantsizio garaiari buruzko hausnarketa egiteko: hiesaren gorakada, heroinaren arazoa… Pertsonaiak haziz joan ziren, eta, konturatzerako, ez zitzaidan film laburrean dena sartzen. Hortaz, luzera egin nuen jauzi.

Galegoz egin den lehen LGTBI filma da. Esangura berezia du hizkuntzaren hautuak?

Egia esan, filma grabatzen ari ginen bitartean konturatu ginen galegoz gaia lantzen zuen lehena zela. Arraroa izan daiteke, 2018an gaudelako eta zinema duela 100 urte asmatu zelako. Baina euskaraz ere gauza bera gertatzen da: Ander filma izan zen LGTBI gaia landu zuen lehena, 2009an. Uste dut halako pelikulak galegoz ala euskaraz egiteak lotura handiagoa duela hizkuntzaren auziarekin gizarte kontzientziarekin baino: ez dut uste orain egiten direnik Galiziako gizartea eta euskal gizartea prestatuago daudelako, oro har gure hizkuntzetan gehiago produzitzen delako baizik.

Autofinantzatutakoa da lana.

Crowdfunding kanpaina bat egin genuen, eta arrakastatsua izan zen: 10.000 euro lortu genituen. Xoveko Udalak ere laguntza eman digu, eta lagunen eta familiaren babesa funtsezkoa izan da.

Bilbokoa izango da lehen emanaldia?

Mundu mailako estreinaldia egingo dugu hilaren 24an Bilbon, eta Donostian ere emango dugu gero. Proiekzio askoren abiapuntua izatea espero dugu; izan ere, pelikula txikia da, eta saiatuko gara jaialdietan mugitu eta ahalik eta indar gehien biltzen.

Zer-nolako garrantzia du halako gaiak zineman lantzeak?

Garrantzi guztia du, irudikatzen ez dena ez delako existitzen. Pertsona batek batez beste 50 ala 100 film ikusten baldin baditu urtean, eta horien guztien artean batean ere ez bada azaltzen pertsona gay ala lesbiana bat, errealitate hori ez da existitzen. Nik gay nintzela deskubritu nuenean ez nekien sentitzen nuena azaltzeko hitz bat zegoenik, nire inguruan eta familian ez nuelako halakorik jaso. Gauzak azaltzea eta irudikatzea oso garrantzitsua da.