Bizitza palko batean

Igor Elordui Etxebarria

Palkoa da futbol-partida bat ikusteko dagoen lekurik txarrena. Horixe aurreko astean, gaur zortzi, lagunek —athleticzaleak eta bazkideak, eurak ere—, Athleticek eta Eibarrek jokatu zuten norgehiagokaren ostean egin zidaten galderari eman nion erantzuna.

Bizitzan ematen diren karanbola horietako baten graziaz, Athletic-Eibar partida ikustera San Mameseko ohorezko palkora joateko aukeraz baliatu nintzen. Eta joan nintzen, nahiz eta banekien neurea sentitzen ez dudan itxurakeriazko mundutxo hartan deseroso xamar sentituko nintzela; kuriositateagatik, besterik ez bazen ere, joan nintzen. Sartu orduko adierazi zidaten, oso era adeitsuan, gorbata jantzita behar nuela sartu eta, ez neukanez, arropazaindegian eskatzeko, hura jar nezan. Gorbatak segitzen du izaten, antza, horrelako eremu itxurazko (eta maskulinoan) sartzeko nahitaezko pasaportea. Jantzi nuen, bada, aginduzko janzkia; gorbata zuri-gorri dotorea, inoren begietan.

Jada barruan: moketa eta horma grisdun saloi handia, alderik aldeko barra luzea eta bospasei besaulki eta mahaitxo beltzak eta gorriak. Eta bereizketa soziologikoa: neure moduan joandako gorbatabako gizajo bakanon artean, garaiotan egiten dugun oro erakuts beharraren beharraz, dena zen sakelakoarekin ateratako argazki, bideo eta selfie. Ostera, janari eta edanari emanak ziren barraren eta mahaitxoen bueltan serieko gorbatadunak; aurpegiera zurrun eta molde finez. Partidako atsedenaldian errepikatu zen argazkia.

Eta partida bitartean? Bada, futbolari so, zelaira eta palkoa zuinkatzen duten hamaikatxo telebista-pantailetara adi, jokaldien errepikapenak ikusten, tarteka. Imintziorik ez, ordea. Ez oihurik ere. Gorbataren diktadurapeko protokoloari men. Orduan, inbidiaz begiratzen hasi nintzen Iñigo Cabacas herri harmailakoei, Eibar futbol-taldeko zaleei, nire lagunei… ohartuta, egun futbola den itxurakeria handian ere, ezer benetakorik egotekotan, hortxe dagoela: sentimenduen azaleratzean, bat-batekotasunean, etxean egindako ogitartekoan, artilezko txano eta lepokoetan…

Futbolean bezala da bizitzan. Azken batean, futbola, kirola bezainbeste, geure gizartearen adierazpen bat da. Ez dut neure burua justifikatu beharrik, baina futbola eta futbolzaleak arbuiatzeko tentazioari eutsi ezin diotenei esango diet Eduardo Sacheri idazle argentinarrak idatzi zuena Esperándolo a Tito ipuinean: Badago futbolak bizitzarekin, gauza garrantzitsuekin, zerikusirik ez daukala dioen jendea. Ez dakit zenbat dakien jende horrek bizitzari buruz. Gauza batekin ziur nago, ordea: ez dakite ezer futbolari buruz.

Luze joko luke gaiak, badakit (hurrengo baterako). Esan gura dudan gauza bakarra da gure gizartea, gure mundu hau, palkoz beterik dagoela; benetakoak zein alegiazkoak. Eta ez dagoela gauza hutsalagorik, absurdoagorik, bizitza palko batean baino.