Artea eta aisia uztartuz, 2018ko egitaraua osatu du Azkuna zentroak

Artea eta aisia uztartuz, 2018ko egitaraua osatu du Azkuna zentroak

Peru Azpillaga

365 egun zabalik eta 4 milioi bisitari. 400 jarduera kultural baino gehiago eta 90.000 parte hartzaile. Horiek dira Azkuna zentroak 2017ko jardueretan bildutako datuak. Berriztutako alondegian kokatutako espazioak, ez dio hazteari utzi azken urteetan, eta hedapen horri eutsi eta hura handitzeko, ekintzaz eta berrikuntzaz beteriko egitaraua osatu du 2018. urtea are aberasgarriagoa izan dadin.

Izenak argi uzten duenez, Bilboko Udalaren apustu garbia izan zen Azkuna zentroa. Lourdes Iriondo zentroko zuzendariaren esanetan, “egun Bilboko ikurretako bat da, eta hiriko eragile ekonomiko eta sozial nagusietarikoa”. Hain juxtu, Juan Mari Aburto alkateak harro jaso du, aste honetan bertan, Urban Land Institute (ULI) erakundeak Azkuna zentroari eman dion bikaintasun saria, Berlinen.

Bere jardunaren %47 autofinantzatzea lortzen du zentroak, batik bat, inbertsio pribatuei, espazioak enpresei alokatzeari eta ekintza fisikoei esker. Beste %53a (11 milioi euro inguru) udalaren inbertsioaren esku geratzen dira.

Azkuna zentroaren helburu nagusia Bilboko artearen, aisiaren eta kulturaren erdigune bilakatzea da. Horretarako, hainbat eratako espazioak kudeatzen ditu, eta mota askotako ekintzak egin. Bere jarduna, oro har, hiru euskarriren gainean eraikia du: mediateka, jarduera fisikoak eta artea eta kultura. Aurtengo egitarauaren ekintzen artean, askok, aurretik egindako lanari jarraipena emango diote, lehendik hasitako dinamika eta proiektuak berretsiz. Beste asko, ordea, berrikuntza moduan txertatu dituzte, eta aurrekoek izandako arrakasta bera izatea espero dute antolatzaileek. Gainera, horrekin batera, nazioarteko jaialdi eta programa andana jasoko dituzte.

Artea, kultura eta aisia

Artea eta kulturari lotuta, hiru erakusketa izango dira aurten: Itziar Barriorena bat, arte eta forma berrien nazioarteko topagunea den Prototipoak, eta Angela de la Cruz artistaren lanek osatutakoa. Artista sortuberrien erakusketak ere egongo dira ikusgai. Gainera, Gabon Arte ume eta familientzako kultur programaren seigarren edizioa antolatuko dute, era ludiko eta hezigarri batean antzerkia, dantza, arkitektura eta musika bilduz. Arte bizien programa egonkorra ere mantenduko da, eta denboraldiari Elipsiak zikloaren hirugarren edizioarekin emango diote amaiera. Alta, landuko dituzten gaien artean, feminismoa nabarmentzekoa da; bestak beste, Ikuspegi feminista ekoizpen artistikoetan eta artearen teoriak ikastaroa antolatu eta Viva. Arte eta Pentsamendu garaikideko sare feminista abian jarriko dituzte.

Musikaren arloan, abian dauden Urpeko musika kontzertuak antolatzeari jarraipena emango diote, eta soinu sorkuntza eta inprobisazioarekin lotutako topaketak ere izango dira. Aurten, ordea, berrikuntza bat ere txertatu dute egitarauan: ostiraletan euskal munduarekin lotutako kontzertuak izango dira alondegiaren atrioan. Azkenik, zinemaren zaleek ez dute galduko Zinematekaz gozatzeko aukera; aurten, bi programazio ildo eskainiko ditu: zinema garaikidea asteazkenetan, eta zinema klasikoa ostegunetan. Bestetik, AzPlay programa ere azpimarratzekoa da antolatzaileen arabera, bideo joko independenteen nazioarteko erreferente bilakatu baita. Azaroan antolatutako edizioak markak hautsi zituen, eta parte hartzea aurreko aldian baino %72,8 handiagoa izan zen. Teknologia berriekin eta bideo jokoekin lotutako egitarau askotarikoa osatu dute; aurreko urteetan lortutako arrakastaren ostean, aurten ere, erregistro guztiak apurtzea espero dute. Batik bat, Global Jam Bilbao eta AzPlay exhibition touring bezalako ekintzekin.

Artea eta kulturaz gain, Mediateka da Azkuna zentroaren beste apustuetako bat. Joan den urtean 543.000 pertsona hartu zituen, eta Gutun Zuria du egitasmo garrantzitsuena. Apirilaren 23tik 30era egingo da eta naturarekin lotutako literatura izango du hizpide. Gainera, Azkuna zentroak irakurketa errazaren aldeko bere hautua berretsi, eta, besteak beste, irakurketa errazeko liburu berriak euskaraz argitaratzeko dirua biltzeko bigarren eskuko azoka bat antolatuko du. Azkenik, beste hainbat dinamiken artean, Meatzaldea programarekin jarraitzeko asmoa ere azaldu dute; hain zuzen ere, kultur adierazpen anitzetako sortzaileei hitza ematen dien programa.

Hirugarrenik, jarduera fisikoari lotutako espazio eta ekintzak antolatzen jarraitzeko eta 2017an jasotako 769.000 erabiltzaileen langa gainditzeko, hainbat berrikuntza prestatu dituzte. Guztira, 23.800 saio antolatu dira 2018. urterako, eta, horretaz gain, Mind fullness tailerra hasiko da, norbanakoen kontzientziak astintzeko.

Horrekin batera, baliabideen arloan, hainbat espazio birmoldatu egingo dituzte: aztarna digitala erabiltzen hasiko dira instalazioetara sartu ahal izateko eta guraso bakarra duten familientzako tarifa berri bat sortuko dute.

Azkuna zentroak antolatutako ekintzak, ordea, ez dira alondegiko bakarrak. Bere jarduera propioak osatzeko, kanpoko ekintza eta egitasmo ugari jasotzen dituelako urtero-urtero zentroak. 2018. urtean, 150 kanpo proiektu baino gehiago izatea aurreikusten du Azkuna zentroak; horien artean: BasqueFest, Zinebi, Film Sozialak jaialdia eta Berbagunea.