Analisia: Txanponaren bestaldeko aukerak baliatu

Beñat Zarrabeitia

1982ko martxoa. Ingalaterrako tabloide batek azalera eraman zituen zaborrez gainezka zegoen Ereagako hondartzako irudiak. Handik hilabete gutxira, Ingalaterrako futbol selekzioak bertako hotel batean kontzentratu behar zuen munduko txapelketako partidak San Mamesen jokatu behar zituelako. Ekainean, milaka zale etorri ziren Ingalaterratik. Eguraldi sargori haietan, hooliganek hainbat istilu sortu zituzten, eta haien ibilerak bilbotarren iruditegi kolektiboan iltzatuta geratu ziren. Txapelketaren harira, presoen eskubideen aldeko eragileek edo mugimendu antinuklearrak mobilizazioak antolatu zituzten, besteak beste, hizkuntza ezberdinetan idatzitako kartelak erakutsiz.

Beste garai bat zen, toki berean kokatutako beste hiri eredu batean. Ke eta berun arteko egun horiek erretratatu zituen Eloy de la Iglesia zinegileak El Pico filmean. Uholdeek, gatazka politikoak eta industriaren gainbeherak krisi sozial latza eragin zuten. Orduko Bilbo horrek, gogor bezain adoretsua, ez zituen turistak jasotzen, eta apenas antolatzen zuen nazioartera begirako ekitaldirik. Hiru hamarkada baino gehiago igaro dira ordutik. Egun, titanioaren gerizpean, hiria erabat aldatu da. Iraganeko kutsadura eta gogortasunik gabe baina kolektibotasun gutxiagoarekin egin du aurrera.

Turisten presentzia arrunt bilakatu da Bilbon, eta herritarren gehiengo batek begi onez ikusten du. Askorentzat, hiriaren eraldaketari eginiko aitortza publikoa suposatzen du bisitarien etorrerak, eta erakundeek apustu handia egin dute azken urteetan. Horren lekuko dira, besteak beste, Bilbao BBK Live jaialdia eta 2014ko munduko saskibaloi txapelketa. Udalak eta foru aldundiak ekimen masiboak antolatzeko hautua egin dute, turistak erakartzeko asmoz.

2018. urteak mugarri ezberdinak utziko dizkigu. Europa mailako errugbi txapelketa nagusietako finalak, Espainiako Itzulia eta MTV Europe Awards sariak. Ekimen horien bitartez, erakundeek Bilbo nazioarteko erakusleihoan kokatu nahi dute berriz. Ondoren etor litezkeen iniziatibei ateak irekitzeko asmoz, horien artean Frantziako Tourra eta UEFA Europa Leagueko finala. Eta, nola ez, 2020ko Eurokopa.

Ekimen jendetsuak izango dira, baina titanioaren dirdirak ere hain argiak ez diren gerizpeak sortzen ditu. Besteak beste, hiriko hainbat gunetan alokairuen prezioek izan duten igoera, pisu turistikoen hedapena, hotel gehiagoren eraikuntza eta zerbitzuen sektoretik eratorritako hainbat lanposturen prekaritatea. Sinbolikoki, hiriaren posizionamendua aztertzekoa litzateke, nazio marka egitea baino gehiago, Espainiako Estatuaren erreferentzia indartzea ekar dezakeelako.

Hala, 2020ko Eurokopak Espainiako selekzioak San Mamesen etxeko talde gisa aritzea eragingo duelako. Are gehiago, eskuin muturreko zaleen presentzia erakar dezakeelako, 2016ko txapelketan ikusi genuen bezala, Errusiak, Poloniak eta Hungariako selekzioak jarraitu zituzten zaleek istilu larriak sortu zituzten.

Espainiako Vuelta 2011n itzuli zen Bilbora, Igor Antonen garaipen ederrarekin; errepide bazterrean milaka zale bildu ziren. Eurosport kateko narratzaileak esan zuen gisara, “Basque rider of a Basque team, winning in the Basque Country, that’s amazing“. Eta hala izan zen, zoragarria. Aurten ere, txirrindularitza maite duen herri honetan, milaka lagun elkartuko dira Oiz mendian.

Uniformizazioa emateko arriskua mahai gainean dago, mega ekimen hauen fokuen azpian. Baina txanponak ere badu aukerak baliatzeko beste alde bat, eta eurengan zentratzea ezinbestekoa litzateke. Bertara datozen herritar, talde edo profesionalekin diplomazia ariketa egiteko. Informazioa partekatuz, harremanak garatuz eta etorkizunera begirako sareak osatuz. Ekimen ugari gauzatu litezke, besteak beste, euskal selekzioen ofizialtasunaren alde eta ekitaldi masiboen ondorioen bidez sortzen diren desberdintasun sozialak eztabaidaren erdigunean kokatuz. Agerikoa da jende askok gozatua hartuko duela, baina puzzle osoa betetzeko tresnak baliatzeko aukerak izango dira. Adibidez, Oiz mendian gora, mundu osora herri baten existentzia berresteko. Katalunian esperientzia handia izan dute nazioarteko txapelketak antolatzen, eta berauek independentziaren aldeko ekimenak antolatzeko baliatu izan dituzte.

Hiri, jendarte eta ikuspegi berri bat eratu da Bilbon azken hamarkadetan, turisten etorrerak gora egingo du hurrengo urteetan, eta halako ekitaldi gehiago ikusiko ditugu. Baina ez gaitezen engaina, Bilbo ez da Londres ezta Berlin ere. Milioi bat pertsona inguruko eremu metropoliaren esperientziak aztertzea ezinbestekoa litzateke. Gako berriei erantzun berriak emanez.