“Imajinazioa falta zaigu; nahi gabe erreproduzitzen dugu sistema hau”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Herri mugimenduei begirako lanean dihardu azken urteetan Gorka Zozaiak (Donostia, 1982), jakintza oinarri hartuta. Bilbon ari da, Ipesen koordinatzaile gisa. Zailtasunak ikusten ditu azken urteetan, baina egoera iraultzeko gaitasuna ere bai. Eta baikor dago.

Ipesek 40 urte bete ditu, eta oraindik, egoitza duzuen Bilboko kaleetan bertan Ipes zer den galdetuz gero, herritar gehienek ez dute jakingo zer erantzun. Zer da Ipes?

Askotan egiten digute galdera hori, eta bi erantzun mota ditu. Batetik, herri jakintza, herri kultura, edo, bestela esanda, errealitatea ulertu eta interpretatzeko baliabideak eta jakintza sortzen eta sustatzen dituen eragile bat da Ipes. Hori izan da beti: herri tresna bat, herriak ingurunea interpretatu eta eraldatzeko behar dituen baliabideak ekoizteko. Baina, era berean, garai bakoitzean behar formatibo bereziak daude, informazioa eta formazioa transmititzeko modu bereziak; behar horiek forma bat hartzen dute garai bakoitzean.

Nola egiten du lan hori gaur egun?

Azken urteetan, modu berriak hartu ditugu ardatz. Jende askok oraindik pentsatzen du argitaletxe bat garela, urtero liburu batzuk ekoizten ditugulako. Liburuak argitaratzen ditugu, eta hitzaldiak antolatzen, bai; baina badaude bestelako baliabideak ere eduki batzuk lantzeko, edo formaziorako. Batzuk ezagunak zaizkigu, eta besteak aurkitzeko ditugu. Orain, egiten dugun lana ahalik eta hobekien zabaltzeko baliabideekin asmatzea da gure erronketako bat; lana eraginkorrago egitea, eta hartzaileen parte hartzea eskuragarriago egitea. Horregatik, azken urteko helburu nagusietako bat webgunea egokitzea izan da: gero eta gehiago izatea plataforma operatibo bat, egin nahi dugun hori egiteko. Gero eta gehiago oinarritzea mundu digitalean.

Bestetik, gure garaiko erronka berezi bat da herri mugimendua gaur egun dagoen egoera. Gure interpretazioaren arabera, azken hamar urteetan herri mugimendua asko atomizatzen ari da; bakoitza bere aldetik ari gara lanean, askotan elkar ezagutu ere egin gabe; eta, elkar ezagutzen dugunean, nahikoa komunikaziorik gabe, oso hartzaile antzekoei eskaintza ezberdinak eginez… Eremu formatiboan ere badago atomizazio hori, eta erronka horri heldu egin behar diogu. Azken finean, gure egitekoa ez da guk egiten duguna modu korporatiboan saltzea. Kontrako ikuspegitik egin dugu lan beti: zer behar da, eta behar horiek asetzeko zer antolatu behar da. Alde horretatik, sakabanaketak eta atomizazioak ez dute batere laguntzen.

Zergatik bakoitzak bere zilborrari begira jardute hori?

Nik uste badirela pare bat elementu atomizazio horren jatorrian. Bat: indibidualizazio kultural orokor horrek eragin zuzena dauka esparru guztietan, eta, noski, herri mugimenduan ere bai. Komunikazio bide berriei esker, konektatuago gaude munduarekin, baina, agian, komunikazio oinarrizkoagoak edo naturalagoak izan direnak alboratu egin ditugu: herri mugimenduen arteko harremanak. Bilboko eta inguruko herrietako taldeek elkar ezagutzea, adibidez… Gaur egun nagusitzen ari den paradigma komunikatiboak horren kontra egiten du.

Ez da asmatzen ari?

Batetik, uste dut paradigma komunikatiboa aldatzen ari delako jotzen duela bakoitzak berera. Lehen, hartu-eman handiagoa geneukan eremu hurbil eta naturalean, eta orain harremanak distantzia handiagora eraman dira. Ez dago hainbesteko ohiturarik elkarrekin hitz egiteko, eta herri mugimenduen barruko eragileek elkar ezagutzeko.

Bestetik, herri mugimendua nahiko itota dabil azken hamar urteotan, eta horrek ere eragina du: elkarri laguntzeko joera baten ordez, bakoitzak sentitzen du badituela bere barruan konpontzeko nahiko arazo, eta horrek ere atomizazioa elikatzen du. Baliabide eskasiak ere badu zerikusia. Batetik, lehen zeuden diru iturri publikoak urritzen ari dira. Eta, bestetik, jendeak sos gutxiago dauka, eta aldatu egin du diruarekiko jarrera: orain zailagoa da diru klabeetan ekarpenak egitea. Herri mugimendu osoa ezaugarritzen du egoera horrek.

Zeintzuk dira Ipesen 40 urteotako lorpen nagusiak ?

Sona handia izan duten proiektuak egin ditu, baina nabarmendu nahi dut entzutetsuak diren horiek lan guztiaren zati oso txiki bat direla; lan gehiena sukaldeko lana da, eta ezkutuan geratzen da.

Zein da ezkutuan geratzen den sukaldeko lan hori?

Adibidez, herri mugimenduko hainbat adierazpidek guregana jotzen dutenean, maila sozialeko ikerketa bat egiten laguntzen dugu, edo egitasmo formatibo bat egiteko materialekin laguntzen, edo ikastaroak prestatzen, edo gai jakin batzuk lantzen… Gure denboraren zati handi bat laguntzen eta ingurukoei baliabide edo azpiegiturak eskaintzen ematen dugu, nahiz kanpora begira ez den asko ikusten.

Eta, kanpora begirakoen artean, zer nabarmenduko zenuke?

Duela 40 urte, Ipesen sorrera bera akuilu handia izan zela pentsatzen dut. 1977a zen, eta badakigu nolako garaiak ziren herri honetan. Formazioaren ikuspegitik, hau da, errealitatea ulertzeko, interpretatzeko eta eraldatzeko tresnak edukitzearen ikuspegitik, gabezia handiak zeuden. Frankismotik atera berri, kalean lanerako gogo handia bai, baina oraindik ez zegoen unibertsitaterik ere soziologia nola egiten den azaltzeko. Orduan sortu zen Ipes; soziologia ikastaroa eskaini zuen, Euskal Herriko historiari buruzkoa… Noski, frankismoan debekatuta eta ezkutuan egondako gaiak ziren. Garai hartan, mugarri bat jarri genuen herritarrei jakintzarako sarbidea eskaintzeko garaian; Ipesen izaera bera markatzen du garai garrantzitsu hark. Geroago, lan handia egin izan da hainbat fenomeno garrantzitsu ulertzeko: 80ko hamarkadan Europan eta NATOn sartzeko gertatzen ari zirenak, adibidez. Beranduago, bake prozesuari begira, Lizarra-Garaziko garaietan ere bai. Lizarra-Garaziren haritik: akordioa apurtu zenean, Ipes gai izan zen mahai berean Arnaldo Otegi eta Joseba Egibar eserarazteko, gertatutakoaren inguruko irakurketa egiteko. Geroago, 2016an, Angela Davis ekartzeko gai izan ginen. Adibide horiek erakusten dute Ipesi nolabait aitortzen zaiola bere lana, objektibotasunaren xede horretan.

Zeintzuk dira hemendik aurrerako erronkak?

Zereginei dagokienez, ea herri mugimenduko eragile gisa zer egin dezakegun atomizazio hori apurtzeko. Alde horretatik, gero eta gehiago saiatzen gara gauzak elkarlanean egiten, eragileen artean. Ez ditzagun bost eragilek bost gauza desberdin egin gai beraren inguruan; egin dezagun zerbait txukuna bosten artean. Moduei dagokienez, hartzaileei baliabide dinamikoagoak eta parte hartzaileagoak eskaintzea lortu nahi dugu, batez ere mundu digitalaren bidez.

Zer edukitan sakondu erabaki zenuten azken hausnarketan.

Nahiko ondorio argiak atera genituen. Aurreko hamarkadan lantzen hasi ginen gai bat da lehentasun nagusietako bat: migrazioa. Lan zehatzak egiten ari gara herrietan, elkarren ezagutzaren eta kultur aniztasunaren inguruan. Alde horretatik, iruditzen zaigu euskal kulturak ardatz izan behar duela elkar ezagutzeko, eta hor izan behar diren elkarrizketa eta adostasunak sortzeko. Euskal kultura esaten dugunean, euskaratik ari gara. Batzuek euskara oztopo gisa ikusten dute elkar ezagutzeko, eta gure esperientziak erakutsi diguna kontrakoa da, gau eskoletan eta herrietan egiten ari garen aniztasun dinamiketan. Beraz, euskal aniztasuna da bultzatu nahi duguna.

Angela Davis ekarri zenutenean, beste lan ildo bat indartzeko asmoz egin zenuten…

Ekarri genuen gure asmoa zelako eztabaida eta hausnarketa lerro bat abiatzea, berria ez izanagatik ere ez duena nahikoa oihartzun izan, eta mahai gainean jarri nahi duguna modu indartsu batean: kartzelaren gaineko hausnarketa, baina kartzela, instituzio gisa. Euskal Herrian askotan hitz egin dugu kartzelaz, baina, noski, gatazkarekin lotuta eta preso politikoen ikuspegitik. Gutxitan eskaini diogu arreta kartzelari instituzio gisa egindako kritikari. Kartzela ereduari buruz ari naiz. Lakuak negoziatzen dituen konpetentzien artean, lehenago edo geroago kartzelena helduko da. Egoera horri aurrea hartu nahi diogu, eta hausnarketa kolektibo bat hasi, herri gisa nahi dugun kartzela ereduari buruz, edo ea kartzelarik nahi ote dugun…

Gainontzeko bi ildo nagusiak klasikoak dira: Euskal Herriko historia eta marxismoa.

Ipes sortu zenean, kristoren hutsunea zegoen historiaren esparruan. Ordutik asko idatzi da eta egoerak ez du zerikusirik, baina lanean jarraitu behar dugu. Egun, euskal emakumeen historia batzeko lanean ari gara, apenas dagoen-eta emakumeengandik jasotako jakintzarik. Bestalde, Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena dela eta memoria lantzen ari gara, inportantea baita oraindik bizi den jendearekin egotea, hitz egitea, entzutea…

Azkenik, ezkerreko pentsamenduaren ildoa dugu. Marxismoaren tresnak eguneratu, eta jendearen eskura jarri nahi ditugu gaur egungo errealitate zehatzak aztertzeko baliabideak. Azken argitalpena ere ildo horretatik doa: Klaseak borrokan.

Sarri entzuten da ezkerra hiltzen ari dela, gazteak ez direla mugitzen…

Justu gazte boterearen inguruko lan bat egiten ari gara gazteekin, eta lotura dauka marxismoarekin. Nik ez nuke halako esaldi kategorikorik egingo. Beharbada, informazio eta desinformazio zurrunbilo handi bat dago, berriz testinguru orokorrarekin lotua. Gainera, sozialismoarekin eta ezkerrarekin lotutako terminoak oso desitxuratuta heltzen zaizkigu. Sozialismoa Alderdi Sozialistak daukan hitza da, esperientzia sobietarrarekin lotzen dena, Venezuelan lantzen ari dena… Oso nahaspilatuta dagoen hitza da. Bestetik, gero eta modu zabalagoan egiten da sistema kapitalistaren eta eredu heteropatriarkalaren irakurketa kritikoa. Jendeak gero eta argiago du sistema horrek ez duela balio; baina, aldi berean, badirudi ezkerra hilda dagoela. Alternatiba irudikatzea: beharbada, hori da lortzen ari ez garena. Agian badugu ereduen krisi bat. Horregatik ezagutu nahi ditugu esperientzia desberdinak. Ariketa interesgarria litzateke alternatiben ikuspegi horretatik aurrera egitea.

Alde horretatik, baikor zara?

Ni neu baikorra naiz, eta uste dut, Ipes bizi bada, baikorra delako bizi dela. Nahiz eta testuinguru ankerrak bizi, badago aurrerabidea. Baina lan zaila dugu aurrean. Alde batetik, gaur egun batere modan ez dagoen arren, esfortzua eskatu behar digun lan bat delako. Agian ez gara jabetzen, edo gero eta erosoago bizi gara; eta erosoa ez denak ez du balio gaur egun. Baina egin behar dugun ariketa honek esfortzua eskatu behar digu, eta geure burua berrasmatzeko eta aldatzeko gai izan behar dugu. Eta baikor naiz, zeren, egoera zailean gauden arren, baditugu eskura hainbat baliabide, eta, buruargi jokatuz gero, uste dut nahikoa direla. Jendeari buruz ere ari naiz. Beste mundu bat, beste Euskal Herri bat eraiki nahi duen jendearen indarra nahikoa da, hori modu inteligente batean eta batuta antolatuz gero. Zaila da esfortzua eskatzen duelako, eta imajinazioa ere eskatzen duelako. Eta gaur egun falta zaigun elementu inportantea da imajinazioa. Nahi gabe erreproduzitzen dugu sistema hetero-patriarkal eta kapitalista hau bizitzaren hainbat aspektutan, etengabe.