Erakundeen “utzikeria” salatu dute Abiñakoek

Oihana Cabello

25 urte beteko dira Bizkaiko Foru Aldundiak herrialdeko enklabeak desagerrarazteko 8/1993 foru dekretua onartu zuela, eta abenduaren 14an onartu zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek orain arte Sukarrietakoa zen San Antonio enklabea aurrerantzean Busturia udalerrian barneratzea. Abiña auzoa eta hango bizilagunen etorkizuna aldatuko du Batzar Nagusiek hartutako erabakiak, eta egoerarekin nekatuta daude bertakoak. Jon Martinez Abiñako auzokideak dioenez, auzokoek bilerak egin dituztenean denek adierazi dute behingoz auzia konpontzeko gogoa. “Sukarrietako Udalak abandonatuta utzi gaitu. Urteak dira erabaki dutela auzoan inbertsiorik ez egitea auzia konpondu bitartean, eta abandonatuta gaude. Itsasoko ura sartzen da auzora, arratoiak daude, eta espaloirik ere ez dugu”, zehaztu du Martinezek. Hori dela eta, auzia hainbat eta arinen konpontzea nahi dute Abiñakoek, beraien hobebeharrez, auzoan konponketak egin behar direlako. “Aldundiak alde batetik, eta Sukarrietako Udalak bestetik, abandonatu egin gaituzte”, errepikatzen dute sentipena. Busturiko Udalaren jarrera ere utzikeriazkoa izan dela dio Martinezek: “Ez da gurekin ezertarako harremanetan jarri. Mundu guztiak abandonatu gaitu”.

Eskualdeko alderdi politikoek beraiekiko izan duten jarrera ere kritikatu du Martinezek: “Inork ez du kontuan hartu gure nahia, ezta EH Bilduk eta EAJk ere. Zenbakiak, zergak baino ez gara beraientzat”.

Bizkaiko Batzar Nagusietako alderdi politikoekin ere harremanetan jarri izan dira Abiñako bizilagunak, baina, diotenez, inork ez du aintzat hartu haien iritzia. Gure Esku Dago-k 2017ko apirilaren 2an egin zuen herri galdeketa baliatuta, Abiñako bizilagunek ere, modu sinbolikoan, busturiarrak edo sukarrietarrak izan nahi zuten adierazteko aukera izan zuten. Abiñako hamasei biztanleetatik hamabost joan ziren botoa ematera, eta denek ere Sukarrietako bizilagunak izaten jarraitu gura dutela adierazi zuten. Notariotzara ere joan ziren, beren nahia notario baten aurrean berrestera. “Askok ahoa betetzen dute errespetua, erabakitzeko eskubidea eta horrelako hitzekin, baina gero ez dira gai herritarren nahia kontuan hartzeko”, kexu da.

Martinezek dio 8/1993 foru legeak, hasiera batean, ez zuela Abiña jasotzen Bizkaiko enklabeen artean. Abiñako bizilagunaren hitzetan, Busturiaren nahia izan da Abiña bereganatzea, eta, hori lortzeko, fede txarrez jokatu du. “Munitis auzoaren kasua erabili dute: lehen, Busturia zen, eta, gaur egun, Sukarrietaren esku dago. Baina injustizia bat ezin da konpondu beste injustizia batekin”. Are gehiago, esan du eurek ez dutela horretan “inolako errurik”, eta orain hartu den erabakiak kalte sakonagoa eragingo duela: “Abiña auzoa Sukarrietaren arima da; herri txiki bati arima kendu nahi diote, eta bere etorkizuna kolokan jarri”.

Auzitegien esku

Sukarrietako zinegotzi Iñaki Biteriren (EH Bildu) esanetan, 8/1993 foru arauaren harira enklabeak aztertzeko aldundiak kontratatu zuen enpresak hasiera batetik jaso zuen Abiña bere txostenean. Hala ere, nabarmendu du Abiña Bizkaiko enklabeen txostenetik kendu zutela gero, aldundiaren aginduz. Biterik salatu duenez, Busturia izan da behin eta berriro Abiña enklabe legez hartzeko eskatu izan duena. Busturiko alkate Aitor Aretxagak, baina, ezeztatu egin ditu adierazpen horiek. Aretxagaren esanetan, aldundiak kontratatu zuen enpresak hasiera batean jaso zituen Busturialdeko bi enklabe bere txostenean: “Munitis zen bat, administratiboki Busturiarena zena; eta San Antonio zen bestea, administratiboki Sukarrietarena”. Aretxagak azaldu duenez, eskualde horretako enklabeei irtenbide egokiena emateko eta inguratzen duen lurraldean nola integratu aztertzeko Bizilan enpresa kontratatu zuen aldundiak. “Enpresa horrek hainbat txosten egin zituen, ingurumena, lurraldea, hirigintza, ekonomia zein egoera soziala kontuan hartzen zituztenak. Txosten horietan oinarrituta erabaki zuten Munitis Sukarrietaren lurretara pasatzea eta Abiña Busturikoetara”. Hala, 2003-2004 urteen bitartean hasi zuten Munitis Sukarrietaren esku uzteko prozedura. Legea bete beharra zegoela-eta, Busturiak eginbehar hori arazorik gabe onartu zuela dio herri horretako alkateak.

Hala ere, Aretxagak azaldu duenez, San Antonio Busturiarena izateko prozedura ez zuten hasi. Hori dela eta, Busturiko Udalak aldundira jo zuen 2005. urtean, azalpen eske. “Diputazioaren erantzuna izan zen San Antonio ez zela enklabea. Iritzia eta jokabidea aldatu zuten bat-batean, eta garai hartako udal arduradunek, Bizilanek egindako txostenean oinarrituta, epaitegietara jotzea erabaki zuten”, adierazi du Busturiko alkateak.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak 2013an eman zuen ebazpenean zioen San Antonio enklabea zela, eta herri batean edo bestean integratu behar zela. “Arazoa ahalik eta erarik naturalenean konpontzeko agindu zuen sententziak, baina, gure sorpresarako, aldundiak epaia errekurritu eta Auzitegi Gorenera jo zuen, Sukarrietako Udalaren laguntzarekin”, zehaztu du alkateak.

Adostasunik ez

Aretxagak alkatetza hartu zuen urtean heldu zen Auzitegi Gorenaren ebazpena, 2015ean. Sententzia hark EAEko Auzitegi Nagusiak erabakitakoa berretsi zuen, eta San Antonio Busturiaren esku uzteko agindu zuen. Prozedura arauturik eman gabe, lagapena hautaz eta kontsentsuz egin beharrekoa zela zioen ebazpenak, baina, bai Busturiko alkateak bai Sukarrietako zinegotziak aitortu dute bien arteko adostasunik lortzerik ez dela posible izan auzi horretan. “Aldundiak beste enpresa bat kontratatu zuen txosten berriak egiteko. Txosten berriaren arabera, enklabea Sukarrietaren esku geratuko litzateke, eta Busturiarena litzateke hondartzaren hareatza. Mugak aldatzea proposatzen zuen txostenak, eta hori legez kanpokoa zen; ezin genuen onartu”. Egoera horretan, berriro auzitara joatea erabaki zuen Busturiak, eta 2016. urtean heldu den azken epaiak ere aurrekoak berretsi ditu.

Epaia onartu, eta aldundiak 2017. urteko abenduan aurkeztu du San Antonio Busturiaren esku uzteko proposamena Batzar Nagusietan. Podemosen eta talde mistoaren aldeko botoekin egin zuen aurrera aldundiaren proposamenak. Gainontzeko alderdiek abstentzioa eman zuten.

Batzar Nagusien erabaki horri helegitea jartzea aztertu zuen Sukarrietako Udalak, eta ezohiko udalbatzarrera deitu zuten. Bertan onartu zuten helegitea jartzea, beraien ustez San Antonio irla ezin daitekeelako enklabetzat hartu. Diotenez, zentzugabekoa da, irla bat irla bat delako eta ezin delako enklabetzat hartu. Era berean, diotenez, ezin dute Batzar Nagusiek hartu duten erabakia onartu, kontuan hartzen den arrazoi bakarra epailearen erabakia delako, eta ez beste hainbat puntu. Hala ere, Biterik azaldu duenez, oraindik ez dute hartu erabaki irmorik. Herritarrak informatu nahi dituzte lehendabizi, eta, horretarako, batzarra egingo dute gaur, 18:00etan, gaztelekuan. Auziaz arduratu den abokatua ere bertan izango da, Sukarrietako bizilagunen zalantzak argitzeko eta orain arte egindakoa azaltzeko. Abiñakoek abokatuarekin kontsultatuko dute zenbait zerbitzu Sukarrietan hartzen jarraitzeko aukera, medikua adibidez, Busturiak Munitisko bizilagunekin egin bezala. Hala ere, argi dio Martinezek: “Busturian erroldatuta egon arren gu ez gara inoiz busturiarrak izango, sukarrietarrak garelako”.

Herritarrei udalak egin die batzar horretara joateko deia, herri bezala erabaki nahi dutelako zer egin. “Egia da orain arte Sukarrieta modura isilik egon garela, joko mediatikoetan ez jausteko, eta hauteskundeetan ere ez dugu inoiz holakorik erreibindikatu”, dio Biterik. EH Bilduko zinegotziak, gainera, babes falta ere aipatu du: “Busturia handiagoa da, eta galtzeko gehiago du Sukarrietak baino. Gu orain galduta gaude; ez daukagu alderdiaren babesik. Kalera begirakoa ez dugu jorratu, eta orain egin behar dugu”.

Era berean, ebazpenean aurreikusten den kalte-ordaina “eskasa” dela uste dute, Abiña galduz gero Sukarrieta ez litzatekeelako bideragarria izango. Ebazpenean hurrengo konpentsazio neurriak proposatu ditu aldundiak: hurrengo bost urteetan Busturiko Udalak Sukarrietakoari eman beharko dio enklabeko establezimenduen jarduera ekonomikoen gaineko zergengatik, udan saltokiak edo kioskoak jartzeagatik edota San Antonio hondartzako bisitariengatik zituen diru sarreren konpentsazioa, eta Udalkutxako sarrerak.

Sukarrietaren etorkizuna

Biteri eta Martinez bat datoz Sukarrietaren etorkizunari buruzko kezka dela eta. “Hau ez da bakarrik auzo baten liskar bat; herri batek bere etorkizuna eta bere nortasun administratiboa gal ditzake urteekin. Ez litzateke bideragarria izango ekonomikoki. Diru asko da, eta nork dio Kanalak ere bide berdina hartuko ez duenik?”, azaldu du Biterik. Bitartean, Aretxagak esan bezala, tramite administratiboekin hasia da Busturia, eta Sukarrietako Udalera zein aldundira jo dute jada.