“Gaur egun naizen gitarra jolea agertzen da ‘Improphono’-n”

Mikel Santiso

Txikitatik datorkio musikarekiko zaletasuna Keu Agirretxeari (Ondarroa, 1973). Hainbat disko kaleratu ditu, eta lan askotan parte hartu du. Azaldu du oraingoan beste zerbait daukala esku artean.

Improphono diskoa eta gitarra liburua argitaratu dituzu. Nola doaz proiektu horiek?

Ez da nahita sortutako zerbait izan. Egia esan, nire kasuan behintzat, ez dut inoiz planifikatu, “orain hau egingo dut, eta gero beste hura”. Esku artean daukadanarekin mugitzen naiz, eta halako batean lantzen ari naizen horri nolabait forma eman diezaiokedala iruditzen zait. Nomadak eta Kofrea lanarekin gogor aritu ostean, iaz gitarrarekin zerikusi handiagoa zeukaten lanak etorri zitzaizkidan esku artera. Esan liteke apur bat baztertuta neukala gitarra soilik lantzea.

Eta nola hartu zenuen berriz ere gitarrari heltzeko erabakia?

Egia esan, bi pertsona izan dira oinarrizkoak erabaki hau hartzeko orduan: Nomadak eta Kofrea diskoan parte hartu zuten Pablo Novoa eta Javier Sanchez gitarra jotzaileak. Haiekin jotzeko aukera izan nuen, eta, ez dakit nola esan, inspiratu egin ninduten apur bat. Galduta neukan gitarra jotzailearen puntu hori berreskuratu nuen, eta grabaketa batzuk egiten hasi nintzen. Grabaketak egin eta Youtuben jartzen nituen. Konturatu nintzenerako, lauzpabost grabaketa neuzkan igota, eta ohartu nintzen baneukala materiala. Hortik abiatuta sortu zen Improphono.

Zer aurkituko du entzuleak Improphono diskoan?

Entzuleak biluzik dagoen zerbait aurkituko du disko honetan. Baliteke gitarra eta ni berriro elkarrekin aurkitu nahi izatea ere. Nire ustez, entzuleak Improphono-n aurki dezake ni gaur egun naizen gitarra jotzailea. Aurretik beste hiru disko instrumental dauzkat argitaratuta, baina bateriaren, saxoaren edo teklatuaren laguntzaz. Horrela askoz erosoago aritzen gara, gitarrarekin bakarrik egotea aurrez aurreko ekintza bat delako. Lan honetan, neure buruarekin batera egindako autoikerketa bat entzun daiteke.

Nola grabatu duzu diskoa?

Bi saiakera egin nituen. Lehenengoa uda iritsi aurretik, baina ezin izan nuen amaitu. Lau abesti grabatu nituen, baina grabatutakoak ez zidan ezer transmititzen. Tarte bat eman nuen bakarka jotzen eta grabatzen zuten gitarra joleen bideoak ikusten, eta haiengandik oso urrun nengoela konturatu nintzen. Uda pasatzen uztea erabaki nuen, ikusitako guztia barneratzeko. Azkenean, sufritu egin dut diskoa grabatzen, bakarrik aritzeak asko eskatzen du eta.

Disko berezia dela adierazi izan duzu. Hamabi urte igaro dira zure azken disko instrumentala atera zenetik. Jatorrira itzultzea dela esango zenuke?

Bai. Disko honekin berriz abiatu naizela uste dut. Gitarra jotzaile gisa berriz ere markagailua hutsean ipini eta non nagoen ikusteko eta kokatzeko. Azkenaldian ahotsak eta beste elementu batzuk izan ditut nirekin batera, eta, oso gustura egon naizen arren, non nengoen aurkitu behar nuen. Niretzat askoz erosoagoa da beste norbaitekin aritzea; gehiago gozatzen dut. Kontentagaitzagoa da bakarka aritzea.

2016an, Nomadak eta Kofrea diskoa argitaratu zenuen. Nolako bilakaera izan zuen lanak, nolakoa zuk, eta nolakoa zure lan egiteko moduak?

Jo eta ke aritu ginen Nomadak eta Kofrea lanarekin. Guretzat ere sorpresa izan zen, ez baita erraza musika munduan zulo bat aurkitzea, mundu hori gaur egun nola dagoen kontuan izanda. Horregatik eman diot beste tratamendu bat Improphono-ri. Ia bi urte pasatu dira kaleratu zenetik, eta, egia esan, nik urtebeteko edo urte eta erdiko ibilbidea egiten dut diska bakoitzarekin. Denbora tarte hori igaro eta berehala zerbaitek salto egiten dit, beste zerbaitekin lanean hasteko. Jon Gurrutxagarekin ere aritu naiz apiriletik urtarrilera arte, eta bizi-bizia izan da guztia. Etapa hori hilaren 19an amaituko da, Elgoibarko Herriko Antzokian eskainiko dugun kontzertuarekin. Inprophono-rekin etapa lasaiago bat dator, beste ikuspegi bat.

Gitarra liburu bat ere argitaratu duzu. Zer dela-eta bururatu zitzaizun gitarra liburua egitea? Zer helbururekin?

Gitarra liburua ez da metodo bat; ez du azaltzen gitarra nola jo behar den. Improphono-ko sei lanen tablaturak eta partiturak daude idatzita. Liburuaren helburua da gitarra jotzaileei aukera ematea abestiei nik hartu diedan puntua hartzeko, eta horrekin gozatzea. Nahiz eta arreta handia eskatu, nire ekarpena egiten saiatu naiz picking estiloan jotzea atsegin dutenentzat. Gitarra maite eta grinaz jotzen dutenentzat egin dut ekarpen hori, beren teknika landu edo estiloa beste norabait eraman dezaten.

Liburuan Improphono diskoko sei lan eta bi bertsio daude. Zergatik dago liburua horrela osatuta?

Lehenik, esan behar da liburua Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak egin duela, eta 500 ale argitaratu dituela. Baina ale horiek ez dira dendetan salgai egongo; eskoletan banatuko dira. Liburua bera ikasketara bideratuta dago. Improphono-ko sei lan, nire beste lan bat eta bertsio bat daude. Beti gustatu izan zaizkit euskal kanta melankolikoak, eta, bertsioak jotzen ari nintzela, Xabier Leteren Haizea dator grabatu nuen. Jendea berriz ere partiturak eskatzen hasi zitzaidanez, diskoan sartzea erabaki nuen. Joxean Artzerekin hitz egin nuen, hark baititu abesti horren eskubideak, eta ez zidan inolako arazorik jarri zertarako zen azaldu nionean. Beraz, aurrera.

Gitarra liburuaren ale bat Ondarroako udal liburutegian utzi zenuen. Zergatik?

Liburua argitaratu aurretik ale bat utzi nuen herriko liburutegian, ilusio berezia egiten zidalako nire lehen liburuaren lehen alea ondarroar batek hartu eta eramateak, gitarra lantzeko eta musikaz gozatzeko.

Musika mundua oso zabala da, eta are gehiago sorkuntzarena. Zer moduz ikusten duzu autoekoizpenen kontua musika munduan?

Nik bi autoekoizpen mota banatuko nituzke. Lehenengoa talde handiek egiten dute, antzokiak betetzen dituztenek, hain zuzen. Horiek, gaur egun, diskoetxerik gabe ere badaukate indarra beren proiektuak aurrera eramateko. Bestea, berriz, talde edo bakarlari txikiagoak dira. Haiek egiten dute dena, bitartekaririk gabe. Lan handia da. Do it yourself! mugimenduan oinarritzen dira. Ni Mauka diskoetxearekin ari naiz lanean orain, baina hasieran ni ere autoekoipenean nenbilen. Nire ustetan, aniztasuna egotea da garrantzitsuena, hori baita interesgarriena. Modu desberdinak daude lan egiteko, eta, nire iritziz, guztiek eduki behar dute beren txokoa. Denok gara sortzaileak.

Zer asmo duzu aurrerantzean?

Improphono lana apur bat zabalduz joatea da orain nire asmoa. Bien bitartean, Elgoibarko kontzertua emango dut Jon Gurrutxagarekin, eta lasai geratuko naiz. Ez daukat disko atera berri bat defendatzeko beharrik; orain ez dut hori sentitzen. Niretzat ez da momentua hara eta hona ibiltzeko, diskoa promozionatzeko kontzertuetan. Uste dut ez dela horretarako momentua. Aterako dira gauza berriak, beti etortzen baita zerbait burura!