Batera hazi eta hezteko akuilu

Batera hazi eta hezteko akuilu

Natalia S. Orbe

Haurren eskolaratze unibertsalak berdintasun eskubidea gauzatzen lagundu du, nahiz eta desberdintasunen adierazgarri ere bilakatu den sarri asko. Apurka, gainera, heziketa formala ez eze, gizarte harremanak, munduarekiko ikuspegia eta elikadura bera ere eskoletako hormen barrura gerturatu eta sartzen saiatu dira. Gero eta ikasle gehiagok bazkaltzen dute ikastetxeko jantokian. Eguneko une garrantzitsu hori etxeko eremutik kanpo atera da, besteak beste, kontziliazio arazoen ondorioz. Gurasoengandik urrundu egin da norbere seme-alabek jan behar dutenari buruz erabakitzeko eskubidea. Ikastetxe publiko gehienetan catering zerbitzuak ezarri ditu Hezkuntza Sailak. Eredu horri buelta emateko asmoz sortu dute Jangurie ekimena Busturialdean: umeek osasuntsu eta bertako elikagai ekologikoak jan ditzaten, eta bertako lehen sektorea suspertzeko. Heziketa ahaztu gabe. Proiektu integrala.

Tokiko ekonomia bultzatu eta bertako elikagaiak oinarri izango dituen jantoki osasuntsu, jasangarri eta hezitzaile baten aldeko apustua egin dute eskualdeko hamasei ikastetxeek. Hain zuzen, umeek bertako elikagaiak, sasoian sasoikoak eta kalitatezkoak jan ditzaten nahi dute. Bertako lehen sektorearen aldeko apustua egin dute, eta modu naturalean hazitako elikagaiak eskatu dituzte euren jantokietarako, ahalik eta produktu ekologiko gehien izateko helburuarekin.

Ikastetxe txiki, handi, publiko zein itunpekoek, denek bat egin dute egitasmoarekin. Lander Ortiz Jangurie ekimeneko kideak azaldu ditu hastapenak, nondik sortu zen beharrizana eta zelan elkartu ziren denak. “Gizarteak, oro har, eta familiek, zehatzago, gero eta kezka handiagoa dute elikaduraren inguruan. Kontzientzia hartzen ari gara”. Hala, helburu amankomun horiei helduta abiatu dute bidea denek, eskutik.

Errealitate zeharo desberdinak dituzte batzuetan eta besteetan, ordea. Batzuek autogestioaren bideari heldu diote —Allende Salazar ikastetxe publikoaren kasua da hori—; beste batzuek, bertako elikagaiak moduren batean jantokietan sartzeko esperientzia batzuk aurrera eraman dituzte catering enpresa batzuekin; beste batzuek ez dute sukalderik —eskola txikietakoek eta institutuak, esaterako—. “Egoerak desberdinak dira, baina indarrak batu nahi genituen. Bakoitzak erabakiko du inplementazioa zer-nola egin eta aldaketak zelan gauzatu. Bakoitzak erabakiko ditu bere erritmoak ere. Hori oso garrantzitsua izan da denok batu ahal izateko”.

Gaur egungo jantokiak eraldatu nahi dituzte. “Espazio hezitzaile bat izan behar duela uste dugu. Bertako elikagaiak egon behar dutela planteatzen dugu, elikagai horiek osasungarriak izan behar direla, eta ahalik eta jasangarrienak. Hori da Jangurieren apustua. Lekuan bertan kozinatzen duten jantokiak nahi ditugu. Guretzat hori da idealena, eta bertako ekonomiari bultzada ematea”.

Helburu orokor hori ezarrita, bat egin nahi duten ikastetxeei bide hori erraztea izango du betebehar egitasmoak. “Bidea garbitzea izango da gure eginbeharra, arazoei aurre egitea, eta instituzioen aurrean ahots indartsua izatea. Eskola bakoitzak erabakiko du %100 bat egiten duen, edo %40. Pauso txiki edo handi batzuk ematea bakoitzaren esku geratuko da”.

Elkarri laguntzeko asmoz jaio dira. “Eskola batzuek dauzkagun esperientziak beste batzuen eskura jarri nahi ditugu. Janguriek, gauzak aldatu baino gehiago, gauzak erraztuko ditu”.

Eskola komunitatearen borondatea ez da nahikoa, ordea, proiektu handi eta integral hori martxan jartzeko. Erakundeen inplikazioa ere behar dute. 2.000. urtean Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako jangelen eredua aldatzeko eskaera egin dute, batetik. “Eskola guztiei euren jantoki eredua erabakitzeko askatasuna utz diezaiela eskatzen dugu. Gaur egun ez da-eta hala”.

Araudia aldatzeaz gain, hala behar eta nahi duten ikastetxeetan sukaldeak sortzeko eskaera ere egin diote. “Sei edo zazpi ikastetxe daude egoera horretan. Eskola txikiak dira, bereziki, baina baita institutua ere”.

Eskualdeko erakundeak

Bertako instituzioei begira ere jarri dira. “Proaktiboak izatea eskatzen diegu. Gure helburu hain noble hauek aurrera ateratzeko euren laguntza behar dugu”. Eskaera zehatzak egin dizkiete: lehenengo sektoreari laguntzea da horietako bat. “Guk eskola guztiak bertako elikagaiez hornitu ahal izateko, nekazaritza politika serio bat behar dugu. Horretarako apustu garbia eskatzen diegu eskualdeko instituzioei”. Ekimeneko kideek argi dute-eta lehenengo sektoreko kideak aliatu dituztela euren seme-alaben bizitzarako zein eskualdearentzako oro har berebiziko garrantzia duen proiektu horretan. Hala, beharrezkotzat jo dute ekoizleek lan baldintza duinak izatea.

Jangurieren ereduak beharrezko dituen azpiegiturak gauzatu eta horretarako erraztasunak ematea ere jaso dute eskualdeko erakundeei egin dizkieten eskarien artean: “Baliteke biltegiak, bulegoak eta sukalde zentral txikiak behar izatea. Jaurlaritzak herri txikietako ikastetxeetan ez balu sukalderik egingo, eskualdetik sukalde bat egitea eska liteke. Bertan kozinatuko lirateke bertako elikagai freskoak, eta handik eskola batzuetara banatu”. Bakoitzaren nahien arabera, bakoitzak erabakitzen duena gauzatzeko bidea errazteko akuilua baita Jangurie.

Horrek guztiorrek badu bestelako helbururik ere: “Umeak euren ingurunearekin eta elikadurarekin berriz konekta daitezen nahi dugu”. Izan ere, askok eta askok ia galdutzat ematen dute gizakiak lurrarekiko zuen lotura: jaten dena garaiko produktua den; ez bada, nondik iritsi den kontsumitzailearengana edo zer nola landatu behar izan den haren esku jartzeko; eta, noski, zeintzuk ondorio dituen horrek.

Heziketa prozesu hori ikastetxeko curriculumean txertatzeko aukera ere aurreikusi dute. “Bakoitzak ikusiko du zelan barneratu, baina denari heltzen diogu koherentzia batekin: zer jaten den jantokian eta zer irakasten den eskolan”. Unitate didaktikoak dituzte prest hala nahi dutenentzat. Proiektu integrala baita eurena: “Jantokia eta eskola bera espazio hezitzaile izatea nahi dugu”.

Ikusteko dago erakundeek norainoko erantzuna emango dieten gizartearen eskaerei. Familiek eta hainbat eragilek argi dute. Logikoagoa ere badirudi tokiko ikastetxeetako janaria urrutitik ekartzea baino bertako ekoizleek hazitakoa jatea. Baita herdoilduz ari den lehen sektoreari biziberritzeko bultzada ematea ere.