Bertsolaritzaren festa nagusiak 14.600 zalerekin beteko du BEC, igandean

Bertsolaritzaren festa nagusiak 14.600 zalerekin beteko du BEC, igandean

Aitziber Laskibar Lizarribar

Aspaldi agortu ziren sarrerak, salgai jarri eta gutxira. Aztoramena ere eragin du abenduaren 17rako aulki bat lortzeko irrikak, eta zain dira txartela eskuratu dutenak. Bertan da eguna: etzi izango da lau urtean behin egiten den bertsolaritzaren jaialdi handia, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala. Zortzi finalisten onena jasotzeko prest, 14.600 zalek beteko dute Barakaldoko BECen saiorako atondutako aretoa. Eta azken aldietako irudia berrituko dela espero da: lepo betetako aretoa, eta jai giro beroa.

Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Unai Agirre. Horiek nor gehiago arituko diren bertsolariak. Txapela eskuratzeko aukera gertu ikusiko dute batzuek; urrun, besteek. Baina finalerako duten helburua azaltzerakoan, guztiek egin dute bat: igandean saio borobila eskaintzearekin gustura izango direla adierazi dute denek.

Edozein kasutan, txapela izango dute amets aukera handiena dutenek. Sebastian Lizasok jarriko duen txapela. Bertsolari gisa egindako bide oparoa aitortzeko modu gisa aukeratu du Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak Lizaso txapeldunari garaikur preziatua jartzeko.

Gainontzean, duela lau urtekoaren antz handia du, hasiera batean, finalak. Unai Agirre ez beste guztiak arituko dira, berriro ere, BECeko oholtzan. Bakarra izango da emakumea Maialen Lujanbio, eta bakarra bizkaitarra Igor Elortza-.

Saioaren gidari eta gai jartzaile lanetan Maite Berriozabal, Inazio Usarralde, Saroi Jauregi eta Joana Itzaina arituko dira, eta epaile, Ekaitz Elorriaga, Eneritz Azkue, Eneko Bidegain, Joseba Santxo, Mirari Azula, Nerea Bruño eta Zigor Leunda. Horiez gain, 450 boluntario baino gehiago arituko dira lanean.

Egun osokoa

Saioa 11:00etan hasiko da, baina 09:00etan zabalduko dituzte BEC erakustazokako ateak jendea pixkanaka sar dadin. Aretora garaiz joateko gomendioa egin dute antolatzaileek, eta beste zenbait ohar ere plazaratu dituzte. Entzuleak jai giroaz gozatzera joaten dira finalera, egun osoko jarduna izanik janari eta guzti joaten dira, eta, azken txapelketetan, janaria eta edaria izateko denetariko tramankuluak eraman izan dituzte. Horrekin lotuta, bonbona, sukalde, hozkailu eta antzekorik ezingo dela BECen sartu ohartarazi dute antolatzaileek, eta kristalezko edukiontziak, latak eta plastikozko botila handiak ere ezin direla eraman.

Bertsolari Txatelketa Nagusiko finalari berari dagokionez, goizeko eta arratsaldeko saioetan banatuta egongo da bertsolarien jarduna. 11:00etatik 14:30 aldera arte, hamabost bertso puntuagarri izango dituzte zortzi finalistek. Binaka arituko dira bertsolariak lehenik, eta banaka gero, kartzelako lanean.

Bazkaltzeko etenaren ondoren, 16:30ean hasiko da arratsaldeko saioa. Binaka arituko dira bertsolariak lehenik, eta, banaka hiruna bertso osatuko dituzte gero. Lan horietatik guztietatik puntuaziorik handiena eskuratzen duten bi bertsolariak buruz burukora igaroko dira. Biak elkarrekin arituko dira lehenik, eta bakarka, kartzelako lanean, ondoren.

Hori guztia amaituta, 20:00 aldera jakingo da txapeldunaren izena. Sari banaketa izango da orduan, eta bertsolari guztien agur bertsoekin emango zaio amaiera 2017ko txapelketari.

BECera joaterik ez dutenek saioa ETB1en eta bertsoa.eus webgunean ikusi ahal izango dute, osorik, zuzenean.