“Aire kutsatzaileen maila gainditu zuen Bilbok iaz; bide beretik doa 2017a”

“Aire kutsatzaileen maila gainditu zuen Bilbok iaz; bide beretik doa 2017a”

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Airearen kalitateari buruzko txostena kaleratzen du urtero Ekologistak Martxan elkarteak, eta Bilbo Handiko eta Durangaldeko hainbat zonatan Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatutako neurrien langa gainditzen dela azaldu du Miguel Angel Ceballos Ecologistas en Accion elkarteko kide eta airearen kalitateari buruzko txostenaren koordinatzaileak (Valladolid, Espainia, 1968). Gaiaren inguruko ezjakintasuna nabaria dela uste du Ceballosek, eta oro har gainontzeko politikak diseinatzen direnean ez dela aintzat hartzen airearen kalitatea. Bide horretan, neurriak hartzea beharrezkoa dela uste du.

Askoren artean, PM partikulen neurriekin azaltzen da airearen kutsadura. Zer dira?

Tamainaren eta meteorologiaren arabera, airean dauden gorputz solidoak dira PM partikulak. 10 mikrako diametroa baino txikiagoa dutenek irauten dute gehien, eta 2,5 mikra baino gutxiago dituztenak dira arriskutsuenak (PM2,5), biriketara eta odolera irits daitezkeelako.

Zerk sortzen ditu PM partikula horiek?

Industrian eta garraioan erretzen den ikatz eta petrolio isurketen eraginez sortzen dira PM2,5 eta PM10 partikulak. Baina meatzaritzaren, obren, basoetako suteen eta beste hainbat ekintzaren eraginez ere sortzen dira. Gainera, PM2,5 partikulak, txikienak direnak, atmosferako bestelako erreakzio kimikoen eraginez sortu daitezke: sufre dioxidoa eta nitrogenoa batuz, adibidez.

Nolakoa da, oro har, Bizkaiko airearen kalitatea?

Historikoki, Bizkaiko itsasadarraren inguruan kokatu dira aire kutsadura arazo larrienak. Trafikoak, industriak edota berogailuek isurtzen duten NO2 nitrogeno dioxido partikulek sortzen dute kutsadura, nagusiki. Itsasadarraren inguruan dagoen industriak, portuko jarduerak eta Bizkaiko hirigunearen bueltako trafikoak sortutako gas isurketak dira eragile nagusiak. 2016ko airearen kalitateari buruzko txostenaren arabera, NO2 aire kutsatzaileen maila gainditu zuen Bilbok iaz. Bada, orain arte jasotako datuei erreparatuz gero, bide beretik doa 2017a ere. Donostia eta Gasteizen, adibidez, NO2 gradu altuak erregistratzen badira ere, ez dute neurriz kanpoko mailarik hartzen.

Bizkaiari dagokionez, Durangaldean, PM10 eta PM2,5 partikulen neurrietan, OME Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatutakoak baino altuagoak neurtu dira azken urteetan. Industria eta trafikoa dira eragile nagusiak, Jaurlaritzak 2007an publikatutako Durangaldeko Airearen Kalitateari Buruzko Planaren arabera. Nolanahi ere, zaharkitua dago txostena.

Nahikoa arreta jartzen da airearen kalitatean?

Oro har, airearen kutsaduraren arazoa nahiko ezezaguna da. Agintariek ez dute aldagai hori aintzat hartzen hirigintza gaiei heltzen dietenan, kasurako: mugikortasun planak egin behar dituztenean edo industria eta energia planak adostean, ez da aintzat hartzen airearen kutsaduran eduki dezaketen eragina. Edonola ere, aurreko hamarkadekin alderatuz gero airearen kalitateak hobera egin duen arren, gero eta interes handiagoa dago auziaren inguruan. Osasunaren arlotik egin diren ikerketak eta Ecologistas en Accion-en gisako elkarte ekologisten jarduna beharrezkoak izan dira bide horretan.

Gaiari buruz egin diren ikerketek berretsi egiten dute airearen kutsadurak osasun arazoak eta, askotan, heriotza goiztiarrak eragiten dituztela. Are gehiago, Ingurumenaren Europako Agentziak kaleratu duen txosten batean azaltzen duenaren arabera, heriotza eragiten duen lehen ingurumen arazoa da airearen kutsadura. Eta haurrengan eta helduengan du eragin gehien, baita arnas aparatuko arazoak dituztenengan edo bihotz arazoak dituztenengan ere.

Zer-nolako neurriak hartu daitezke egoera hobetzeko?

Garraiorako erabiltzen diren erregai fosilak dira gaur egun kutsaduraren erantzule nagusiak, elektrizitatearen produkzioarekin eta industriarekin batera. Hortaz, beharrezkoa da energia eta garraio politikak berriro pentsatzea. Eraginkorrak izan behar dugu, eta lanean jarraitu behar da energia berriztagarriak gailendu daitezen. Bestalde, gertutasunari lotutako hirigintza ereduak sortzea ezinbestekoa da, lekualdatze gutxiago egon daitezen. Garraio publikoaren hobekuntzan ere badira hainbat lan: trenez, autobus elektrikoz ala hibridoz, bizikletaz eta oinez lekualdatzeko neurriak hartu behar dira. Industriari dagokionez, baliabide naturalen kontsumoak behera egin behar du, halabeharrez.

Zeintzuk dira aurrera begirako erronka nagusiak?

Hirigintzaren erronka nagusia distantzia laburreko hiriak eraikitzea da: etxebizitza, lana, heziketa, aisia… elkarren ondoan egotea oinarrizkoa da. Eta, ondoren, distantzia labur horietan mugitzeko kutsatzen ez duten baliabideak erabiltzea; hau da, bizikletaz ala oinez ibiltzea. Eraikuntzaren arloan ere badago zer egin: energia berriztagarrien aldeko urratsak eginez eta termikoki isolatutako azpiegiturak eraikiz, kasurako. Industriari dagokionez, produkzio garbiagoa behar dugu; material toxikoen erabilera saihestu behar da. Eta produkzioaren eta kontsumoaren arteko zikloan birziklatzea bultzatzen hasi behar dugu, hondakinen isurketa edo errausketa guztiz saihesteko.