Daukanak ez daukanari eman

Daukanak ez daukanari eman

Natalia Salazar Orbe

Krisi ekonomikoek baliabide gutxien duten herritarrei eragiten dietela gehien, hori eztabaidatzerik ez dago. Horiek dira berriz gizarteratzeko ahalegin handiena egin behar dutenak. Askok ez dute lortzen. Eta laguntzei zein elkartasunari esker bizi dira hainbat. Oinarrizko beharrizanak eskuratzeko baliabiderik ere ez dutelako sarri. Elikagaiak bermatzeko Bizkaiko Elikagaien Bankuak abendu oro egiten duen bilketa handia gaur eta bihar egingo dute, ia 300 saltokitan.

Zein elikagai mota eman. Horixe izaten da laguntzeko prest dauden askok izaten duten zalantza. Luis Crovetto Elikagaien Bankuko presidenteordeak argitu du: “Batez ere, azukrea, olioa, aurrez prestatutako lekaleak, kakaoa, gailetak eta arrain kontserba-ontziak. Dena den, bakoitzak eman dezala nahi duena”.

Elikagaiak momentuan eman ordez, beste aukera bat ere eskaintzen dute: elikagai bonuak erostea, hain zuzen. Erosketa ordaintzeko unean eros daitezke bonuok. Erosketa txartelean islatuta geratuko zaio ekarpena egiten duenari zenbateko hori.

Beste aukerak baino abantaila gehiago ditu Elikagaien Bankukoentzako elikagai bonuak. “Diru hori gordeta geratzen da, kontu korronte bat balitz bezala. Hala, elikagai jakinen bat behar dugunean, diru hori baliatzen dugu saltokietan behar duguna erosteko. Supermerkatuetan geratzen den kontu korronte moduko zerbait da”.

Erraztasun gehiago ere ematen dizkie horrek: “Ondo datorkigu. Izan ere, era horretan elikagaiak ez ditugu garraiatu, bildu eta sailkatu behar”. Hala ere, sistema hori bereziki onuragarria da beharrizana dutenean eskura ditzaketelako elikagaiak. “Batzuetan esnea behar izaten dugu. Produktu horrek iraungitze data laburra izan ohi du. Beraz, aukera honekin, behar dugunean eros dezakegu”.

Herritarrei zailagoa gertatzen zaie laguntza era horretan ematea. Hala ere, iaz bilketa handiaren %25 jaso zuten sistema horren bidez. “Milioi bat kilo elikagai jaso genuen iaz. Horietatik, 200.000, elikagai bonuaren bidez izan ziren”. Aurten kopuru hori handitu nahiko lukete: %25etik %30era iritsiko direla espero dute. Bestalde, bilketa handian milioi bat kilo elikagai jasotzen badute, pozik geratuko dira. “Aitortzen dut beti harritzen nauela bizkaitarren elkartasunak”.

Izan ere, herritar askok eta askok dute beharrizan handia. Gainera, zenbakiek diote urtetik urtera kopurua apenas gutxitzen dela. Iaz 30.800 pertsonari banatu zizkieten elikagaiak. “2012an banatu genuen elikagai gehien: 32.000 bizkaitarri eman genizkien elikagaiak. Aurten 30.800etik gora daramatzagu jada. Beraz, oso gutxi egin du behera beharra duten pertsonen kopuruak”.

Talderik kaltetuenak

Denetariko familiek jotzen dute Bizkaiko Elikagaien Bankura laguntza eske. Hala ere, bada Crovetto bereziki kezkatzen duen profil bat: ama bakarrak direnak eta kualifikazio profesional txikia dutenak. “Oso zailak dira integratzen. Kualifikazio faltaren ondorioz, oso zaila gertatzen zaie lana aurkitzea”.

Horiekin batera, pobrezia zulotik ateratzeko zailtasun handiak dituen beste talde bat langabezian denbora luzea daramatenena da. “50 urte baino gehiago dituztenei oso zaila egiten zaie langabeziaren kinka larritik ateratzea”.

Eurengana jotzen duen beste eremu batzuetako erabiltzailerik ere badute, baina bereziki larria da aipatutako taldeen egoera. “Etorkinen kopuruak, esaterako, behera egin du. Esango nuke krisiaren ondorioz asko euren herrialdeetara itzuli direla”.

Gizartearen piramidean mailarik baxuenean daudenei eskaintzen die laguntza Elikagaien Bankuak. Krisitik ateratzea gehien kostatzen zaien horiei, alegia. Beste arlo batzuetan ekonomia suspertzen ari dela nabaritu arren, sektore horrek bere horretan jarraitzen du: “Pobrezia kronifikatu bat dago. Oso zaila da egoera hori gainditzea. Artatzen ditugun gehien-gehienak talde horretakoak dira”.

Boluntario falta

Zehazki, 280 saltokitan egongo da elikagaiak edo elikagai bonuak emateko aukera. Jasotako guztia bildu eta herritarrei informazioa emateko 5.000 boluntario ariko dira lanean. Boluntario gehiagoren lana ongi etorria izango litzateke. Bereziki, Bilborako eta Ezkerralderako boluntarioak aurkitzeko izan dute arazo gehien. Abenduko kanpaina hau da urteko garrantzitsuena. Hala ere, urte osoan ere egiten dituzte bilketa gehiago, badakitelako elikatzeko bizi funtzioak ez duela atsedenik hartzen.