Konparaziozko pertsonak

Igor Elordui Etxebarria

Konparaziozko perpausak dauden bezala, konparaziozko pertsonak daude. Denok daukagu apur bat horretatik, denok baikaude jaiotzatik bertatik, eta bizitza osoan zehar, konparatuak izatera zein konparatzera kondenatuak. Elaia bi kilo eta erdirekin jaio zen, baina Martinek lau kilo pasatxo pisatu zuen, hasiera-hasieratik ederra gure mutikoa! Ikerrek ez du urtea egin eta jada oinez dabil; Ainhize, ostera, hemezortzi hilabeterekin, lau-txakur oraindik. Urteak pasa eta: ikusi duzu zelan dabilen Unai bizikletaz? Kendu beharko dizkiogu, bada, gurpiltxoak zureari noizbait, ezta? Maiderrek ikasi du irakurtzen, aurreratuta doa. Peio musikara, dantzetara, ingelesera eta, asteburuetan, igerilekura joaten da igeri egiten ikastera; zu, marrazki bizidunak ikusi eta ikusi. Nik txakurra daukat eta zuk ez. Baina zu Eurodisneyra joan zara eta ni ez, ze morro!

Zer esanik ez, bizitzan aurrera egin ahala are gorrotagarriagoak izaten hasten dira konparazioak, ikasketetan, kirolean, lagun-artean, gorpuzkeran, batzuk onerako eta beste batzuk txarrerako, nabarmenduz/desberdinduz goazen heinean. Bezain, beste, baino -agoen eremu esklabistan erortzen gara orduan, betiko eta betiko. Urlia bezain zera, berendiak beste zer, sandia baino zerago…

Konparaziozko pertsonen artean badaude (bagara esan beharko nuke, eta badiot), halere, nik dakusadanagatik, hiru motakoak. Esan barik doa ez garela denok, oso-osoan, mota bateko edo besteko, batetik bestera jauzi egiten dugulako sarritan; hori horrela da. Baina, nagusiki, hauek dira aipatutako hiru tipoak: batetik, euren burua etengabe beste batzuekin konparatzen dutenak. Esan behar da gisa horretako aiherra arriskutsua dela, batez ere, berau praktikatzen dutenentzat, eta ez horrenbeste konparazioko beste osagaiarentzat; konparazioa egiten duenak bere burua gutxiestera jotzen baitu, gehienetan. Aski frogatu dudanez, mota horretako konparaziozko pertsonak ezezkoak dira eta, nagusiki, nolakotasunezkoak. Beste alde batetik, besteak norberarekin konparatzen dituzten konparaziozko pertsonak daude. Esan dezakegu direla aurreko kasuaren ifrentzua. Aurrekoak ez bezala, konparazioa egiten duen osagaia ez da kaltetzen, irudituko zaiolako, ia beti, bera edota berea besteena baino hobea. Ez dira arriskutsuak, baina gogaikarriak izan litezke konparazioko beste osagaientzat. Sobera demostratuta dago zenbatasunezko konparazio pertsonak direla, batez ere.

Azkenerako utzi ditut arriskutsuenak. Euren burua salbuetsi eta beti besteak konparatzen gozatzen-edo dutenak dira. Beste zereginik ez dute eta! Erraz igartzen zaie, gainera, baitira, adibide bat jartzearren, norbera kalean ondo-antzean ikusiz gero, beste barik botatzen dutenak: “Hi bai, hi, ondo bizi haizela!”

Halakoei, onena, galdera honekin erantzutea izaten da: “Hirekin konparatuta?”.