Egunerokoa den efemeridea

Egunerokoa den efemeridea

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Hiru Mirabal ahizpak erori zirela jakin nuenean, halaxe esan nion neure buruari: eraikitako gizartea hil egin da”. Pedro Mir poeta dominikarrak Mirabal ahizpei idatzitako lerroak dira horiek. Bihar, 57 urte beteko dira Patria Mirabal, Minerva Mirabal eta Maria Teresa Miraval emakumeak erail zituztenetik, Santiagotik Puerto Platara doan errepide bazter batean (Dominikar Errepublika). Rafael Leonidas Trujillo agintariak aginduta hil zituzten emakumeak; aktibismo politikoagatik. Hain zuzen, efemeride hori du oinarri Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunak. Baina efemeride edo gertakari bakana izatetik harago, eguneroko gaitz bihurtu da andreen aurkako indarkeria matxista. Errealitatearen sinbolo dira Mirabal ahizpak; nazioarteko herrialde guztietan; Euskal Herrian zein Bizkaian ehunka emakumeri erasotzen baitiete egunero.

Datuak izan daitezke gordintasun horren erakusle. Eta ez da denboran urrutira egin behar kasu zehatzak izendatzeko. Bizkaian, bi emakume erail dituzte 2017. urtea hasi zenetik, eta urtarriletik irailera bitarte 2.070 eraso zenbatu ditu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.

Bi hilabete joan dira irailaren 28an, Sestaon, Noelia Noemi 32 urteko emakumea labankadaz hilda agertu zenetik. Ustez, haren 33 urteko bikotekideak bere buruaz beste egin zuen Noemi hil ondoren. Aurten gizonen eskuetan hildako seigarren emakume euskal herritarra izan zen sestaoarra. Izan ere, urtea ere hilotzekin hasi zuen Bizkaiak. Urtarrilaren 10ean, Portugaleten, Elvira Lopez hil zuten. 92 urte zituen emakumeak, eta alzheimerra zuen. Haren semea atxilotu zuten.

Azken hilabeteetakoak

Bizkaian eraildako bi andre horiez gain, beste lau andre hil dituzte Euskal Herrian. Urtarrilaren 14an, Blanca Marques hil zuten, 48 urtekoa, Burlatan (Nafarroa), eta ibaira bota zuten hilotza; hilketa aitortu zuen bikotekideak. Maiatzaren 2an, Madrilen, Raquel Lopez eibartarra (gipuzkoarra) eta haren semea hil zituzten; 45 urte zituen andreak; 12 semeak. Emakumearen bikotekidea atzeman zuten. Abuztuaren 24an Sofia Tato billabonatarra (gipuzkoarra) hil zuten Caseresen, Espainian, eta haren bikotekidea atzeman zuten. Irailaren 14an, Uztaritzen (Lapurdi), Melodie Masse hil zuten —zortzi hilabeteko haurdun zegoen—, eta 38 urteko gizon bat atxilotu zuten.

Jaurlaritzak bildutako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 42 andre hil dira indarkeria matxistaren eraginez 2002tik 2017ra bitartean, eta horietatik 29 bizkaitarrak izan dira: zortzi erail dituzte Bilbon, sei Barakaldon, hiru Santurtzin, Abadiñon bi eta emakume bana hil dute Arrigorriagan, Bakion, Durangon, Erandion, Etxebarrin, Gernikan, Mungian, Portugaleten eta Sestaon.

Emakumeen kontrako indarkeriaren adierazle gorena izan daiteke erailketen kasua; ez, ordea, bakarra. Hedabideetan oihartzun gutxiago duten arren, ehunka emakumeri erasotzen diete hilero. 2017ko iraileko datuak dira Jaurlaritzako Segurtasun Sailak argitaratutako azken datuak. Bada, irailean 227 erasoren berri izan zuen Segurtasun Sailak; eta 170 andreri eraso zieten —erasoak eta emakumeak bereizten dituzte txostenek, emakume berak eraso bat baino gehiago izan dezakeelako—. Iraileko datuei erreparatuz gero, eguneko zazpi emakumeri eraso zieten, batez beste, Bizkaian. Iazko hilabete bereko datuekin alderatuz gero, gora egin du bai erasotako andreen kopuruak eta baita eraso kopuruak ere.

2017ko urtarriletik irailera bitartean 2.070 eraso zenbatu ditu Bizkaian Jaurlaritzak; eta icebergaren punta baino ez da kopurua, kalkulatzen baita erasoak jasaten dituzten emakumeen %30ek baino ez dutela ezartzen salaketa. Ideia horretan egin du indar mugimendu feministak azken urteetan behin eta berriz. Are gehiago, oraindik ere ikusezin diren erasoak agerira ateratzeko lanean jarraitu behar dela galdegin dute sarritan. Era berean, dauden erasoetan arreta jartzetik harago, horien prebentzioan lan gehiago egitea beharrezkotzat jo dute azken urteetan.

Salaketagatik salatua

Hain zuzen, erasoa salatzearen zailtasunak erakutsi ditu azken egunetan 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren kasuak. Nafarroako Justizia Auzitegian ari dira kasuaren epaiketa egiten, eta sexu indarkeriaren biktima etengabe auzitan jartzen ari dela salatu du mugimendu feministak. Ez da lehen aldia. 2009an Nagore Laffage erail zuten gazte nafarraren amari herri epaimahaiak galdetu zion ea alaba “oso mutilzalea” zen.

Egoera horri aurre hartu nahian, Nik sinisten zaitut goiburupean hainbat mobilizazio egin dituzte Euskal Herriko hamaika txokotan, eta emakumearen hitza etengabe zalantzan jartzea salatu dute. “Emakumearen hitza zalantzan jartzen da une oro, eta nekatuta gaude, bortxatuak eta erailak izateaz gain, fokua gure gain izateaz, eta ez erasotzaileen gain”. Halako egoerek salaketak jartzea are gehiago zailtzen dutela uste dute feministek.

Urtez urte, emakumeen aurkako erasoen balantzea kaleratzen du Jaurlaritzak, eta datu horiek aintzat hartuz txostena osatzen du Emakumearen Euskal Erakundeak. 2016ko ondorioak aterata dauzkate jada, eta azken urteetako joera antzekoa nabari da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eraso kopuruari dagokionez. Txostenaren arabera, eta, betiere, Segurtasun Sailak egindako zenbaketetan oinarrituta, 2.061 andreri eraso zieten 2016an; eta, orotara, 2.581 eraso zenbatu zituzten. Horietatik 2.573 auzibidera eraman dituztela azaldu dute. Orotara, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 3.774 andreri eraso zieten, eta %54,61 Bizkaian jazo ziren.

Gauza bera gertatzen da erregistratutako eraso kopuruekin ere. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuei erreparatuz gero, 4.693 kasuren berri izan zuen Ertzaintzak; horien artetik, %55 Bizkaian gertatu ziren. Datu horiek aintzat hartuta, ehunekoak ere bildu dituzte Emakundek osatutako txostenean, eta, egindako kalkuluen arabera, 10.000 emakumeko, 43,51ri eraso diete lurraldean azken urtean.

Erasoen mapa iluna

Bizkaiko hiriburuan biltzen da populazio kopuru handiena, eta bertan izan zen eraso gehien; %30,92, zehazki. Eraso gehien hirigune handietan bildu badute ere, azpimarratzekoa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hamar herritatik zazpitan emakumeen aurkako eraso bat salatu zela 2016an —81 herritan izan ezik, gainontzeko guztietan—. Bizkaia osatzen duten 112 herrietatik %73,21etan emakume bati edo gehiagori eraso diote, Jaurlaritzaren iturrien arabera. Erasorik zenbatu ez duten herrien artean, 2.000 biztanletik beherakoak dira nagusi. Edonola ere, aintzat hartuta emakumeen kontrako eraso gehienak ez direla salatzen, errealitatearen begirada lausoa eskaintzen du erasoen herriz herriko mapak.

Non eta noiz galderei erantzuten saiatu da Emakunde txostenean: erasoen mapa eta egutegia osatu du, nolabait. Izan ere, genero indarkeriaren kontrako kanpainetan indar gehiago egiten dute tokian tokiko udalerriek eta emakume taldeek udako festen testuinguruan. Hain zuzen, ekainean eta abuztuan izan zen eraso gehien, Jaurlaritzak bildutako datuen arabera: 440 ekainean eta 438 abuztuan. Uda sasoian gorakada badago ere, gertutik jarraitzen diote gainontzeko hilabeteek; maiatzean, adibidez, 409 eraso zenbatu zituzten 2016an. Hortaz, beren-beregi udarako egiten diren kanpainek emakumeen aurkako indarkeria gehiago ikusarazten duten arren, antzekoa da urtean zehar jazotzen den kopurua.

Familiaz kanpoko erasoak

Emakunderen txostenean bildutako datuen arabera, familiaz kanpoko sexu erasoen kopurua da gehien hazi dena: 2010etik hona %10,85 egin dute gora Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: zehazki, 2016an jazotako eraso guztien artetik, 235 familiaz kanpokoak izan ziren; eta emakume horien %65ek 30 urte baino gutxiago zituzten. Kasu gehienetan erasotzaileak 31 eta 50 urte bitartekoak direla ere azpimarratu dute txostenean.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da bihar, eta, egun horren harira, hainbat ekitaldi antolatuko dituzte Bizkaiko hamaika txokotan. Patria, Minerva eta Maria Teresa Miralba ahizpa dominikarren erailketa gogoratzeaz haragokoak dira azaroaren 25ekoak. Efemeride izatetik urrun, eguneroko errealitatea baita emakumeen kontrako indarkeria.