Iraultzaz betetako agertokia

Iraultzaz betetako agertokia

Natalia Salazar Orbe

Barazki eta fruituetatik energia atera eta musika egiten duen sortzaileak; josteko makina baten doinuak baliatuta kontzertua ematen duen artistak; edota, bestelako trikimailurik gabe, garunaren energia baliatuta, makina batera konektatuta musika sortzen duen egileak erakusten dute badela artea egiteko beste era bat. Hausnartu, ikertu, probatu eta emaitza berritzailea ikus-entzuleen esku agertokira eramaten duen jaialdiak 16. urtea bete du. Nazioarteko Arte Esperimentalen Jaialdiak, aurten ere, beste eremu batzuetan lekurik ez duten arte adierazpenak taularatzeari ekin dio. Nazioarteko 62 artista ekarri dituzte Bilbora, eta bertan erakutsiko dituzte zazpi erakusketa, zortzi instalazio interaktibo, bederatzi performance, doako performance tailer bat, itzalekin osatutako bi antzezlan erotiko, artea eta gastronomia uztartzen dituzten bi jarduera, hainbat kontzertu eta proiekzio eta nazioarteko artisten eta ikus-entzuleen arteko topaketak.

Jaialdiaren muina izan du mintzagai bertako zuzendari eta komisario Txema Agirianok. “Proposamen berritzaileak eta desberdinak jasotzen ditu nazioarteko arte esperimentalen gure jaialdiak. Diziplina aniztasuna defendatzen du, proiektu urratzaileen bidez, sormenak oso arrisku gutxi hartzen dituen une honetan”.

Euskal Herrian gabezia bat sumatu zutelako ekin zioten proposamen berritzaileak egiteari. 2001ean sortu zitzaien ideia urtebete geroago gorpuztu zuten. Orduz geroztik, etenik gabe antolatu dute zita. “Garai hartan oso aukera gutxi zegoen, esaterako, instalazio interaktiboak edo soinuzkoak zein nazioarteko performanceak ikusteko”. Era horretako ikuskizunak Bilbon izatea posible zela erakutsi zuten. Esperimentazio proiektu horien agertoki izanik arrisku batzuk ere hartzen dituzte, ordea. “Gauza desberdinak egitearen aldeko apustua eta beste leku batzuetan aurki ezin daitezkeenak gurean aurkeztea da arriskurik handiena”. Gero eta proposamen berritzaile gehiago ikus daitezke Euskal Herrian. “Hala ere, gu harago goaz beti. Ikusten ez diren gauzak bilatzen ditugu”.

Arrisku horiek ondorio zuzenak izaten dituzte batzuetan: nabarmenena, ikus-entzule kopuru handirik ez izatea. Helburua argia dute, ordea: “Ez dugu bilatzen izen handiko artistarik, proiektu interesgarriak baizik”.

Ikus-entzuleei lasai asko gerturatzeko deia egin die zuzendariak. “Gurera gerturatu diren hainbatek performance bat ikusi gabea zuten. Hemen gauza berriak ezagutzeko aukera daukate. Gehienetan oso inpresio ona hartzen dute denek”. Ikus-entzuleek proposamenak gozatzea nahi dute antolatzaileek. Hala, besteak beste, erakusketen bisita gidatuak egiten dituzte. Dena ala dena prezio librean eskaintzen dute. “Ez dugu nahi sarreren prezioak oztopo izatea jendea gerturatzeko orduan”. Itsulapiko batera bota ahal izango du bakoitzak ahal duena: “Bakoitzaren baliabide ekonomikoen eta ikuskizunari irizten diotenaren arabera ordain dezakete”. Hilaren 26ra bitarte zabalik da arteari beste ikusmira bat eskaintzen dion agertokia.