Bizpahiru urte barru beteko da berriro Artigas zabortegia

Artigasko zabortegia martxan da berriro. Eremu berria prestatzeko lanak amaituta, asteon hasi da, berriz, Bizkaitarren zaborrak jasotzen. Isurketa eremu berria Artigasko mendialdearen eskuineko ibarbidean prestatu dute. 20.000 metro koadro hartu ditu: hiru futbol zelai adina. Birziklatuko ez diren 243.500 metro kubiko zabor jasotzeko lekua du eremu berriak, eta, hiruzpalau urte barru beteko dela aurreikusten du foru aldundiak. “Egungo erritmoan jarraituta, hiru edo lau urte barru beteko da”, adierazi du Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatuak zabortegiko eremu berria aurkeztu duenean. Zabortegiak gehiago irautea herritarren esku dagoela ere esan du: zabor gutxiago sortu eta birziklatzeko gehiago bereizten bada, zabortegiak ez duela horren arin gainezka egingo.

Artigas berriro zabalduta, Jatako zabortegiari lehenengo erabilera emango diote; ezohiko kasuetan soilik erabiliko da, 2016ko otsailera arte bezala. Ordutik Artigasera behar zuten hondakinak jaso dituenez, estaltze eta zigilatze lanei ekingo diete han.