Mapak

Nerea Ibarzabal

Gure ondotik joan diren pertsonek zeuk hautatu ondoen datorkizun joan-en adiera arrasto asko uzten dituzte, arropak, elkarrizketa amaitu gabeak, liburuak, argazkiak… azkenean denborak kaxoi formako amaiera emango dien hainbat kontu. Baina leku bat uzten duenak beti uzten du zerbait ezabatu gabe, eta hori lekua bera da. Lekuak.

Zure etxetik alde egin duen pertsona bakoitzak mapa bat utzi dizu mesanotxean, elkarrekin zapaldu dituzuen munduko txoko guztien mapa bat, baita zapaltzeko asmoa izan baina azkenean bisitatu ez zenituzten lekuena ere. Mapa Mundia beharko dute batzuek, Euskal Herriko mapa bat besteek, herri bateko edo etxe bateko planoarekin nahikoa, agian, norbaitek.

Zuen arteko dena delako harremanaren topografia oparitzen dizu, noizbait etorkizunean leku horietatik berriro ibili nahiko bazenu, gogoratzeko behin zeinekin egon zinen han, zeinek oparitu zizun mundu zatitxo hori, non bota beharko zenituzkeen bere errautsak, edo erretako harremanarenak.

Horregatik Aizkorri entzun eta igande hura oroituko duzu, eta Leitzatik pasatu eta parranda hura, eta Lekeitiora joan eta bere barrea irudituko zaizu hondartzan, eta, biok hainbestetan amestu eta gero, azkenean bera gabe Mexikora iristen zaren egunean, pentsatuko duzu zenbat gustatuko litzaiokeen jaten ari zaren tako pikantea. Edo Kanaria uharteak, Donostiako Easo plaza, London, Donibane-Lohizune, Bartzelonako kebab-a, Hondarribian izan zenuten eztabaida taberna erdian.

Eta zuk, Mekari edo Jerusalemi edo erromes-bideei zentzurik aurkitzen ez diezun horrek, lekuen sakratutasuna absurdotzat duzunak, zeure burua harrituko duzu noizbait puntu esanguratsu horietakoren batera itzuli eta egiten duzun errituala ikusita. Lehenbizi, isiltasuna; zeure baitaratu, eta orduko ibilbide bera egiten saiatuko zara, agian. Falta den horren irudia proiektatuko duzu, noizbait eseri zen aulki, harri, zelai, hondar beraren gainean. Eta ziurrenik hutsuneari galdetuko diozu nondik dabilen bera orain, eta itzuli ote den leku horretara zu gabe, eta noski, ea berak ere jakin nahiko ote lukeen nondik zabiltzan zu.

Are gehiago, arraro sentituko zara toki horiek beste pertsonaren batekin bisitatzean, iraganari traizio egiten ariko bazina bezala. Zure lur sakratuak dira, ortozik eta kontuz zapaldu beharrekoak, eta ez da komeni topografiak elkarrekin nahasterik aurreko oroitzapenak estaltzeko estrategikoki egiten ez bada behintzat. Bakoitzak bere ibilbidea.

Horregatik, mapak mesanotxean pilatu ahala, geroz eta murritzagoa da libre geratzen zaizun mundu zatia, eta geroz eta saihetsezinagoa nostalgia.