Hirigintza eredu sendagilea

Hirigintza eredu sendagilea

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Sarritan aipatu den esaldia da: “Jaten duguna gara”. Errealitatea konplexuagoa da, ordea, norberaren baldintza ekonomikoek zehazten baitute saskira zein elikagai sartzen den, eta, ondorioz, zein kalitate duen. OME Osasunaren Mundu Erakundeak, lauso bada ere, osasunaren egoera neurtzeko aldagaien artean sozioekonomia txertatzea eskatu zuen iaz; izan ere, herritarrak gero eta pobreagoak izan, orduan eta osasun egoera txarragoa dute. Hortaz, errenta ere bada populazioaren egoera fisikoa aztertzeko aldagaia. Ondorio berdinak jaso dituzte Bilboko Auzokideen Ferederazioak eta EHUko Erizaintza sailak, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailaren eta Bilboko Udalaren laguntzarekin batera Bizkaiko hiriburuko auzoen elikadura ohiturak aztertzen dituen ikerketan. Maila sozioekonomiko ezberdina duten auzokideen ossasunean, elikadura inguruneak duen eragina ikertu dute, eta atzo aurkeztu zituzten emaitzak, Bilbon, Bizkaia aretoan.

Fotovoz Bilbo izena eman diote egitasmoari, ikerketa egiteko erabili duten metodologiagatik. “Oso berritzailea izan da. Gure elikadura ohiturak nolakoak diren aztertzeaz gain, inguru hurbilean ditugun aukerak eta mugak neurtzeko balio izan duelako”. Leyre Gravina EHUko irakasle eta ikertzaileak zuzendu du lana, eta errealitate sozioekonomiko ezberdina duten hiru auzotan egin dute ikerlana: Deustuan, Uribarrin eta San Frantziskon. “Egoera sozioekonomiko orokorrari begiratuta, maila altu, ertain eta baxuko guneak aukeratu, eta auzokideen laguntza izan dugu. Nola bizi diren eta nola elikatzen diren erakusten duten argazkiak ateratzeko eskatu genien 23 bizilaguni, baita eskuragarri dituzten jakien irudiak hartzeko ere”.

Behin argazkiak aterata, 40 aukeratu eta eztabaida taldeak egin dituzte tokian toki. “Gaiari buruz hausnarketa kritikoa egitea nahi genuen. Auzokideek beraien komunitateko indarguneak eta premiak aztertzea garrantzitsua iruditu zitzaigun, herritarrek kontzientzia hartzeko bidea ere badelako”. Ikerketa eta hausnarketa egitetik harago doa egitasmoa, ordea. Gravinak azaldu duenez, dauden hutsuneak betetzeko proposamenak ere batu dituzte ikerketan. “Elikadura eta osasun beharrak hobetzeko politika publikoetan hartu beharreko neurrien proposamen eta gomendio praktiko sorta jaso dugu txostenean. Erakundeei eman, eta identifikatutako ahulguneei aterabidea emateko”.

Egin diren proposamenak balioan jarri ditu ikerlariak. “Sarritan goitik beherako politikak egiten dira, eta ez behetik gorakoak. Gure kasuan, auzoaren errealitatetik eta herritarren diagnostikoetatik abiatu gara gomendioak diseinatzeko”.

Errenta eta osasuna

Herritarren osasun egoera aldagai sozial zehatz batzuen arabera zehazten dela dio. “Lau multzotan banatu daitezke hiritarren ongizatea baldintzen dituzten aldagaiak: baldintza sozialak, ekonomikoak, bizimoldeak eta ingurune fisikoak”. Ardatz horien gainean egin dute lan aukeratutako hiru auzoetan. “Errealitate desberdina duten aldetik, beharrak ere ezberdinak dira auzo bakoitzean: Deustuan, adibidez, gehiago dira ingurune fisikoari lotutako arazoak; eta San Frantziskon, aldiz, muga gehienak sozioekonomikoak dira”.

Bilbo Zaharra da Bizkaiko hiriguneko auzoen artean errenta per capita txikiena duen eremuetako bat, eta egoera hori bizi itxaropenean ere nabari dela nabarmendu zuen EHUko Opi ikerketa taldeak, joan den urtean bizi itxaropenari buruz egindako ikerketan: Opi taldeak ondorioztatu zuen desberditasun sozialak direla bizi itxaropenean dauden aldeen arrazoi nagusiak.

Datuak ere eman zituzten eta San Frantzisko, Uribarri eta Deustuan, nabarmana da aldea: Bilbo Zaharreko gizon batek 71,5 urteko bizi itxaropena du eta andre batek, aldiz, 81ekoa. Sei urte gehiago bizi dira Uribarriko gizon-emakumeak, 77,3 eta 86,5 urtean baitago batez bestekoa. Antzeko datuak daude Deustuan: gizonen bizi itxaropena 78,7ra igotzen den bitartean, 86an mantentzen da emakumeena. Ikerketa aurkeztu zutenean, osasun planak egitean pobreziari aurre egiteko politikak biltzea proposatu zuen orduan ere EHUko taldeak, “osasuna eta bizi itxaropena handitzeko bide eraginkorra” zirelakoan.

Bizi itxaropenean ez ezik, gizentasunean ere eragina du egoera sozioekonomikoak. Hala baieztatu dute Fotovoz egitasmoan. “Maila sozioekonomiko txikiagoa duten herrietan gizentasun tasa handiagoa dago”. Areagotzen ari den fenomenoa da, gizarte arazo bihurtzeraino.

Tokian tokiko beharrak

Norberaren errentaz gain, hirigintza ereduak eragin zuzena du elikadura joeretan. “Bizitokiaren arabera era bateko ala besteko ohiturak izaten dituzte herritarrek: ez da gauza bera etxetik gertu supermerkatu bat edo fruta denda bat izatea, edo edozein erosketa egiteko autoa hartu behar izatea”. San Frantzisko auzoa da, akaso, paradigmatikoena. Pobrezia handia duen auzoa izan arren, elikadurari garrantzia ematen diote. “Gabeziak gabezia, aintzat hartzen dute beraien jatetxeetako jakien edo saltzen dituzten produktuen kalitatea”. Baina kontrara, gizentasun kopuru orokorra handiagoa da auzoan, Uribarri eta Deustuarekin alderatuz gero.

Horregatik nabarmendu du Gravinak, errealitatea konplexua dela, eta auzo batetik bestera dauden arrakaletan baino, auzo bakoitzean dauden ezberdintasun sozialetan jarri behar dela fokoa. Hari horri tiraka osatu dute tokian toki hartu beharreko neurrien zerrenda ikerlariek. Auzokideen osasun egoera hobetzea da proposamen guztien xedea.

“San Frantziskon ingurunea eta beharrizanak aintzat hartu behar dira. Adibidez, bizilagunei informazioa eman behar zaie erakundeei buruz eta horiek dituzten egitekoei buruz, gerora nora jo jakiteko”.

Auzoan dauden azpiegiturak hobetu eta merkataritza laguntzeko neurriak ere hartu behar direla azpimarratu dute ikerlanean. “Gentrifikazioa saihesteko bertako dendei laguntzak eman behar zaizkio eta antolatzen diren ekintza eta lokalak ere hauspotu egin behar dira”. Auzoaren gainean dagoen iruditeria hobetzea eta bertan biltzen diren etniak gizarteratzea ere beharrezkotzat jo dute.

Bestelako beharrak dituzte Uribarrin. Elikagaien osasun kontrola areagotzea beharrezkoa dela azaldu dute, kasurako. “Bizilagunen elikadura beharrak asetzea beharrezkoa da, eskolako sukaldea udan ere irekiz. Beharrak dituzten auzokideentzat jakiak uzteko gizarte zentro bat ere jarri daiteke”. Elikadurarekiko heziketa eta denda txikien indartzea ere proposatu dute ikerketan. “Egitasmo berrientzat alokairu merkeak jarri daitezke”. Uribarrin jaki ekologikoen aldeko hautua egitea proposatu dute hainbat herritarrek eztabaida prozesuan, herritarren, nekazarien eta tokiko merkatarien harremanak erraztuz.

San Frantzisko edo Uribarrikoekin zerikusirik ez dute Deusturako bildutako proposamenek. Herritarrei konposta egiteko baliabideak eskaintzea, auzoaren garbitasuna hobetzea eta tokiko produktuak saltzen dituzten denden aldeko neurriak hartzea proposatu dute, besteak beste.

Fotovoz Bilbo egitasmoko proposamenak Bilboko Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariei aurkeztu zizkieten atzo egin zuten aurkezpenean, eta aurrera begirako osasun politiketan neurriak txertatzea besterik ez dute espero ikerketaren egileek.

Gero eta ikerketa gehiago

Herritarren osasuna aztertzerakoan, gero eta ikerketa gehiagok txertatzen dute egoera sozioekonomikoaren aldagaia. Erresuma Batuko The Lancet aldizkariak nazioarteko ikerketa baten berri eman zuen urte hasieran: munduko 1,7 milioi pertsona ikertu zituzten eta baldintza sozial eta ekonomikoek herritarren bizi itxaropena 2,1 urtetan aldatzen dutela ondorioztatu zuten. Alegia, alkoholaren kontsumoak, gizentasunak edo tentsio altuek baino eragin gehiago duela egoera sozioekonomikoak bizitza itxaropenean, eta ondorioz, klase sozioekonomikoaren araberakoa dela gizartearen osasuna.

Arazoa konpontze bidean, politika sozialen hobekuntzan jartzen dute fokoa hainbat adituk, eta, norabide horretan, Fotovoz Bilbo egitasmoaren proposamenak politika publikoetan islatzea espero dute EHUko ikerlariek.