Susmagarria

Nerea Ibarzabal

Twitterren zabaldu zen txio bat joan den asteburuan, eta benetan saiatu naizela horri buruz idazteko tentazioari ihes egiten, bene-benetan, baina ezin izan dut ez dakit inspirazio faltagatik izan den edo, besterik gabe, gaiak erreta naukalako azkenaldian-. Bertsozale batek bi gizonen arteko elkarrizketa entzun eta Twitter bidez elkarbanatu zuen; Bertsolari Txapelketa Nagusiaren inguruan ziharduten: “Hainbeste andre aurrean…”, esan zuen batek, eta “susmagarria…”, erantzun zion besteak. Txapelketa jarraitu ez dutenentzako, final laurdenetako sei saiotaetik lautan emakumeek lortu dute lehen postua. Susmagarria, zalantzarik gabe.

Batzuek esango dute salbuespenekin tematzea dela, bertsozaleek oro har ez dutela hori pentsatzen, publiko aurrerakoia eta aurreratua dela bertsotara doana, baina ai, ez dakit ba. Denok gara iraultzaileak, iraultza ezinezkoa dela uste dugunean; gauzak aldatzen hasten direnean ordea, epa, kontuz eta batez ere aldaketa hori kuantifikagarria denean, ze aldaketa aspaldi hasi zen nire ustez, ez txapelketa honetan-. Eta gauzak susmatzen hasita, nik ere susmoa dut ez direla bi bakarrik horrelako zerbait pentsatuko zutenak honezkero.

Ze gu beti gara susmagarriak. Kirolean marka handiren bat egiten dugunean, susmagarria da eta badaezpada DNA probak egiteko eska dezake norbaitek, ze, aizu, agian gizonak gara. Eta maila altuko lanpostu bat lortu badugu, susmagarria da eta auskalo zer egin behar izan dugun horraino iristeko. Eta bertsotan ondo moldatzen baldin bagara, susmagarria da, feminismoa modan dagoelako, entzuleei burua jan diegulako, desberdin baloratzen gaituztelako. Gizonena naturala da, esperotakoa, eta emakumeena susmagarria eta zalantzazkoa. Guretzat beti eskailera bat gorago dago gure merituen onarpena.

Eta, bestalde, noski sekulakoa dena final laurden hauetakoa, noski aipagarria dena emakumeek lortutako puntuazio altua, noski. Baina, zer nahi duzue esatea, txapelketaz kanpoko plazak apur bat jarraitu dituenak aurreikus zezakeen hau, eta zenbait hedabidetan soilik azken hilabete honetako zenbakiei eman zaie pisua, aldarrikapenetik baino harriduratik gehiago duten iruzkinekin batzuetan. Sorpresa exotiko bat balitz bezala. Normala da, baina ikuspuntu antzua ere bai, ze soilik emaitza hauek hartzen baditugu aldaketaren ikurtzat, gaur arteko ibilbidea eta etorkizunekoa behatu gabe, ez gara inoiz jabetuko benetan eboluzio honek duen garrantziaz. Hori sumatzen ez dutenek susmatzen jarraituko dute.