Natalia Salazar Orbe
Norvegiar bat gonbida dezakezu etxera, baina ez senegaldar bat”. Film Sozialak jaialdiko arduradunek barru-barrutik ezagutu dute aurten etorkinekin eta herri azpigaratutzat jotzen direnekin zer-nolako botere harremana duten euren burua garatutzat duten herrialdeek. Juan Carlos Vazquez jaialdiko zuzendariarenak dira hasierako adierazpenak. Atzo abiatu zuten filmen emanaldia, Life Saaraba illegal pelikularekin. Bizitza hobe baten bila Europara iritsi guran ari diren Senegalgo herritarrak ditu ardatz lanak. Bertan izan zen gidoilari eta zuzendaria, aurkezpena egiten. Ostean, berak eta bere taldeak kontzertua eman behar zuten. Taldekideek, ordea, ez dute lortu baimenik Bilbora etortzeko. “Espainiako Estatuak ez die eman bisa. Hainbat hilabetez jo dugu batera eta bestera. Eusko Jaurlaritzarekin ere aritu gara”. Baina alferrik izan da. Beraz, gizartearen aurrean zabaldu gura dituen bidegabekerien lekuko zuzena izan da jaialdia bera. Hilaren 25era arte, lekua emango die zirkuitu komertzialetan tokirik izan ohi ez duten gaiak kontatzen dituzten lanei; film ikusezinei, hain zuzen.
Aurtengo kartelak ere immigrazioari eta errefuxiatuei egiten die aipamen. Errefuxiatu bat, hondartza batean, itsasoari begira. Bizia salbatu dion txalekoa eta gauza gutxi batzuk lurrean dituela. Hipotermiari aurre egiteko estalki hori bat gainetik jarrita. Irudi horrek aurkezten du IX. Film Sozialak jaialdia. Gai horri heldu diote lehiaketara aurkeztu dituzten lanetako askok eta askok. Denetariko formatuetan, gainera: “Animazioa, fikzioa zein dokumentala. Pozik gaude herritarrak gai horretaz kezkatuta azaldu direlako”.
Hala ere, ez dira lehiaketarako aukeratu dituzten 81 filmetan datozen egunetan ikusiko diren gai bakarrak. Lau sail nagusi bereizi dituzte lanen arabera: giza eskubideak, garapen iraunkorra, genero berdintasuna eta kulturartekotasuna. “Gure ustez, lau ardatz horiek forma ematen diete munduan osatu gabe dauden gauzetako askori. Sail hauek gauza horiek ulertzeko lagungarriak izan daitezke”.
Kulturartekotasunari dagokionez, munduan 5.000 kultura baino gehiago daudela ekarri du gogora Vazquezek. “Gizarte guztiak aberastu dira elkarren artean nahasita eta elkartuta; besteek zer egiten duten ikusita”. Sail horretan sartu dituzte kultura pluralei buruz mintzatzen diren filmez gain, immigrazioari buruzko gaiak ere. Siriako etxean jolasean ari dela bat-batean errefuxiatu bihurtzen den ume baten istorioa ezagutu ahalko da, besteak beste. Emakume turkiar batek egindako animaziozko lana da. “Umeak ez du ulertzen zer ari den gertatzen. Nolatan nolabait dena ordenan dagoen gizarte batean bizi zaren eta normaltasun hori desagertu egiten den egun batetik bestera”.
Giza eskubideen saila eratzeko orduan ez dute zalantzarik izan: “Bistakoa da. Atzerapauso kezkagarria gertatu da”. Bigarren Mundu Gerran 60 milioi pertsona hil zirela gogora ekarri ostean, Siriako gerrari egin dio aipamen. “Europako atarian dugu gerra bat. Europarekin zerikusi handia du Siriak, gainera: bertako mugak Europako herrialdeek marraztu zituzten eta. Zazpi urte daramatzate gerran, eta bertako zein antzeko beste inongo herritarrei ez diegu uzten sartzen gurean”. Hala ere, giza eskubideak bizitzaren atal oso zabal gisa ulertuta landu dituzte. “Besteak beste, nahi duzuna maitatzeko eskubidea defendatu nahi dugu; edo nahi duzun bezalakoa izateko eskubidea, eta inork oztoporik jarri gabe munduan barrena herriz aldatzeko eskubidea”.
El mundo entero filma nabarmendu du Vazquezek sail horrek eskainiko duena azaltzeko. Chari du protagonista. Extremadurako (Espainia) emakume bat. Semea homosexuala du, eta haren eta beste guztien eskubideen alde borrokatuko da. Umorea baliatuko du horretarako. “Zaila izaten da gai serio edo gogorrei umorez heltzea”. Chari errealitatetik hartutako pertsonaia da. Benetan existitu zen. “Ama bakarra zen, eta ulertzen ez zuen gizarte bati aurre egin behar izan zion. Ikus-entzuleek oso ondo pasatuko dute”.
Garapen iraunkorrari ekologiaz harago heldu diote jaialdian. “Garapen iraunkorra elkarbizitza da, planeta garbia izatea, baina baita politikoki behar bezala ordenatua ere. Denentzat berdina izango den garapena izan behar duela ulertzen dugu guk; eta bazterketa desagerrarazi”. Arlo hori lantzeko, film argentinarrez osatutako Open City saila iritsi zaie. “Denen artean antolatuta, gure hiriak eta garapen modua eraldatzen saiatuta, gure gizartean egin ditzakegun ekimen positiboak erakutsiko dizkigu. Film hauetan, herritar batzuek, kamera eskuan hartuta, gizartean giza garapenaren eta bidezko garapenaren alde ezagutzen dituzten jarduera positiboak jaso dituzte”. Mirr da sail horretako filmen adibide bat. Asian kautxua ustiatzen duten konpainia handiek eremu horietan bizi diren herri indigenak ez dituztela kontuan hartzen kontatzen du. “Landaketa lur eremu handiak behar dituzte. Ez dute kontuan hartzen 5.000 urtetik gora daramatzatela han bertako komunitate indigenek. Haien lurrak suntsituta ikusten dituzte indigenok, handik milaka kilometrora norbaitek kautxua erabiliko duelako. Eurek kautxu horren etekinik ikusi ere ez dute egingo, gainera”.
Gizarte oro genero berdintasunetik urruti dagoela ikusita, sail hori landu beharra eztabaidaezina zen antolatzaileentzat. “Mundu mailako garapena ezinezkoa da genero berdintasunik ezean”. Emakumeek egindako lanei dagokienez, lehiaketatik kanpo dagoen film bat eta haren zuzendaria nabarmendu ditu Vazquezek. Marilyn Solaya eta Vestido de novia. Iaz, ikus-entzuleen saria jaso zuen jaialdian bertan. Hala ere, era horretako lanekin gertatu ohi den bezala, zirkuitu komertzialean ez du izan ibilbiderik. “Askok galdetzen didate zine mota honek zentsurarik duen. Daukaten zentsurarik handiena da film hauetako gehienak ez direla iritsiko inoiz zirkuitu komertzialera”.
Emakumeen bultzada
Zailtasunak zailtasun, emakumeek egindako lanak goraka doaz. 1.160 film aurkeztu dituzte aurten. 81 aukeratu dituzte lehiaketarako, eta horietatik %42 emakumeek egindakoak dira. Azken urteetan nabari duten gorakada izan arren, zinearen industrian presentzia hori ez da ageri. “Emakume ugari ari da zine sozialean lanean. Baliabide gutxirekin egindako lanak egiten dituzte. Baina zinearen industrian gutxi dira andreak. Errealitate hori zuzendu egin beharko litzateke. Gizartearen isla da”.
Jaialdia saiatzen ari da emakumeak dagokien lekuan kokatzen. Baita epaimahaiari dagokionez ere. Sail guztiak hiru epailek osatzen dituzte; bi dira emakumeak, eta gizon bakarra dago.
Sari berezia izango dute, gainera, emakumeek egindako lanek zein euskaraz egindakoek. Beharrezkotzat ikusi ditu Vazquezek bereizgarri horiek. “Gizarteak aldatzeko gogoeta eginarazten diguten jarduera positiborik gauzatzen ez bada, ez gara aurrera joango, gizarteak ez dira aldatuko”. Emakumeek jaialdian hiru sari eskuratzeko aukera daukate: sailetan lehiatzeaz gain, ikus-entzuleen eta emakume batek egindako lanik onenaren saria eskura ditzakete. Epaimahaiak bihar jakinaraziko ditu sariak. Asteazkenean emango dute ikus-entzuleena.
Euskara ere sustatu behar dela sinetsita daude. Euskal Herriarekin lotutako gaiak kontatzeaz gain, munduko edozein afera euskaraz konta daitekeela ikusaraziko dute. Jaialdiaren muinari jarraitzen dio horrek ere: “Herritarrei etxeko lanak gogorarazten ez badizkiegu, atzerapausoa egongo da”.
Unibertso osoaren barruan izar bat besterik ez da Film Sozialak. Hala ere, ibilbide osoan 44.000 ikus-entzulerengana iritsi da. Aurten, 26 leku eta herritan izango dira. Beraz, eragina handituz joatea espero dute.