Sortzaile berritzaileen hausturen arrakasta

Sortzaile berritzaileen hausturen arrakasta

Natalia Salazar Orbe

Teknologia berririk edo Internetik ez zen existitzen Bernardo Atxagak, Joxemari Iturraldek, Joseba Sarrionandiak, Ruper Ordorikak, Jon Juaristik eta Manu Ertzillak duela 40 urte Pott Banda sortu zutenean. Ez gaur egun berritzat jotzen den teknologiarik, bederen. Apurtzailea izan zen haien lana: iraultza bat sortu zuen euskal literaturan. Gaur egunera etorrita, beste iraultza bat sortu dute teknologia berriek lanak hedatzeko eskaintzen dituzten baliabideei probetxua atera dieten sortzaileek ere. Blogetan askatzen dituzte euren barrenak olerkigile gazte askok, eta Youtuben erakusten euren sormenaren sekretuak. Batzuk eta besteak elkartuko ditu Bilbao-poesia literatur jaialdiak, datorren astetik aurrera.

Astelehenean abiatu eta, urriaren 25era bitartean, hogei poeta inguru hartuko ditu. Hausturak izenburupean, eskarmentu handiko sortzaileen zein idazle gazteen agerraldiak antolatu dituzte Bidebarrieta liburutegian. Bertako zein kanpoko sortzaileek izango dute lekua. Musika, errezitalak eta egile garrantzitsuekin egindako topaketak dira jaialdiaren ardatza. Zehatzago, nolabaiteko literatur haustura eragin duten egileak elkartuko dituzte, eta Interneten inguruan sortutako belaunaldi berrian jarriko dute arreta.

Hiru urte besterik ez zuen iraun Pott Bandaren esperientziak. Hala ere, tarte hori nahikoa izan zen euskal literaturaren historia iraultzeko eta egungo literatur programa ulertzeko ezinbesteko erreferentzia bihurtzeko. Bilbaopoesia jaialdiak Bakedano, Atxaga, Ordorika eta Iturralde elkartuko ditu urriaren 24an. Elkarrizketa formatuan prestatu dute lauren jarduna.

Hala ere, egun horretara iritsi orduko hainbat jarduera izango dira. Euskal literaturaren berritzaileetako bat izan zen Gabriel Arestiren omenezkoa izango da lehen jardunaldia. Ohi legez, haren jaiotza eguna ospatzeko ekitaldiarekin emango diote hasiera jaialdiari. Urriaren 14an jaio zen, baina, larunbata izaki, atzeratu egin dute.Gabriel Aresti adiskideen begietan izenburupean, idazlearen garaikide batzuk eta adiskide gazteagoak elkartuko ditu topaketak. Euskaraz egingo dute.

Ignacio Fornes Nach rap abeslari eta poetak errezitala egingo du hurrengo egunean. Askok txalotzen dute inolako interesik ez zuen arren orain kalean poesia entzuten duen belaunaldiarekiko lortu duen lotura.

Gazteen oihartzuna

Dagoeneko ibilbide emankor eta garrantzitsua egin duten hiru poeta gazteri ere lekua egingo diete. Kirmen Uribe, Elvira Sastre eta Raquel Lanseros elkartuko dituzte. Bestalde, olerkigintzan indarra eta garrantzia hartzen ari diren zenbait ahots gaztek bat egingo dute urriaren 19an. Garazi Ugalde, Marta Lopez Vilar, Rodrigo Olay, Martha Asuncion Alonso eta Constantino Molinak eskainiko dute saioa.

Interneten sortu dituzten olerkien egileek tarte berezia izango dute. Blogetan idatzi ostean, euren poemak sare sozialen bidez partekatzen dituzte. Ikus-entzule berrientzako bultzada eragin du horrek. Miguel Gane, Loreto Sesma, Maria Leach eta Escandar Algeet batuko dira topaketan. Poesiarekiko haustura erakutsi dute, gaiei, transmititzeko moduari zein ikus-entzuleekin izan beharreko harreman arauei dagokienez. Milaka jarraitzaile lortzen dituzte poesiatik baino arte eszenikoetatik gertuago dauden errezitaletan.

Poloniatik iritsitako Kroke taldeak doinu garaikide eta juduak uztartzen dituen kontzertua eskaiko du. Bestalde, Kepa Junkerak eragindako haustura, garapena eta haren etorkizuna aztergai izango dituzte Ibon Koteron, Argibel Euba, Iñigo Olazabal, Agurtzane Elustondo eta Sorginak taldeak. Euskal musika tradizionalak baliatuta, moldeak apurtu dituzte horiek ere. Kultura biziberritzeko hausturak eragin dituzte, gainerakoen antzera.