Aitziber Laskibar Lizarribar
Ez du atzera bueltarik. Kartzelara doa Alfredo Remirez (Amurrio, 1980). Jaietan preso baten irudia zuen panpina ateratzea da delitua. Duela hamabi urteko kontu bat berpiztuta espetxeratuko dute, txio batzuk idatzi izana argudio hartuta. Bilbon bizi da azken urteetan, eta bertan agindua jaso zain dago. Gutuna jasotzen duenetik, hamar eguneko epea izango du espetxean sartzeko.
Urtebeterako espetxera sartuko zaituztela jakinarazi dizute. Zergatik?
2005ean, Amurrioko jaietan, nire jaietako kuadrillak erabaki genuen kartoizko bi panpina egitea Amurrioko bi presoen argazkiekin, sakabanaketa salatzeko. Panpina horiekin igo ginen udaletxeko balkoira, eta jaietako ordezkari aukeratu genituen.
Handik lau urtera epaitu zintuzten, 2009an. 2017an gaude, eta orain esan dizute espetxera zoazela. Nola ulertzen da hori?
2015ean, Armiarma operazioan atxilotu ninduten, Twitterren txio batzuk idazteagatik. Operazio horren txostenean agertzen diren txio batzuk 2005 ondorengo urteetakoak dira, jaietako auzi horregatik etenaldia ezarria nuen bitartekoak. Etenaldia ezarria duzun bitartean ezin duzu delitu bera egin. Bilatu dituzte urte horietako txio batzuk delitutzat hartzen dituztenak, eta, orain, 2009an epaitu ninduen salak berriro ireki du auzia, eta erabaki du urtebeteko zigorra bete behar dudala.
Zenbat denborarako zigorra zeneukan?
Urtebeteko kartzela zigorra eta sei urteko inhabilitazioa. Inhabilitazio hori urratu dudala esateko bilatu dituzte txioak.
Zer diote txio horiek?
Pare bat dira Pablo Gorostiagari eta Xabier Alegriari ongietorria ematen dietenak, espetxetik atera zirenean. Beste pare batek gaixo zegoen Josu Uribetxebarria presoarekin dute lotura. Gaixorik zegoenean aska zezatela eskatu nuen, eta hil zenean agurtu egin nuen. Txiste pare bat ere hartu dituzte.
Eta zuk zergatik uste duzu zoazela kartzelara?
Nik uste dut badagoela vendetta puntu bat. Hamabi urte pasatu eta gero 2005eko kontu bategatik urtebeteko kartzela ezartzea orain, garai berrietan gaudenean… Gainera, egin nuen ekintza baketsua izan zen, irudimentsua, ez zen inolako indarkeriarik egon eta ez zuen inolako konfrontaziorik sortu. Nik uste dut desberdin pentsatzen dugun jendea eta presoen eskubideen alde ari garen jendea kokiltzeko dela. Zeren ni bat naiz, baina jende gehiago dago nire antzeko egoeran.
Armiarma operazioa izan zenean jende asko mobilizatu zen adierazpen askatasuna aldarrikatzeko. Oraingo erabakia ere adierazpen askatasunaren zaku berean ulertzen duzu?
Bai, bai. Entzun nahi ez dutena esateagatik noa kartzelara. Amurrioko jaietakoa duela hamabi urte izan zen, baina gaur da eguna non goizeko bostetan taberna batean izandako liskar bategatik 62 urteko zigor eskaera egiten den. Estatuak ez daki zer egin dituen zenbait arazoren aurrean, eta halakoak kezko hesi gisa ere erabiltzen ditu. Oso ondo datorkie halako kasuak izatea noizbehinka ateratzeko; horrela beste gauza batzuetatik desbideratzen dute arreta.
Halakoekin jendea isilarazi nahi dela esan izan duzu.
Bai, pentsatzen dut pertsona bat kentzen baduzu bidetik beste ehun ez direla horretara batuko. Eta gaur egun ez da lehen bezala. Lehen, komunikazioa egin nahi zuenak komunikabide ofizial batean egon behar zuen; baina, gaur egun, sakelako bat eta gogoa izatea nahikoa da kazetari lana egiteko. Kazetaritza gustuko dugunak gara, komunikatzaileak, eta uste dugunak eskubidea dugula gure bertsioa kontatzeko. Kontakizunaren batailaren barruan kokatzen ditut halakoak. Zeren batzuen ahotsak kentzen baditugu, besteen ahotsak bakarrik entzungo dira. Uste dut horretan ere badabiltzala. Gertatu zen Egin-ekin, Egunkaria-rekin, Ardi Beltza-rekin, baina baitaArgia-ren kontra egin dutenean ere. Isiltzeko modu asko daude: laguntzarik eza, adibidez. Argia-k eta BERRIAk jasaten duten laguntzarik eza ez da normala. Horregatik uste dut ez dutela nahi kazetaritza edo ikuspuntu kritiko bat lantzen duen jendea.
Espetxeratzeko erabakiak ez du atzera bueltarik?
Ez. Ez du atzera bueltarik, zeren geratzen den errekurtso bakarra Konstituzionalekoa da, eta horrek ez du betearaztea gelditzen. Epaia irmoa da. Agian, bost urte barru esango dute ez nuela kartzelara joan behar… Ez naiz izango lehena hori gertatzen zaiona.
Orain, zer gertatuko da?
Nik espero dut jendea behingoz bere lekuan jartzea. Badago jendea, jende esanguratsua, bere ikuspuntua ematen ari dena bizitzen ari garen zentsura beldurgarriaren inguruan. Mozal legea ere hor dago, eta oraindino gauza gehiago ikusiko ditugu. Barne ministroak esan zuen bazutela beste 200 pertsonako zerrenda bat Twitterren eta beste sare sozialetan ibiltzeagatik. Eta kuriosoa da panpina bat ateratzeagatik edo txio batzuk idazteagatik estatuak bere etsaitzat jotzea, eta 60.000 milioi lapurtzen dituzten bankuak ez, adibidez. Herri bati min handiagoa egiten diote halako lapurretek txio batzuk baino.
Babes handia jasotzen ari zara, mobilizazioak ere egin dira…
Askotan errepikatzen dudan zerbait esango dut: errepresioa hemorroideak bezalakoa da, bakarrik eta isiltasunean jasaten bada txarragoa da. Niri, behintzat, energia ematen dit jasotzen ari naizen elkartasunak, eta, noski, eskerrak eman nahi dizkiet babesa eman didaten guztiei. Nireak ez du atzera bueltarik, baina nire antzera beste jende asko dago; kasu ezagunak batzuk, eta isilean eraman dutenak beste batzuk. Espero dut guztiek jasotzea nik jaso dudan laguntza, eta horrelako sorgin ehiza behingoz amaitzea. Jendeak adierazi ahal izatea nahi duena eta libre. Guztiok mugitu behar dugu horretarako. Abestiak esaten duen moduan, herriak soilik salba dezake herria. Eta kasu honetan garrantzitsua da, zeren jendeak konturatu behar du beren askatasunaren kontrako gauza bat ere badela. Horregatik bakarrik bada ere, jendeak saiatu behar luke halakoak bertan behera uzten. Azken finean, baten eskubideak zapaltzen dituztenean guztionak zapaltzen ari dira. Adierazpen askatasunaren aurkako bidean aurrera egiten ari dira, gainera: langile asko, protesta batean parte hartu duen jende asko zigortzen ari dira. Badira 600 euroko isuna ordaindu eta isiltzen ari direnak, bestela zigor handiagoa etorriko zaielako. Egoera horiek ezin dira onartu. Denoi eragiten digun zerbait da, denon artean indargabetu behar dena.