Beste ni

Igor Elordui Etxebarria

Bahituta naukazu, nahierara narabilzu. Gura duzunean agertzen zara gogorarazteko bazarela nire baitan; gogorarazteko izena ere ez dudala amak eta aitak nahi zutena: Iker behar zuen neure izenak, eta ez Igor, baina frankismoaren hondar urteetako Getxoko funtzionario malapartatu hark gurago izan zuen niretzat izen eslaviarra euskalduna baino.

Umetan tuberkulosia eduki zuen umea naizela gogorarazten didana zara, biriketako min horrek eraginda ikastolara joan barik hilabeteak etxean sartuta egon zen haurra; geldi egon beharraren beharraz, gaitza sendatzearekin batera, potolotu egin zen mutikotxo hura. Eta zara diostazuna birikeriagatik izan ez balitz dudan gorpuzkera txiker eta zabala ez nukeela edukiko, lirainagoa nintzatekeela.

Gaztetan —gazte izateari utzi diodala esatera baitzatoz— egindako gauza haiez guztiez malenkonia suntsigarri batez akordatzera behartzen nauzuna zara. Aldi berean, egin bakoen, galdutako aukera horien guztien damua dakarkidazuna ere bazara. Horixe da ezarri didazun kondenaren paradoxa tristea. Behinola izan nintzena gogorarazten didazu, eta izan eta eduki gura nuena, gura bai, baina ez naizena eta ez daukadana. Hori gutxi ez, eta sekula izango zein edukiko ez dudanaren inbentarioarekin zatoz, interesak kobratzera bazentoz bezala.

Ez zara, ez, gainera, errukiorra. Gehienetan gauez zatoz zerrendarekin. Lotan harrapatzen nauzu, esnatzen nauzu eta ikuskaritzan hasten zara. Eta krudela zara, oso krudela: aurpegiratzen didazu egin ez dudana, egin ezin dudana, egin nahiko nukeena —eta ezingo dudana—, egin beharko nukeena, txarto egin dudana… Eta horrez guztiaz gain, atsekabea eta beldurra dakartzazu, badakizu min ematen: joandako ama, etorri ez zen umea, galdutako lagunak, jendearen zer esanak, familiari huts egitearen izua, zera izatearen sentsazioa: zaharragoa, itsusiagoa, txikiagoa, inozoagoa, ezgauzagoa. Are gehiago: horretxegatik guztiagatik maite dituzunak, maite zaituztenek, zu maitatzeari utziko dioten beldurrak hartzen zaitu; ez baitzara lehen zinena, ez lehen bezain alaia, ez uste duten bezain indartsua. Eta beldurra hauspotuta handiagoa da erredura. Ikara sortzen badakizu, bai jauna.

Egunak egon zaitezke etortzen, badakit nolakoa zaren. Hotzagoa eta luzeagoa da gaua zatozenean, laburragoa eta ilunagoa eguna. Hurrengo goizean ispiluan neure buruari begiratzen diodanean iruditzen zait handiagoak eta sakonagoak direla zimurrak, egun bat baino igaro ez arren. Baina bai, hala da, egunez egun zahartzen goaz eta ni hau eta beste ni gehiago pilatzen.

Esango nuke denborarekin ikasten dela norberaren ni guztiak onartzen. Biharamunean “bart altxatuta ibili zara” botako didate; “zer gertatu zaizu, bada?” Nire beste ni, erantzungo dut. Ulertuko dute, nik ez bezala, nire ni guztiak barne maite nautelako.