Hirigunean abiadura muga murrizten hasi da Bilboko Udala

Hirigunean abiadura muga murrizten hasi da Bilboko Udala

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Autoak nagusi diren hiriburuan toki gehiago egin nahi diete oinezkoei. Kutsadura eta zarata arindu nahi dituzte Bilbon, eta “eremu lasaiak” sortu nahi ditu udalak. Norabide horretan, abiadura murrizketak egingo dituzte hirigune osoan datozen hilabeteetan. Lehen neurria hilabetearen hasieran hartu zuten, Castaños auzoan orduko 30 kilometroko abiadura muga ezartzearekin batera. Asteartean egingo dute hurrengo urratsa: Errekalde zumarkalean autoek ezin izango dute orduko 50 kilometroko abiadura gainditu. Hiri osora zabalduko da neurria laster.

Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren barruan kokatzen dira Bilboko Udalak hartu berri dituen neurriak. Izan ere, hirietako garraioa kutsadura sortzaile nabaria da, eta horretan jarri zuen mira Greenpeace talde ekologistak iaz, Aldaketa klimatikoaren balaztarik gabeko motorra azterketan. Hainbat hirigune aztertu zituzten ekologistek ikerketan, eta ohartarazi zuten gaur egun berotegi efektuko gasen %10 hirietako ibilgailuei dagozkiela. Bilboren kasua azpimarratu zuten egindako txostenean, Euskal Herriko hiririk handiena izanagatik ere ez baitzuen inolako planik egoerari aurre hartzeko.

Azterketa kaleratu eta gutxira egin zuten hitzarmena Grenpeacek eta Bilboko Udalak, eta, adostutakoaren arabera, hiriak %50 hobetu behar du airearen kalitatea 2030erako, 2012ko isuriak oinarri hartuta. Ez du erronka makala Bizkaiko hiriburuak, 180.000 ibilgailu sartu eta ateratzen baitira egunero. Udalak emandako datuen arabera, 07:00etatik 09:00etara 20.000 ibilgailu sartzen dira hirira, eta horietatik %80 inguru, pertsona bakarrarekin.

Gaur egungo egoera irauli eta kutsadura erdira jaistea da Bilboko Udalak duen helburua, eta Castaños eta Errekalde zumarkaleko zirkulazioan jarri dute fokua lehen pauso gisa. “Europako beste hiri batzuetan abian jarria duten neurriarekin, auzoa inguru lasaiago eta baketsuagoa izan dadin lortu nahi da, non bizilagunek eguneroko bizimoduari aurre egin ahalko dioten trafikoaren presioa jasan gabe”.

Lehen neurriak

Castaños auzoan hartutako neurriak izan dira lehenak. Ibilgailuen abiadura moteltzeko neurria ezartzeaz gain, oinezkoentzako pasabide berriak jarri dituzte, eta baita espaloi handiagoak eraiki ere. Bidegorria ere aldatu dute planaren barruan, Campo Volantin pasealekura desbideratuta. “Auzo bat ingurune lasai bihurtzeak esan nahi du inguru atseginagoa sortuko dugula, non bizilagunek eguneroko bizimodua egin dezaketen trafikoaren inolako presiorik izan gabe”.

Bilboren sarbide nagusietakoa da Errekalde zumarkalea. 20.000 ibilgailu igarotzen dira bertatik egunero, eta gehienek gainditzen dute orduko 50 kilometroko muga. Bertan sortzen den istripu kopuruaren eta kutsadura akustikoaren eraginez hartu dute, besteak beste, abiadura gutxitzeko neurria Alfonso Gil Bilboko Hirigintza zinegotziak azaldu duenez. Eta bi radar izango dira martxan asteartetik aurrera, neurria errespetatzen dela ziurtatzeko zumarkaleko 25 eta 27 zenbakien artean; hots, Colon de Larreategi eta Henao kaleen artean. “Helburua ez da dirua biltzea, baizik eta abiadura moteltzea”. Gilen arabera, udalak egin dituen azterketek argi erakutsi dute Errekalde zumarkalearen ingurua herritarrek ez dutela paseoak egiteko erabiltzen, autoen abiadura tarteko. Hala, egitasmoaren bidez, herritarrak hiriburuko kaleetatik lasai ibiltzea ere bultzatu nahi du udalak.

Abiadura murrizteko radarrez gain, aparkatzeko 71 plaza jarriko dituzte bi norantzetako bideetan trafiko gutxi dagoen orduetarako; zehazki, gauez eta asteburuetan. Hortaz, bide bana izango da martxan bi norabidetan. Gainontzeko orduetan, aldiz, zumarkaleko lau bideak izango dira zirkulaziorako zabalik: hau da, astelehenetik ostiralera, 07:30etik 20:00etara; larunbatetan, 09:00etatik 20:00etara, eta, igandetan, 11:00etatik 20:00etara.

Autoei nagusitasuna kendu eta oinezkoei ematea da Bilboko Udalaren helburua, eta, aurreneko neurriak Castaños eta Errekalde zumarkalean hartu badituzte ere, datozen hilabeteetan hiri osora zabalduko dute abiadura muga. Udalak jakinarazi duenez, Irala eta Zorrotza auzoetan egingo dituzte hurrengo lanak. Bilbo “30 hirigunea” izatea nahi dutela azaldu du zinegotziak, eta 2018rako nahi dutela orokortu.

Bizikletak errepidetik

Hiriguneko errepideetan egingo den aldaketa horrekin ez du bidegorrien beharrik ikusten zinegotziak. Autoak orduko 30 kilometroko abiaduran dabiltzan kaleetan errepidetik joan daitezkeela uste du, eta, horregatik, ez du horren beharrezkoa ikusten hiriguneko bidegorri sarea zabaltzea. Hirigintza zinegotziak azaldu du udalaren bizikleta zerbitzua ere jarriko dutela eta elektrikoak ere erosiko dituztela aurten. Bilbobus elektrikoak ere eskuratu ditu udalak, eta lurpeko aparkalekuetan eta taxi geltokietan ibilgailu elektrikoak kargatzeko gailuak jarri dituzte.