Gurasoen aurkako erasoak, gora

Gurasoen aurkako erasoak, gora

Natalia Salazar Orbe

Kolpeak, bultzadak, irainak, mehatxuak, umiliazioak, baimenik gabe gauzak hartu edo lapurtzea edota gurasoek lor ezin ditzaketen gauzak eskatzea; exijitzea. Gero eta familia gehiagoren egunerokoa bilakatu dira. Erasotzaileak, gainera, familiako txikienak dira: seme-alabak. Goraka doa gurasoei eraso egiten dietelako aldundiak artatzen dituen gazteen eta sendien kopurua. Lau urtean %43 hazi da kopuru hori. 2013an, 70 nerabe eta 132 senide artatu zituzten. Iaz, 97 familiak eskatu zuten laguntza: guztira, 311 pertsona artatu zituzten. Horietatik ehun, gurasoen aurkako indarkeria zerabilten nerabeak. Erasoa jasan zutenei dagokienez, 97 amak ziren; 59, aitak, eta 54, neba-arrebak. Erasotzaileen profilari erreparatuta, 10 eta 13 urte artekoak ziren hamahiru; 28k 14 eta 15 urte artean zituzten; 45ek, 16 eta 18 urte artean, eta hamalauk, 19 eta 21 urte artean. Horietatik guztietatik 71 mutilak ziren, eta 29, neskak. Gehienak, beraz, mutilak dira, 14 eta 18 urte artekoak. %88 gurasoen etxean bizi dira, eta seme-alaba bakarrak dira. Hala ere, beste asko seme-alaba zaharrenak edo bigarrenak dira. Batez ere, indarkeria fisikoa eta psikologikoa erabiltzen dute gurasoen aurka.

2008an abiatu zuen aldundiak gurasoen aurkako indarkeria darabilten seme-alaben familietan esku hartzeko programa. Gurasoentzat zaila izan ohi da erasook aitortzea. Hori dela eta, asko seme-alaben erasoei garrantzia kentzen saiatzen dira; bereziki, irainak edo umiliazioak direnean. Nerabezaroan ohikoak diren jarreratzat jotzen dituzte, eta berez, denboraren poderioz desagertuko direla uste izaten dute. Horrez gain, zenbait gurasok pentsatzen dute etxean gertatzen ari zaiena jakinarazten badute kritikatu egingo dituztela eta zalantzan jarriko dutela guraso gisa egin duten lana. Horri seme-alabak babesteko nahia gehituta, askok gurago izaten dute arazoa isilpean gordetzea. Hala diote programa lantzen duten adituek. Berriztu elkartea ari da lan horretan.

Noiz eskatu laguntza

Indarkeria mota horren biktima diren jakiteko zenbait zantzuri errepara diezaiokete gurasoek: seme-alabek iraintzen badituzte, irrigarri utzi, dirua lapurtu, nahi dutena lortzeko xantaia egiten badiete edo euren gauzak edo etxeko gauzak lapurtzen badituzte haserrealdietan, indarkeria mota horren biktima izan daitezkeela pentsatu behar dute.

Uste baino ugariagoak dira era horretako erasoak. Bide hori hartzen duten jarrerak jokabide larriago bilaka daitezke, gainera, eta eraso fisiko bihurtu. Eta horiek maiztu eta gogorrago bihurtzen dira askotan.

Arazo hori pairatzen duten familietan denak dira biktimak: bai erasoa jasan dutenak eta bai erasotzaileak. Hori dela eta, arazoa konpontzeko gaitasunik ez dagoenetan, laguntza eskatzea beharrezkotzat jo dute adituek. Baina non dago muga? Noiz jo behar da laguntza eske? Gurasoen aurkako indarkeria ez da nerabezaroko jokabide bat. Erasoak behin eta berriz errepikatzen dira. Gurasoek semearen edo alabaren portaera kontrolatzen ez dutenean, eraso ditzaketelako beldur direnean, indarkeria erasoren bat gertatzen bada edota etengabeko irainak direla-eta umiliatuta sentitzen badira, laguntza eskatu behar dute.

Programaren xehetasunak

Aldundiaren programak laguntza eskaintzen die 10 eta 21 urte arteko seme-alabek gurasoen aurkako indarkeria darabilten familiei. Egoera horri irtenbidea emateko eskaera egin behar dute sendiek. Eskaerak gizarte zerbitzuen bidez, programa bideratzeko erakundeen bidez edo Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza saileko Emakume eta Familien Zerbitzuan aurkez daitezke.

Familiarekin esku hartze integrala lantzen dute programako adituek. Etxe barruko dinamikan errotu den harreman eredua eraldatzen saiatzen dira, eta harreman eta komunikazio eredu osasungarriagoa bilatzen dute. Harreman horietatik indarkeria desagerraraztea da azken helburua. Horretarako, arreta psikoterapeutikoa eta hezitzailea ematen diete sendiei, familia barruko dinamika eta kide bakoitzarena aztertuta. Azterketa horiek baliatuta gauzatzen dute esku hartze globala.

Genero ikuspegiari ere garrantzi handia ematen diote. Horretarako propio sortutako programak dituzte.

Gurasoentzako Eskolak borobiltzen du programa integrala. Halere, beharren arabera, beste programa batzuk ere lantzen dituzte, hala nola gaitasun sozialen trebakuntza, haserrea kontrolatzeko eta antsietatea maneiatzeko baliabideak eta droga mendekotasunaren prebentziorako tresnak.

Urtebete irauten du, gutxi gorabehera, esku hartze horrek. Saioak astero edo hamabostean behin egiten dituzte. Hurrengo fasean, jarraipenak egiten dizkiete familiei; beste urtebetez. Harreman osasuntsuak lortu dituztela bermatzean bukatzen dute lana.