Izaro Mendieta
Esku pilota eta palan aritzen deneko kantxatik atera, eta frontis bakarrean lehiatzen dabil egunotan Olatz Arrizabalaga (Gernika-Lumo, 1997). Frontballean aritzea, baina, iazko kontu bat da pilotari gaztearentzat; esku pilotan eta palan baitauka eskarmentua Arrizabalagak.
Gorengo mailan dagoen pilotari gaztea zara. Ba al dago desberdintasunik pilotari gazte eta helduagoen artean?
Lehen baino neska gehiago aritzen gara palan, baina lehen nire bikotea eta ni izaten ginen beti txapelketako gazteenak. Bere alde ona eta alde txarra dauzka horrek. Helduagoek esperientzia gehiago izaten dute, eta gazteagook, beharbada, sasoi hobea izaten dugu. Nik uste dut hori izaten dela desberdintasun bakarra.
Noiz hasi zenuen esku pilotako eta palako ibilbidea?
Zazpi urte nituela hasi nintzen esku pilotara jokatzen, Gautegiz Arteagan. 14 urterekin, berriz, utzi egin behar izan nion jokatzeari; izan ere, Bizkaian bi neska baino ez geunden esku pilotan lehiatzen, eta, hori dela eta, mutilen kontra aritzen ginen. Sasoi horretara ailegatutakoan, baina, ezin izan nuen esku pilotara jokatzen jarraitu, ez baineukan mutilek adina indar, eta hori garrantzitsua da kirol honetan. Orduan, palan jokatzeari ekin nion, Munitibarren. Eta iaz heldu nion berriro ere esku pilotari. Hala, gaur egun, bi modalitateetan lehiatzen naiz. Palan, Larrabetzuko taldearekin aritzen naiz, eta esku pilotan, aldiz, nire kontura.
Emakumeen Master Cup binakako esku pilota txapelketan lehiatu zara aurten. Nola moldatu zara?
Leire Etxaniz Bengoa etxebarritarra izan nuen bikote, eta txapelketa irabaztea lortu genuen elite mailan.
Aurretik ere, irabazi izan dituzu beste txapelketa batzuk.
GRAVNI federazio arteko lehiaketako pala txapelketa bost aldiz irabazi dut, eta Euskadiko pala txapelketa, berriz, hiru aldiz.
Esku pilotan eta palan ez ezik, frontballean jokatzen ere ausartu zara.
Bai, hala da. Espainiako txapelketa jokatzeko deitu zidaten. Frontballa zer zen ere ez nekien nik orduan; hala ere, esperientzia bizitzera joan nintzen. Ekainean jokatu zen txapelketa Iruñeko Labrit pilotalekuan, eta bigarren egin nuen orduan. Horren ostean, Espainiako selekzioagaz entrenatzea proposatu zidaten, baita Mexikon lehiatzen ari den Frontball munduko txapelketan parte hartzea ere.
Esku pilota, pala, frontballa… Zein duzu hiruren artean gustukoen?
Esku pilota daukat gustukoen; txikitatik aritu izan naiz, eta gauza gehien ere han egin daitezke. Beharbada, palan hobeto moldatzen naiz, baina esku pilota dut gustukuago.
Emakumeen presentzia nolakoa da pilotarien artean?
Nik uste dut geroz eta emakume gehiago animatzen direla pilotan aritzera, eta Emakumeen Master Cup-ak ere hori lortu duela deritzot. Nik uste dut lortuko dela esku pilotan zein palan geroz eta emakume talde gehiago osatzea. Pilota munduan nire ibilbidea hasi nuenean, bi neska baino ez geunden, eta orain, berriz, nesken arteko txapelketak egiten dira. Kanpoan lehiatzeko aukerak ere badira orain. Gauza asko hobetu dira, baina asko dago egiteko oraindik.
Zer dago egiteko, adibidez?
Emakumeen entrenamenduetan jarri beharko litzateke indarra. Elite mailan gaudenok ez daukagu entrenamendurik; ez entrenatzailerik ezta entrenatzeko tokirik ere. Batzuetan, mutilekin ere entrenatu izan dugu. Beraz, gu mugitu behar izaten gara hara eta hona. Bestalde, sariak ere handiagoak izaten dira gizonezkoentzako emakumezkoentzako baino. Komunikabideetan emakumeen pilotak daukan oihartzunean ere nabaria da desberdintasuna.
Pilotaleku txiki eta handietan lehiatu izan zara. Ba al daukazu faboritorik?
Gautegiz Arteagako edo Larrabetzuko pilotalekuak dira niri jokatzeko gehien gustatzen zaizkidanak, horietan egiten baititut entrenamendu gehienak, eta neurriak hartuta ditut jada. Beraz, frontoi handiak baino, etxekoak ditut nahiago nik.
Mexikotik bueltan, zer egingo duzu?
Emakume Master Cup-a dela eta, herri askotatik deitu digute esku pilotako partidak jokatzeko. Mexikotik bueltan etorri eta hurrengo egunean badaukat partida bat, adibidez. Uztailean eta abuztuan, herri txikietako jaietan ere hainbat partida jokatuko ditugu. Eta urrian, Bizkaiko txapelketa hasiko dugu.
Eta etorkizunean, pilota munduan murgilduta jarraituko al duzu?
Esku pilotan, palan zein frontballean jokatzea ikasketekin bateragarria den bitartean, entrenatzen eta jokatzen jarraituko dut; hori da, behintzat, nire asmoa. Edozein kiroletan, uste dut munduko txapelketa jokatzea izaten dela goreneko ametsa, eta hori egiteko aukera izan dut nik. Beraz, helburu bat beteta daukat.
Mexikoko txapelketak bezalakoak egongo balira, horiek aprobetxatzea gustatuko litzaidake, nesketan, behintzat, ez baitut uste aukera gehiegirik egongo denik.