Kalean; eta etxean?

Igor Elordui Etxebarria

Duela bost urte baino gutxiago egiten da euskaraz kalean. Hori da pasa den astean Soziolinguistika Klusterrak aurkeztu zuen Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketaren emaitzaren ondorioa. Bost urtean behin egiten dute neurketa, behaketaz —azkena, beraz, 2006an egin zen—. Kalean ibiltzen dira behatzaileak, eta erreparatzen dute jendea zein hizkuntzatan ari den. Bada, kalean hizketan entzun dituztenetatik %12,6 ari ziren euskaraz. Portzentaje hori, Euskal Herri osoa aintzat hartuta, duela bost urtekoa baino puntu bat apalagoa da. Bizkaiari dagokionez, are okerragoa da datua, atzeraka egin baitu azken hamabost urteetan etengabe: 2001ean %10,5ekoa zen erabileraren ehunekoa, eta hamabost urte geroago %8,8ra jaitsi da (Bilbon, %4,6tik %2,5era).

Badira 472 urte Bernat Etxeparek Kontrapas olerkian euskara jalgi hadi kanpora, jalgi hadi plazara, jalgi hadi mundura aldarria betikotu zuenetik. Eta kasik bostehun urte geroago, hala jarraitzen dugu oraindino, kontrapasean. Hala behar zuen izan hamaseigarren mendean, eta hala behar du izan, zoritxarrez, hogeita batgarrenean ere.

Ostera, bada niri iritziz XVI. mendetik hona aldatu den gauza bat; azken urte hauetan aldatu den gauza bat, eta ez onerako, gainera. Bazen garai bat —demagun zu eta ni haur izan ginen garaia, baina izan zitekeen duela lau mende— euskaraz kalean ezin egin eta etxean eginez jagoten eta bizirik iraunarazten genuena. Bazen garai bat kalean beste euskaldun batzuekin elkartzen ginelarik euskarak anaitzen gintuena. Bazen garai bat, hori ere bai, kalean euskaraz harrokeria apur batekin egiten genuena ingurukoek ulertzen ez zutelako. Eta hori horrela izaten zen, batez ere, eremu erdaldunetan. Ez daukat nik sasoi haren nostalgiarik, baina, zoritxarrez, lau mendean zehar euskararentzat kalea, plaza eta mundua aldarrikatzen egon eta gero, orain etxea aldarrikatzen hasi beharko dugu. Zeren eta bada garai bat, gaurkoa, alegia, apurka-apurka, gura barik, konturatu barik kasik, orain arte euskaldunak izan diren etxe askotan erdarak lekua egin duena edota egiten hasi dena. Eta hori horrela da, batez ere, eremu euskaldunetan; arnasgune deritzen diren horietan, alegia.

Horrenbeste berbalagun, euskararen egun, pixka bat es mucho eta txantxangorri… Denak baleko, denak beharrezko. Baina zeintzuk dira Euskararen Erabileraren Etxe Neurketaren emaitzak. Ba ote?

Areago, ez diot ezer berririk zera badiot: euskararen etorkizuna izango da euskaraz dakiten egungo gazte horiek guztiak etxerako egingo duten hizkuntza-hautuaren araberakoa. Beraz, segi dezagun kalera, plazara eta mundura begira lanean, baina aldarri dezagun, altzari-denda ospetsu harena gogora ekarriz, gure Etxeko Errepublika Aske Euskalduna. Berandu baino lehen, betiko esaera baita: etxean ze entzun, a ikesi.