“Hedabideek irudi okerra zabaltzen dute, beldurrari lotutakoa”

“Hedabideek irudi okerra zabaltzen dute, beldurrari lotutakoa”

A. Larrabe Arnaiz

Udako festak gozamenerako espazioak direla aldarrikatu nahi du Bilgune Feministak aurtengo udan, eta Gozamena, gure aizkorarik zorrotzena kanpaina abiatu berri du horretarako. Edonola ere, herritar guztien gozamena ahalbidetzen duten festak lortzeko bidean, gaur egungo planteamendua iraultzea beharrezkoa dela dio Irati Gonzalez Larena Bilgune Feministako kideak (Santurtzi, 1984). Erabakiguneetan eta aisian emakumeen presentzia areagotzea oinarrizkoa dela uste du.

Gozamenari lotutako kanpaina egin duzue aurtengoan.

Ez da gozamena aldarrikatzen dugun lehen aldia. Azken urteetan sexu eraso ugari izan dira udako festetan, eta, maiz, egoera horrek jan egiten gaituela ikusi dugu. Hau da, prebentzio eta erantzun dinamika batean sartu, eta ahaztu egiten dugu gozamenerako espazioak sortu behar ditugula, jaiak horretarako baitira. Azkenaldian lan handia egin da festa eremuetan espazio seguruak sortzeko, eta bide horretan jarraitu behar da, baina ez dugu ahaztu behar espazio gozagarriak sortzea ere behar-beharrezkoa dela. Genero zapalkuntzaren oinarrietako bat hor dago, eta horren eraginez gertatzen dira, gerora, horren larritzat jotzen ditugun erasoak. Horregatik, planteamendua aldatzea beharrezkoa da.

Zein norabidetan?

Espazio gozagarriak eskuratzeaz hitz egiten dugunean esan nahi dugu gaur egun izaten ez diren egoera batzuk sortu behar direla, halabeharrez. Gaur egun, gizonak dira jaietan libre eta erabat eroso gozatzeko aukera duten bakarrak. Azken finean, festak jendartearen isla dira, eta egunerokoan gizartean izaten diren arazo berberak argiago azaleratzen dira. Adibide txikiak bezain esanguratsuak, hala ere: nork garbitzen ditu konpartsako kamisetak? Nork egiten ditu ikusten ez diren lan horiek guztiak? Herri bazkarietan nor arduratzen da erosketak egiteaz? Nork erantz dezake kamiseta lasaitasun osoz, inolako begirada, keinu ala irainik jaso gabe?

Zein da festen eredua iraultzeko egin beharreko urratsa?

Parte hartzea gakoa da, hasieratik. Erabakiak hartzen diren tokietan emakumeak izatea oinarrizkoa da. Edonola ere, aldaketak ezin dira soilik kuantitatiboak izan, kualitatiboki ere aldatu egin behar da egoera. Norabide horretan, garrantzitsua da aztertzea eragileen erabakiguneetan zer-nolako botere harremanak dauden eta botere harreman horiek nola kudeatzen diren, askotan eta askorentzat ikusezinak diren arazo horiek oso garrantzitsuak baitira. Horregatik, oinarrizkoa da parte-hartze prozesuak zaintzea eta ahalik eta horizontalenak izan daitezen bultzatzea. Jaiak gozagarri izateko abiapuntura joan beharko ginateke, hortaz.

Sarritan sexu erasoak zenbakietan neurtu eta kopuruaren araberako balorazioa ere egiten da. Gaur egun, zenbakietan egiten da indar?

Azken urteetan hedabideek kasu gehiago egin diote sexu erasoen auziari, eta kontzientziazioa handiagoa da: erakunde publikoek ere gaia landu eta aurrerapausoak egin dituzte bide horretan. Hori guztia mugimendu feministaren lorpen txiki bat da, eta aitortu egin behar zaio. Nolanahi ere, kezkaz begiratzen diogu erasoak lantzeko dagoen erari eta erasoen inguruan egon daitekeen jarrerari. Mezuek, nahi gabe ere, emakumeen biktimizazioa bermatzen dute, eta irudi oker bat zabaltzen dute maiz hedabideek, beldurrari oso lotutakoa. Eraso matxisten gaia lantzean, larrienak aipatzen dira, eta, lanketa egitea ondo dagoen arren, askotan zapalkuntza sistema bera bermatzen da, zeinean emakumeek beldurra izan behar duten.

Gero eta herri gehiagotan osatzen dira sexu erasoei aurre egiteko prebentzio kanpainak, protokoloak…

Herri bakoitzak bere errealitatearen arabera egokitzen du sexu erasoei aurre egiteko planteamendua. Baina, orokorrean, mugimendu feminista saretzen, aliatzen eta berriztatzen ari da etengabe. Prebentzio lana eta erasoei aurre egiteko dinamikak puri-purian daude, eta, egoera kezkagarria den heinean, horra begira egongo da mugimendu feminista. Herri bakoitzak baliabide eta ekintza propioak antolatzen ditu. Mugimendu feministak antolatuta azken urteetan beltzez jantzita egin diren manifestazio eta protestak aipatuko nituzke, jauzi bat izan baitira autodefentsaren norabidean. Erakunde eta hedabideetan landu ez den eta politikoki zuzena ez den diskurtso bat zabaltzen lagundu dute halakoek.

Nolakoa da tokian tokiko administrazioaren eta Bilgune Feministaren arteko harremana?

Tokiaren araberakoak dira harremanak. Kontuan hartzen da, baina, orokorrean, administrazio publikoan egiten diren berdintasun planetan mugimendu feministak ez du harreman ofizialik erakundeekin. Aholkulari lanak sarritan egiten ditu, adibidez, eta hainbat tokitan pisu nabaria dute mugimendu feministako kideek. Baina, betiere, udalaren arabera eta udalean dauden teknikarien arabera, duten kontzientziaren araberako lanketak egiten baitira gehienetan.