Etenik ez duen gaitza

Etenik ez duen gaitza

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Hasi eta berehala lehen kolpea. Joan den asteburuan jaurti zuten Zornotzako jaiei hasiera emateko txupinazoa, eta festen eztandarekin batera iritsi zen lehen zartakoa: emakume batek sexu erasoa salatu zuen jaien lehen egunean. Andreen aurkako erasoak saihesteko arreta berezia jartzen da udako festen testuinguruan, eta gero eta herri gehiagok osatzen dituzte erasoen inguruan jarraitu beharreko neurrien protokoloak. Genero indarkeria eguneroko auzia da, hala ere. Bizkaiko Indarkeriaren Behatokiak argitaratu berri dituen datuen arabera, 2.581 emakumeri eraso zieten Bizkaian 2016an. Beste era batean azalduta, egunero, zazpi andrek jasan zuten indarkeria matxista.

Genero indarkeriaren kontrako kanpainetan indar gehiago egiten dute tokian tokiko udalerriek eta emakume taldeek udako festen testuinguruan, eta ez alferrik. Joan den asteburuan hasi ziren Karmengo jaiak Zornotzan eta Santurtzin, eta ez dute hasiera lasaia izan ospakizunek; ez behintzat, emakumeentzat, bi andreri eraso baitiete jaiak lehertu eta berehala. Zornotzan eraso egin ziotela salatu zuen emakume batek jaien lehen egunean, eta gertatutakoa ikertzen ari da Ertzaintza. Zornotzako Emakume Taldeak gogor arbuiatu du gertatutakoa, eta protestak ere iragarri dituzte: manifestazioa egingo du bihar, gauerdian, herriko plazako kioskotik abiatuta. “Jaiez gozatu nahi dugu. Ez dugu erasotzailerik onartuko, eta aurrean izango gaituzte”.

Jaiez gozatzea zail dute, ordea, andreek. Zornotzako salaketa jaso eta 24 ordura, gizon batek ukituak egin zizkiola salatu zuen emakume batek Santurtzin. Karmengo jaiak ospatzen dituzte Ezkerraldeko herri horretan ere. Emakumeak azaldu duenez, tabernako besaulki batean lo hartu zuen, eta, hala zegoela, ukituak egiten hasi zitzaion gizon bat. 55 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak, salaketa jarri eta berehala.

Sei eraso ekainean

Durangotik iritsi zen joan den asteburuko hirugarren deia. Zornotzako gertakariak salatzeko milaka herritar elkartu ziren une berean, andre bat jipoitu zuen haren bikotekide ohiak Durangon; etxean lehenik, eta kalean gero. Atxilotu egin zuten gizona, eta ospitalean artatu zuten emakumea. Gertakaria arbuiatzeko protesta egin zuen atzo mugimendu feministak, Andra Mari elizaren aterpean.

Eraso matxisten zerrendak ez du etenik: Zornotza, Santurtzi eta Durangoko kasuez gain, Bilboko Udaltzaingoak gizon bat atxilotu zuen igandean Bilboko Indautxu auzoan, bikotekideari kalean eraso egitea egotzita. Lekuko batek eman zion Udaltzaingoari gertatutakoaren berri, baina biktimak ez du salaketarik egin oraingoz. Orain artekoak laburbilduz: joan den aste bukaeran lau emakumeren kontrako erasoak identifikatu ziren Bizkaian; festa giroan gertatu ziren horietako bi, eta jaien testuingurutik kanpo gainontzeko biak.

Ez dira hamabost egun igaro, hilaren 9an, Bilboko Zorrotza auzoan, 19 urteko mutil batek 18 urteko neska-laguna sastakatu zuela. Uztailaren 4an, Muskizen, gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak, bikotekide ohia jotzea leporatuta, eta egun bat lehenago, berriz, 65 urteko gizon bat atzeman zuten Durangon, bikotekide ohiari eraso egitea egotzita.

Gordinak dira azken asteetako zenbakiak: emakumeen aurkako zazpi eraso zenbatu dira uztailak 21 dituenean.

Hedabideetako lerroburuetan gero eta gehiago azaltzen dira andreen kontrako erasoak. Gero eta salaketa gehiago dago, eta baikorra da horrek duen esangura, erakundeen esanetan: diotenez, lehen salatzen ez zen egoera asko salatzen da orain, eta horrek erakusten du gizarteak gero eta tolerantzia gutxiago duela eraso matxisten aurrean. Horren adierazle dira eraso matxistei erantzuteko tokian toki egiten diren mobilizazioak: gero eta herritar gehiago elkartzen da salaketa ekitaldietan.

Baina genero indarkeriari lotutako erasoen datuek are gordinago azaleratzen dute zer-nolako errealitatea duten andreek. Hori dela eta, mugimendu feministak prebentzio lanean egin beharreko aurrerapausoetan du jarria mira: gertatzen ez den erasoa baita, finean, genero indarkeriaren aurkako erantzunik onena.

Nolanahi ere, genero indarkeriarik ez dagoen egoera urrun dagoela erakusten dute datuek. Bizkaiko hiriburuan aurreko hilabeteak utzitakoari erreparatu besterik ez dago: Bilbon sei emakumeri eraso zieten ekainean.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak kaleratutako datuen arabera, 2016an Bizkaian jazotako erasoen %30,92 Bilbon gertatu ziren: hau da, indarkeria matxistaren 798 kasu aztertu ziren hiriburuan iaz, eta gainontzeko 1.783ak, Bizkaiko gainontzeko herrietan. Kezkagarriak dira azken hamar urteetan bildu diren zenbakiak. Jaurlaritzak egindako bilketaren arabera, 2005etik 2016ra bitarte 55.614 indarkeria kasu zenbatu zituen Ertzaintzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; hau da, 10.000 andretik hamalauk salatu dute indarkeria matxista, eta 10.000 emakumetik 11k jo zuten polizia etxera. Txosten beraren arabera, guztira, 40 andre hil dituzte 2002tik 2016ra bitartean.

Hilabeterik ilunenak

Sokak ez du etenik. Eta badirudi iazko joera mantenduko dela aurten ere. Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak bildutako datuen arabera, 1.093 salaketa jaso dituzte Bizkaian aurten, urtarriletik maiatzera bitarte; alegia, iaz baino 44 kasu gehiago. Hilabetez hilabete biltzen ditu datuak Emakundek, eta, iazko datuei erreparatuz gero, ekainean eta abuztuan jazo zen eraso gehien, udako oporren eta jaien testuinguruan.

Aurtengo uda ilunduta hasi du Bizkaiak. Izan ere, berri txarrekin hasi ziren udako solstizioaren ondorengo San Pedro jaiak Sopelan: ekainaren 29an herriko jaietan sexu erasoa egin ziotela salatu zuen emakume batek. Hurrengo egunean, 21 urteko gizon bat atxilotu zuten, baina berehala utzi zuten aske, epailearen aurretik igaro ostean. Gerora etorri dira Zornotza eta Santurtziko bi erasoak, Karmengo jaien testuinguruan. Eta, oraindik ere, egun asko azaltzen dira gorriz udako egutegian.

Iazko oporraldiak ere zenbaki gordinak utzi zituen Bizkaian. Datu ofizialen arabera, hogei bat indarkeria kasu izan ziren lurraldean festa eremuetan zein festa eremuetatik kanpo, eta, aurtengo ekainak eta uztailak utzitako azken datuak ikusita, ez dirudi kopuruak behera egingo duenik. Erasoen sokak ez du etenik.